Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Center erakundeak (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatutako jarduera batean, zinema eta zientzia lotzen dituen film baten emanaldira joan ahalko dira 6-11 urteko milaka haur Belodromoan. Oraingo honetan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenak bizitza estralurtarra izango du ardatz, zinemarako hain klasikoa eta, aldi berean, zientzia modernorako gaur-gaurko gaia berau.
Belodromoko pantaila erraldoiak Alan giza antena (El incidente alienígena del pequeño Alan / Little Allan - The Human Antenna) filmaren emanaldia hartuko du. Amalie Næsby Fickek zuzendutako animaziozko film daniarrak neska estralurtar baten istorioa kontatzen digu: 11 urteko mutiko batekin eta objektu hegalari ezezagunetan espezialista den haren bizilagunarekin harreman bat eratuko du neskatoak. Filma euskarara bikoiztuta emango da eta, halaber, aurkezpen original bat izango du, hainbat ezustekoz betea. Saioetan zehar, belodromoa bat-bateko behatoki astronomiko inprobisatu bihurtuko da une batez, unibertsoaren eskergatasunarekin konektatzeko eta, ikuspegi zientifiko batetik, beste planeta batzuetan bizia existitzeko probabilitateari buruz geure buruari galdetzeko.
UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Naiara Barrado-Izagirre astronomoa izango da edizio berri honetako zientzialari gonbidatua. Barradok hainbat urtez geroztik egiten du lan Bilboko Ingeniaritza Eskolako Planeta Zientzien Taldean, Jupiterren dinamika atmosferikoa aztertzen. Horretarako, misio espazialen datuak erabiltzen ditu, hala nola Hubble Espazio Teleskopioa eta Cassini, Juno eta halako zundak, bai eta Lurrean kokatutako teleskopio ugarien behaketak ere. Irudi astronomikoak mundu osoan banatutako behatoki nola profesionaletan hala amateurretan biltzen dira, eta IOPW/PVOLek bere ikertalde propioaren medioz kudeatutako datu-basea elikatzen dute. Barrado-Izagirrek gidatu egingo gaitu emanaldiaren aurreko bidaia kosmiko honetan.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemarako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza dute. Donostia, zinema-hiria, zientzia-hiria goiburuarekin, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago izango dira Belodromoko sei saioetan, irailaren 20an (ostirala) eta 27an (astelehena).
Bestalde, Donostia Zinemaldiak familientzako sei filmez osatutako hautaketa bat aurkeztuko du 72. edizioan. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean, Príncipe zinema-aretoetan, Haurrentzako Zinema saileko emanaldiak izango dira: guztira, animaziozko sei film. Saileko film guztiak euskarara bikoiztuta ikusi ahalko dira, Zineuskadik Zinema Euskaraz programaren esparruan gauzatutako lankidetzari esker.
Diego Cagidek eta Diego Lucerok zuzendutako Robotia filma Argentinaren, Espainiaren eta Costa Ricaren arteko koprodukzioa da eta androideak bizi diren mundu batean dago girotuta: neskato batek futbolean aritzeko ametsa du, familiak kirol hori debekatu badio ere.
Txikitan amak abandonatutako neskato batek itsas bidaia bati ekin eta espero ez zituen gauzak deskubrituko ditu han Tian Xiaopengek zuzendutako Deep Sea. Sakontasunera bidaia bat (Deep Sea. Viaje a las profundidades / Deep Sea) filmean.
Patrick. Heroi txikiak. Balentria handiak (Patrick / Butterfly Tale) Sophie Royk zuzendutako koprodukzio germaniar-kanadarra da, eta hegal bakar bat izanik atoi batean ezkutatu eta bere bizitzako bidaia egingo duen tximeleta ausart baten istorioa ikusi ahalko dugu bertan.
Salvador Simók eta Li Jianpingek Málagako azken zinema-jaialdia inauguratu zuten Dragoi-jagolea (Guardiana de dragones / Dragonkeeper) ekoizpen espainiar-txinatarrarekin, eta Made in Spain sailean ere agertuko den filmak azken dragoi biziari ziegetatik ihes egiten lagunduko dion neskato baten pasadizoa kontatzen du.
Boo Kwai eta museoaren lapurreta (Bill Kwai y el asalto al museo / Crazy Kwai Boo: Sanxingdui Spirited Away) Yunfei Wangren filma da, bere asmakizunetako bati esker unibertso paralelo batera ustekabean iritsiko den haur bihurri baten abentura kontatzen diguna.
Eduardo Schuldt perutarrak zuzendutako Abentura erraldoia (Una aventura gigante / A Giant Adventure), filmak osatzen du Haurrentzako Zinema saila: hiru lagunek Nazca kulturan oinarritutako mundu ezezagun batera joateko ustekabeko bidaia egingo dute.
Ikastetxeak Belodromoan
Alanek 11 urte ditu, eta uda bakarti batean giza-antena lanak egiten amaitzen du, objektu hegalari ezezagunekin obsesionatuta dagoen bizilagunarentzat. Baina aurkitzen dutena Britney da, estralurtar neska bat. Eskolarako lan bat egiten ari da giza arraza primitiboari buruz. Alanek etxera itzultzen lagundu behar dio, baina bitartean giza espeziea ulertzen saiatzen da neska.
Haurrentzako zinema
Abentura erraldoiak Sebastián, Sophia eta Wawa txikiaren istorioa kontatzen du. Ustekabeko eta aparteko bidaia bati ekingo diote, Nazca kulturan oinarritutako mundu ezezagun batera eramango dituena.
Boo Kwai mutiko bihurria unibertso paralelo batera heldu da ustekabean bere asmakizunetako bati esker. Gizon misteriotsu batek mundu berri honetatik ihes egin eta hiriko museoan dagoen Antzinako Shuko Urrezko Makila preziatua lapurtu du. Book eta bere lagunak abentura eroa bizi izango dute erlikia berreskuratzeko. Lortuko dute Urrezko Makila aurkitzeko trabak gainditzea etxera bueltatu ahal izateko?
Shenxiu, txikitan amak bakarrik utzi zuen neskatoa, itsas bidaian joaten da familiarekin oporretan. Gau batean, itsasotik etorritako dei bati jarraituz, itsaspeko zahar batean dagoen jatetxe dotore batean amaitzen du. Neskatoak ez du susmatzen horrek guztiak amarekin zerikusirik duenik.
Garai ilunak Txina inperialean. Antzina gizakien aliatuak baziren ere, dragoiak ziegetan giltzapetzen dituzte aspalditik. Gotorleku batean, neskato batek azken dragoiari ihes egiten lagunduko dio.
Patrick izeneko hegal bakarreko tximeleta ausart eta maitagarri bat atoi batean ezkutatzen da bere bizitzako bidaia egiteko. Bere lagunik onenarekin, Marty izeneko beldarrarekin, eta Jenniferrekin, altuerari beldur dion tximeletarekin, ustekabeko heroi bihurtuko da. Baina, horretarako, bere beldur handienari aurre egin eta bere berezitasuna onartu beharko du zoritxarraren gainetik garaile ateratzeko, klima-ereduen aldaketen, gizakien eta mendeku bila dabiltzan hiru txori gaiztoen aurka borrokatzen den bitartean.
Bizi diren, amets egiten duten eta hazi egiten diren androidez osatutako mundu batean, bi robot fabrika berean eraiki dituzte, material berberekin eta aldi berean. Baina urteak igaroko dira topo egin baino lehen. Alexek fabrikazio-akatsa duela dirudi, eta gurasoek kanpoaldeko herri txiki batera eramango dute. Bibi, berriz, gurasoek eta irakasleek kontrolatutako ingurune kontserbadore eta exijente batean hazi da. Biek maite dute futbola. Alexek uste du ezingo duela jokatu, eta Bibiri ez diote uzten. Albaina, robot talde zoragarri batekin batera, futbol-kantxa batean elkartuko dira, eta haur-txapelketa batean izena emateko aukera sortzen denean, Alexek eta bere adiskideek edozer egingo dute Bibik txapelketa horretan parte har dezan, eta bere ametsa lortzeko zertarako gai den erakutsiko die guztiei.