Donostia Zinemaldiak Argentinari eskainiko dio aurten Focus on ekimena. Focus on egitasmoaren bidez, herrialde, eskualde edo lurralde bateko profesionalez osatutako talde bat Zinemaldira etorri ohi da euren harreman profesionalen sarea zabaltzeko eta Industriako jardueretan parte hartzeko. Argentinako zinemak bizi duen salbuespenezko egoera dela-eta (Argentinako Gobernuak proiektuak eten ditu eta laguntzak emateari utzi dio), ekimenaren edizio berezi bat izango da, Focus on+ bat. Bertan, Argentinako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren parte-hartzearekin, zinemagileak eta kazetariak gonbidatuko dira.
Delegazioarekin batera, Zinemaldiak zinema argentinarrari laguntzeko jardunaldi bat abiaraziko du hilaren 24an, Diego Lermanen El hombre que amaba los platos voladores filma Sail Ofizialean estreinatzearekin batera. Zuzendaritza-koktelean harrera egingo zaio Argentinako delegazioari, kontzentrazio bat egingo da Kursaal Auditoriumeko eskaileretan eta ondoren Traslados filma emango da Principe zinema-aretoetan. Nicolás Gil Lavedrak zuzendutako ez-fikzioa bihar estreinatuko da Argentinan, eta Donostian izango du, bestalde, nazioarteko estreinaldia; “heriotzaren hegaldi” deritzenak aztertzen ditu egileak bere obran, "Argentinako azken diktadura zibiko militarrak pertsonak hiltzeko eta desagerrarazteko baliatu zuen metodologiarik krudel eta eraginkorrena". Emanaldiarekin batera filmaren aurkezpena eta solasaldia egingo dira, zuzendaria bera eta Zoe Hochbaum ekoizela bertan izango direlarik.
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioak Argentinan osorik edo partzialki ekoitzitako 16 film biltzen ditu Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera eta Haur Zinema sailetan, aipatutako Traslados filmaz gain. Zinemaldiaren Industria sailean, orobat, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako sei proiektu argentinar daude, WIP Latamen bi work in progress eta, azkenik, ekoiztetxe argentinar baten partizipazioa duen proiektu bat Ikusmira Berriak ekimenean.
Atxilotu ohien, horien senideen eta espezialisten testigantzekin, artxibo zabal batekin, animazioekin eta berritze hunkigarriekin, Trasladosek lekukoen kezkak, zientzia eta kasualitateak ebazten dituzte, azken Argentinako Diktadura Zibiko Militarrak (1976-1983) pertsonak hiltzeko eta desagerrarazteko gauzatutako metodologiarik krudelena eta eraginkorrena existitu zela frogatzen dutenak: Heriotzaren Hegaldiak.