"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak, HAZI Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren enpresa publikoaren bidez, Eusko Label mikrofilm laburren lehiaketaren bigarren edizioa deitu dute. Ekimenaren helburua da Euskadiko gertuko produktua zinemaren bitartez zabaltzea, bai eta gure nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-munduko jasangarritasunarekin lotutako guztia bultzatzea eta ezagutaraztea ere.
Berritasun gisa, aurten Eusko Label sailak lehiazko film laburrak ez ezik –6.000 eta 4.000 euroko sari bana izango dira–, Zinemaldiak euskal esparruko ospe handiko zinemagileei agindu dizkien bost film labur ere bilduko ditu lehiaketaz kanpo.
Lehiaketa
Film laburren izen-ematea egiteko, Zinemaldiaren webgunera jo beharko da gaurtik hasita ekainaren 17ra arte. Lanek gehienez hiru minutu iraungo dute, eta telefono mugikorraz eginda egongo dira. Filmen gaia Eusko Label sailaren xedeekin lotuta egon beharko da; izan ere, Euskadiko landa-inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak hiri-gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko mezu positiboak zabaltzeko asmoa du.
Zinemaldiaren Hautespen Batzordeak dozena erdi film labur aukeratuko ditu aurkeztutako guztien artean, eta adituz osatutako epaimahai batek erabakiko ditu Eusko Label bi sarien irabazleak. Lehenak 6.000 euro eskuratuko ditu eta bigarrenak, 4.000 euro. Bi film garaileak Zinemaldian emango dira, eta sariak amaierako galan banatuko zaizkie.
Lehiaketaz kanpo
Lehiazko sei lanez gain, Eusko Label sailak aurten Donostia Zinemaldiak ekoitzitako bost film labur izango ditu, HAZIren balioak sustatzeko euskal esparruko bost zinemagileri aginduko dizkienak. Zinemaldia film labur horien eskubideen jabe izango da, eta Estatuan eta nazioartean zabalduko ditu, Eusko Label ekimena Euskaditik kanpo ere jakinarazteko.
Donostia Zinemaldiak Euskadiko lehen sektorearekin eta jasangarritasunarekin daukan konpromisoaren parte da Eusko Label. Horren bidez, karbono-aztarna txikitzeko askotariko neurriak hartu dira, baita ingurumenaz dibulgatzeko eta kontzientziatzeko ere, esaterako, Agenda 2030 Euskadi Basque Country Saria ekimenekin batera.