Ventana Sur eta Marché du Film-Festival de Cannes-eko merkatuek eta Donostia Zinemaldiak antolatzen duten Proyecta ekimenaren zazpigarren edizioan, lehen edo bigarren filmetarako finantzaketa eta bazkide bila dabiltzan hamabi zinemagileren proiektuak aurkeztuko dira. Ventana Sur abenduaren 2tik 6ra egingo da Montevideon.
Jardueran, proiektuen ordezkariek proiektuon berri eman ahal izango diete ekoiztetxeei, nazioarteko salmenta-agentziei eta zinema-jaialdietako programazio-arduradunei, Europaren eta Latinoamerikaren arteko koprodukzioak sustatzeko.
Proyectan, aurrez aurreko pitching-saioak egingo dituzte proiektuen produktoreek eta, gainera, networkingeko beste ekimen profesional batzuk egingo dira.
Europako eta Latinoamerikako askotariko proiektuak aukeratu dira aurten. Aukeratutako proiektuetako bederatzi Argentina, Brasil, Kolonbia, Peru eta Uruguaitik datoz eta hiru Europakoak dira, baina lotura handia dute Latinoamerikarekin. Haietako bi espainiar ekoizpenak dira eta bat suitzarra: Malestar tropical / Tropical Malaise, Jorge Cadenarena, Donostia Zinemaldiaren azken Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuena. Gainera, bost proiektuk europar koprodukzioa dute jada; zehazki, Frantziarekin eta Espainiarekin.
Proyecta ekimena Ventana Sur merkatuaren parte da, hau da, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen merkatu nagusiarena. Ventana Sur Argentinako Zinemaren eta Arteen Institutu Nazionalak (INCAA), Uruguaiko Zinemaren eta Ikus-entzunezkoen Agentziak (ACAU) eta Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Film merkatuak antolatzen dute. Jarduerak Creative Europe MEDIAren babesa dauka. 2024ko edizioa abenduaren 2tik 6ra egingo da Montevideon. Ventana Surren 16. edizioa izango da, eta Río de la Platako egoitzan egingo den lehena.
Aukeratutako proiektuen ordezkariek sari ezberdinetarako hautagai izateko aukera izango dute. Proiektu batek hurrengo urteko Sørfond Pitching Forumen parte hartu ahal izango du, eta aukera izango du Norvegiako koproduktoreen aurrean aurkeztua izateko (Sørfonden baldintzak betetzen baditu, jakina) eta automatikoki Sørfonden laguntzetarako hautagai izateko, baldin eta proiektuak Norvegiako koprodukzioa lortzen badu. Berritasun gisa, jardueran aukeratzen diren proiektuen bi produktore 2025eko Donostia Zinemaldira gonbidatuko dituzte. Gainera, proiektuak sari berri baterako hautagai izan ahalko dira: Sideral Cinema saria. Etorkizuneko filmen nazioarteko eskubideak aurrez erostean datza, 10.000 euroko gutxienekoa bermatuta. Sari horiei eta beste networking-ekitaldi batzuei esker, are gehiago nazioartekotuko dira proiektuak, eta azkarrago garatuko dira.
Hona hemen 2024an Proyectan aukeratu diren hamabi proiektuak:
Industria Saila ondorengoen babesarekin