Audrey Diwanek zuzendu duen Emmanuelle ekoizpen frantziarrak inauguratuko du Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko lehiaketa. Film luzea irailaren 20an emango dute mundu mailako estreinaldi gisa, eta han izango dira zuzendaria eta aktore nagusiak.
L'événement / Happening filmarekin (2021) Veneziako zinema-jaialdiko Urrezko Lehoia eskuratu zuen Diwanek Rebecca Zlotowski zinemagilearekin batera idatzi du film berriaren gidoia. Istorioak galdutako plazer baten bila ari den emakume bati jarraituko dio. Hong Kongerako negozio-bidaia batean, askotariko pertsonekin topatuko da, artean, Keirekin, behin eta berriz saihestuko duen gizonarekin.
Emmanuelle Arsan idazleak sortutako pertsonaian eta munduan inspiratzen da. Me Too mugimenduaren osteko aroan, Audrey Diwanek plazeraren esplorazio gisa sortu duen Emmanuelle 2023ko udazkenean filmatu zuen Hong Kongen eta Parisen.
Noémie Merlant aktore eta zuzendariak (Portrait de la jeune fille en feu / Portrait of a Lady on Fire, Un año, una noche, L’innocent / The Innocent, Tár, Mi iubita, mon amour…) pertsonaia nagusia interpretatuko du Naomi Wattsekin (Mulholland Drive, 21 Grams, The Impossible / Lo imposible…), Will Sharpe-rekin (The White Lotus), Jamie Campbell Bower-ekin (Stranger Things), Chacha Huang-ekin eta Anthony Wong-ekin batera.
Audrey Diwanen debuta izan zen Mais vous êtes fous / Losing It (2019) filmeko protagonistak Pio Marmaï eta Cécile Sallette izan ziren. Bere bigarren lana, L'événement / Happening, Annie Ernauxek eleberriaren egokitzapena da, hain zuzen, 60ko hamarkadan legearen kontra abortatu zuenekoa kontatzen duenarena. Frantziako talentu berriak hautatu zituen aktore-talderako (Anamaria Vartolomei, Kacey Mottet-Klein eta Luàna Bajrami), eta Veneziako Urrezko Lehoia, César sarietarako lau izendapen eta BAFTA sarietarako izendapen bat lortu zituen, besteak beste. Diwan, halaber, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialeko epaimahaiburu izan zen 2021ean.
Emmanuelle Chantelouve, Rectangle Productions eta Goodfellas etxeen ekoizpena da. Beta Fiction Spain arduratuko da filma Espainiako lurraldean zabaltzeaz. Donostiako Zinemaldiko urkezpenaren ostean, Frantzian estreinatuko dute irailaren 25ean.
BIOFILMOGRAFIA
Audrey Diwan zuzendari, egile eta gidoilariak Celine Sallette eta Pio Marmaï protagonista dituen Mais vous êtes fous / Losing It lanarekin egin zuen debuta film luzeen zuzendari gisa. L’événement / Happening bere bigarren pelikulak 2021eko Veneziako zinema-jaialdiko Urrezko Lehoia eskuratu zuen. Urte berean, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialeko epaimahaiburu izan zen. 2023an gidoi onenaren César saria eskuratu zuen Valeri Donozellirekin batera, L'amour et les forêts / Just the Two of Us filmari esker. Bere hirugarren film luzea, Emmanuelle, Donostia Zinemaldian estreinatuko da mundu mailan, eta, gainera, lehiaketaren inaugurazio-filma izango da.
Emmanuelle galdutako plazer baten bila dabil. Hong Kongera joango da bakarrik negozio-bidaia batean, eta hiri sentsual global horretan jende ugarirekin elkartuko da. Kei ezagutuko du, baina gizonak behin eta berriz saihestuko du Emmanuelle.