Maite Alberdi, Edward Berger, Gia Coppola, Costa-Gavras, Kiyoshi Kurosawa, Mike Leigh, Diego Lerman, Joshua Oppenheimer eta François Ozonen film luze berriak Urrezko Maskorra beretzeko lehian ariko dira, Laura Carreira eta Xin Huoren lehen lanekin batera, horiek ere Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko (irailaren 20tik 28ra) Sail Ofizialean barne hartuta egonik.
Maite Alberdik (Santiago, 1983) lehendabizikoz hartuko du parte Urrezko Maskorra lortzeko lehian fikziozko bere lehen film luzearekin; zehazki, El lugar de la otra Alia Trabucco Zeránen Las homicidas entseguan jasotako kasuetako baten egokitzapena da. María Carolina Geel idazleak 1955ean bere maitalea tiroz hil zueneko benetako istorioa kontatzen digu Alberdik. Zinemagile txiletarra epaimahai ofizialeko kide izan zen 2021ean, eta Perlak Sailean ez-fikziozko hainbat lan erakutsi izan ditu, hala nola El agente topo / The Mole Agent (2020) –Zinemaldiko Koprodukzio Foroan hautatua, geroago Sundance Zinema-jaialdian estreinatua, Europako Film Onenaren Publikoaren Sariaren irabazlea eta Oscar sarietarako izendatua–, eta La memoria infinita / The Eternal Memory (2023) –dokumentalen nazioarteko lehiaketan Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuena Sundancen, Oscar sarietarako izendapena jasotzeaz gainera–.
Eskoziako biltegi handi bateko langile portugaldar baten bizitza prekarioa deskribatzen digu Laura Carreirak (Porto, 1994) On Falling bere lehen film luzean. Zinemagile portugaldarrak –Edinburgon bizi denak– zuzendutako lanen artean, honako film labur hauek dira nabarmentzekoak: Red Hill (2018), Edinburgoko zinema-jaialdiko New Visions Sariaren irabazlea eta Eskoziako BAFTA Sarietan izendatua; eta The Shift (2020), Veneziako zinema-jaialdian estreinatua eta Europako Zinema Sarietarako eta Londresko Zinema Kritikarien Elkargoko Sarietarako izendatua.
Pamela Anderson, Jamie Lee Curtis eta Dave Bautista dira The Last Showgirl Gia Coppolaren (Los Angeles, 1987) lan berriko aktore nagusiak; Palo Alto (2013) eta Mainstream (2020) dira zinemagilearen beste bi lan, Veneziako Mostran emanak biak. Coppolaren filmaren protagonista nagusia showgirl beterano bat da, 30 urte ikuskizun batean lanean eman ondoren ikuskizun hori bukatu eta bidegurutzean kokatuko dena.
Donostia Sariarekin omendua 2019an (urte horretan proiektatu zen, hain justu, Adults in the Room), Costa-Gavras errealizadore frantziar-greziarra (Loutra-Iraias, 1933) Sail Ofizialera itzuliko da; Sail Ofizialean aurkeztu zuen, halaber, Le capital (2012). Le dernier souffle / Last Breath da zuzendariaren lan berria, eta zainketa aringarrietako mediku baten eta idazle baten bizitzei buruzko gogoetak biltzen dira bertan; Denis Podalydès, Kad Merad, Marilyne Canto, Ángela Molina, Charlotte Rampling, Hiam Abbass, Karin Viard eta Agathe Bonitzerdira protagonista nagusiak. Egilearen obra zabal eta konprometituan Z (1969) –ingelesez besteko film onenaren eta Muntaketa onenaren Oscar sariak eta Cannesko Epaimahaiaren Sari Berezia–, Missing (1981) –gidoi egokitu onenaren Oscar saria eta Cannesko Urrezko Palma– eta Music Box (1989) –Berlinaleko Urrezko Hartza– dira nabarmentzekoak.
Edward Berger (Wolfsburg, 1970) Conclave filmarekin lehiatuko da Sail Ofizialean aurten; alemaniarraren aurreko filma, Im Westen nichts Neues (2022), hainbat Oscar sariren irabazle izan zen (nazioarteko film onenaren Oscar saria, besteak beste). Film berrian, Ralph Fiennesek kardinal baten rola antzezten du. Aita Santua bat-batean hil ondoren, haren oinordekoa hautatzeko konklabea gainbegiratu beharko du protagonistak. Stanley Tucci, John Lithgow eta Isabella Rossellini ere zuzendu dituen zinemagile alemaniarrak Jack (2014) eta All My Loving (2019) aurkeztu ditu Berlinaleko lehia ofizialean eta Panorama atalean, hurrenez hurren.
Shower (1999), Kung Fu Hustle (2004), Curiosity Kills The Cat (2006) eta The Monkey King (2014) filmetan gidoigile izan ondoren, Xin Huo txinatarrak (Beijing, 1980) Bound in Heaven pelikularekin egin du debuta zuzendari gisa. Gaixotasun terminala duen gizon baten eta indarkeriak harrapatutako neska baten gorabeherak kontatzen dizkigu oraingoan zinemagileak; erlojupeko ihesaldia hasiko dute bi protagonistok hainbat hiritan zehar.
Hebi no michi / Serpent's Path filma ere emango da lehiaketan, Kiyoshi Kurosawak (Kobe, 1955) zuzendua, alabaren heriotza basatia mendekatzeko plan bat antolatzen duen gizon bati buruzkoa. Frantsesez filmatua, Ko Shibasaki, Damien Bonnard eta Mathieu Amalric ditu protagonista filmak. Kurosawak berak 1998an zuzendutako izen bereko filmaren –hamar urte geroago Donostiako Zinemaldiko Japonia beltzean atzerabegirako tematikoan programatutakoaren– bertsio berria da. Honako lan hauek dira egile japoniar emankorraren ibilbideko lan esanguratsuenak: Akarui mirai / Bright Future (2003), 2015ean Japoniako zinema independente berria zikloan sartua; Tokyo Sonata (Zabaltegi-Perlak, 2008), Cannesen Un Certain Regard Epaimahaiaren Saria jaso zuena; Shokuzai / Penance minitelesaila (Zabaltegi-Bereziak, 2012); eta Wife of a Spy (Perlak, 2020), Veneziako Mostran zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia irabazi zuena.
Halaber, Mike Leigh britainiarra (Salford, 1943) ere Sail Ofizialean izango da lehendabizikoz, film hauek zuzendu ondoren: Secrets and Lies (1996; Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea eta Perlak Sailean aurkeztua); Naked (1993, zuzendari onenaren saria eskuratu zuena Cannesen); All or Nothing (2002), Vera Drake (2004, Veneziako Urrezko Lehoiaren irabazlea), eta Happy-Go-Lucky (2008). Hard Truths ekoizpen ingeles-espainiarraren protagonistak Marianne Jean-Baptiste eta Michele Austin dira; Leighek Londresko familia baten eguneroko bizitza deskribatzen digu bere lan berrian, bai eta familia-harremanak, dolua eta osasun mentala ere, besteak beste.
Diego Lerman (Buenos Aires, 1976) hirugarrenez lehiatuko da Zinemaldian El hombre que amaba los platos voladores obrarekin; Argentinako telebistan estralurtar-presentziaren ikus-entzunezko sorkuntzarik gogoangarriena kontatzen digu zuzendariak bere lan berrian. Leonardo Sbaraglia, Sergio Prina, Osmar Núñez eta Renata Lerman nabarmentzen dira aktore-zerrendan. Renata Lermanek taldeko antzezpen onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen El suplente / The Substitute (2022) filmarekin eta Diego Lermanek Sail Ofizialean aurkeztutako beste film luzeak (Una especie de familia / A Sort of Family, 2017) Gidoi onenaren Epaimahaiaren saria eskuratu zuen. Egilearen aurreko lanak –hala nola La mirada invisible / The Invisible Eye (2010) eta Refugiado (2014)– Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatu izan dira, Horizontes Latinos sailean programatu aurretik.
Sail Ofizialak The End ere hartuko du, Joshua Oppenheimerrek (Austin, Texas, 1974) zuzendutako lehen fikziozko pelikula, hain zuzen ere. Tilda Swinton, Michael Shannon, George MacKay, Bronagh Gallagher eta Tim McInnerny nabarmentzen dira, antzezle-zerrendan, mundua amaitu eta bi hamarkada geroago bunker batean bizirik dirauen familia aberats bati buruzko musikal distopiko honetan. Oppenheimerren aurreko lanei dagokienez, hauek gailentzen dira: Indonesiako genozidioari buruzko The Act of Killing (2012), Berlinaleko Panorama sailean estreinatu eta dokumental onenaren Bafta saria irabazi zuena; eta The Look of Silence (2014), Veneziako Mostran Epaimahaiaren Sari Nagusia eta FIPRESCI Saria eskuratu zituena. Bi filmak dokumental onenaren Oscar sarirako hautagai izan ziren; halaber, Zinemaldiak, hain justu ere, The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala deitutako atzerabegirako tematikoan bildu ziren.
François Ozonen (París, 1967) Quand vient l'automne / When Fall Is Coming filmeko protagonistak Hélène Vincent, Josiane Balasko, Ludivine Sagnier eta Pierre Lottin dira, eta emakume erretiratu baten istorioa kontatzen digu frantziarrak bertan (gizon bat –lagun baten semea, espetxetik atera berria– ezagutu eta bizitza aldatu egingo zaio protagonistari). Film berriarekin seigarren aldiz parte hartuko du errealizadore frantziarrak Zinemaldiko Sail Ofizialean. Izan ere, Urrezko Maskorra irabazi zuen Dans la maison / In The House (2012) filmarekin eta gidoi onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia, berriz, Le refuge (2009) pelikularekin, Sous le sable / Under the Sand (2000), Une nouvelle amie / The New Girlfriend (2014) eta Été 85 / Summer of 85 (2020) aurkezteaz gainera. Gainera, Ozonen zenbait filmek Perlak sailean parte hartu izan dute, hala nola hauek: 8 femmes (2002), Jeune et jolie (2013), Frantz (2016) eta Peter von Kant (2022).
Audrey Diwanen Emmanuelle filmak ere parte hartuko du Sail Ofizialean (zehazki, lehiaketa inauguratuko du), bai eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko diren ekoizpen espainiar hauek ere (duela gutxi iragarri dira): Soy Nevenka / I am Nevenka, Iciar Bollainena; El llanto / The Wailing, Pedro Martín-Calerorena; Los destellos / Glimmers, Pilar Palomerorena, eta Tardes de soledad, Albert Serrarena.
Pelikula honek gaixotasun terminala duen gizon baten eta indarkeriak harrapatutako emakume baten istorio hunkigarria kontatzen digu: ustekabeko gertakari baten ondoren ihes egingo dute. Heriotzaren hondamenetatik bizirik ateratzen den maitasun-istorio bat, itzalen arteko bizi-distira iheskorra.
Conclave filmak oso gertutik jarraitzen dio munduko erritual sekretu eta zaharrenetako bati: Aita Santuaren hautaketari, hain zuzen. Aita Santuaren ustekabeko heriotzaren ondoren, Lawrence kardinala izendatu dute konklabea zuzentzeko. Eliza Katolikoko buruzagi boteretsuenak Vatikanoko aretoetan elkartzen direnean, Lawrence konspirazio korapilatsu batean harrapatuta geratu eta Elizaren oinarriak astindu ditzakeen sekretu bat deskubrituko du.
José de Zer kazetaria eta haren kamerari El Chango La Candelariara (Córdoba) abiatuko dira, bi pertsonaia susmagarriren proposamen arraro bat jaso ondoren. Herrira iristean ez dago han aztertzea merezi duen askorik: muinoen erdian erretako larre bat baino ez. Ondoren, talentu ezkutua zuen jeinu mitomano baten egizkizuna etorri zen: estralurtar-presentziaren ikus-entzunezko sorkuntzarik gogoangarriena Argentinako telebistan.
Txile, 1955. María Carolina Geel idazle ospetsuak bere maitalea hil du; Mercedes –akusatua defendatzeko ardura duen epailearen idazkari lotsatia– liluratuta dago kasuarekin. Idazlearen apartamentuan izan ondoren, Mercedes bere bizitza, identitatea eta emakumeak gizartean duen rola zalantzan jartzen hasiko da, etxe hori askatasun-oasia dela ikusirik.
Pansyren bizitzak etengabe borrokatzea esan nahi du. Min fisiko eta mentala izanik, haserrearen eta konfrontazioaren bidez erlazionatzen da munduarekin; etengabe liskartzen da denekin: familia, dentista, medikua, supermerkatuko kutxazaina... Bere senar Curtleyk denbora luzea darama emaztea ezin trataturik, eta semea, Moses, bere munduan murgilduta bizi da, ia hitzik esan gabe, hirian noraezean ibiltzea izanik egun osoan egiten duen gauza bakarra. Bere ahizpa maitekor Chantelle da ulertzen duen eta lagundu diezaioken bakarra.
Parisko aldirietan, Albertek –freelance erreportari batek– zin egiten du mendeku hartuko duela alaba txikiaren hilketa bortitzagatik, eta Sayoko doktore japoniarrak lagundu egingo dio mendekatzeko irrika horretan. Sayokoren laguntza trebeari esker, Alberten alabaren heriotzak ezkutatzen duen egiara hurbilduko dira biak: sekta misteriotsu bat eta pertsona-trafikatzaileak kasuan inplikatuta daudela jakingo dute. Azkenean, dena argitzear dagoenean, Sayokoren benetako asmoak agerian geratuko dira...
Halako elkarrizketa filosofiko batean, Augustin Masset doktorea eta Fabrice Toussaint idazle itzaltsua bizitzaz eta heriotzaz ari dira... Topaketa-zurrunbilo honetan, medikua gidaria da, eta idazlea, berriz, haren bidaiaria, bere beldur eta larritasunei aurre egin beste erremediorik izango ez duena. Dantza poetiko batean, paziente bakoitza emozioen, barreen eta malkoen sintesi hutsa da. Bidaia bat gure bizitzaren bihotz taupakarira.
On Fallingeko protagonista Aurora da, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldar bat. Lantokiko hormen eta pisu partekatuko bakardadearen artean harrapatuta, Aurora isolamenduari, alienazioari eta elkarrizketa hutsalei aurre egiten saiatzen da, baina bere buruaz duen kontzientzia arriskuan egoten hasiko da. Algoritmoetan oinarritutako eta isolatuta mantentzeko diseinatutako ekonomiak zuzendutako ingurune batean, On Fallingek zentzua aurkitzeko eta konektatzeko borroka isil eta bizia arakatzen du.
Michelle sasoi betean dagoen emakumea da, erretiro lasaia bizi duena Borgoinako herrixka batean; Marie-Claude –bere lagunik onena– ere hor bizi da. Santu Guztien Egunean, Valérie –bere alaba– etorriko zaio ikustera, Lucas biloba eskola-oporretako aste osoan uzteko asmoz. Baina ezer ez da espero bezala gertatuko.
The End Broadwayren Urrezko Aroaren estiloko musikala da, Lurrean bizirik dirauen azken familietako bati buruzkoa. Halako batean, arrotz bat (Neska) iritsiko da Amak eta Aitak lurpean sakon-sakonean duten luxuzko familia-bizitokira, eta familiak duen bizimodua arriskuan egonik, Semea zalantzan jartzen hasiko da bizimodu hori uste bezain perfektua ote den.
30 urte lanean eman ondoren, dantzari esperientziadun baten ikuskizuna bat-batean amaitu eta bere etorkizuna planifikatu beharko du emakumeak. Berrogeita hamar urteko dantzari gisa, jarraian zer egin behar duen erabaki beharko du. Ama gisa, berriz, alabarekin duen harreman korapilatsua konpontzen ahaleginduko da, askotan alaba bigarren mailan egon baita emakumearen bizitzan.