Tabakalerak urtarrilaren 11an hasiko den 2024 urteko zinema denboraldi berria aurkeztu du, programatzen duten erakundeek Tabakalerako pantaila partekatuan egindako proposamen programatikoaren eskutik: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera.
2024ko helburu nagusietako bat Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zinema-aretora publiko berriak erakartzea lortuko duen programazioa diseinatzea izan da. Horretarako, programazio-proposamen espezifikoak programatu dira, eta UPV/EHUren eta EQZEren laguntza izan dute Tabakalerako pantaila partekatzen duten erakundeek, besteak beste.
Urtarrilaren 25etik aurrera, osteguna, eta ekainera arte, UPV/EHUko ikasle talde batek hilean behin programatuko du Tabakalerako zinema aretoa. Zikloaren haria filmen soinu-bandak dira, eta aukeratu duten lehena Ridley Scotten Blade Runner (1982) da. Partekatutako pantaila UPV/EHUko ikasleen gustuko proposamenetara irekitzearen helburua zinema-aretorako publiko berriak sortzea da.
Era berean, EQZEko 2023-2024 ikasturteko komisariotza espezialitateko ikasleen taldea modu kolektiboan ari da lanean apirilaren 8an hasiko den astean kontzentratuko den zinemako programa publiko bat definitzeko. Tabakalerarekin batera antolatutako programa hau zinemagintzaren eta zine programazioaren inguruko hausnarketa eta eztabaida lan baten emaitza izango da.
Tabakalerako zinema-pantaila egonaldi programen eta erakundeek sustatutako deialdien bidez zentrora iristen diren ikus-entzunezko sortzaile gazteen talentua sustatzeko eta bertaratzen den publikoa harremanetan jartzeko tresna bat ere izango da. Ekimen horiek guztiek sorkuntza laguntzen duen sistema bat egituratzea lortu du NEST, Noka eta Ikusmira Berriak bezalako programen bidez.
Datorren urtarrilaren 17an hasiko da Tabakaleran Nosferatu ziklo berria, USA western garaikidea 1962-2021, Sam Peckinpah zuzendari duen Duelo en la Alta Sierra (Ride the High Country, 1962) filmaren proiekzioarekin. Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatua da, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valencianaren lankidetzarekin, eta 2024ko urtarrila eta abendua bitartean garatuko da.
Zikloak western krepuskularren sei hamarkada hartzen ditu, eragin europarra daukaten dirty westernak; “indarkeriaren belaunaldia” deitu izan dena osatzen duten zinemagileengana hurbilketa (Richard Brooks, Don Siegel) edo “Hollywood berria” (Robert Altman, Michael Cimino); 80ko hamarkadan generoa biziberritzeko egindako saialdiak –Silverado (Lawrence Kasdan, 1985)– eta 90ekoan –Bailando con lobos (Dances with Wolves; Kevin Costner, 1990)–; Sin perdón (Unforgiven; Clint Eastwood, 1992) filmak publikoaren eta kritikaren artean izandako izugarrizko arrakastak ekarri zuen bultzada… garai hauetara hurbilduta Kelly Reichardt –First Cow (2019)– edo Jane Campion –El poder del perro (The Power of the Dog, 2021)– zuzendarien lanetaraino.
Urtearen lehen hiruhilekoan programatutako filmak besteak beste zinemagile hauenak dira: John Ford, Henry Hathaway, Richard Mulligan, John Sturges, Richard Brooks, eta Sam Peckinpah bitan –Duelo en la Alta Sierra eta Grupo salvaje–.
Zikloarekin batera bi liburu editatuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Western USA 1962-1992, Nosferatu Bildumako 20. zk., Carlos Aguilarek eta Pablo Fernándezek koordinatu dute, eta urtearen hasieran kaleratuko da. Bigarrena, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu Bildumako 12. zk., 2024ko amaieran editatuko da.
Euskadiko Filmategiak DIPC (Donostia International Physics Center) eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Zinema eta zientzia zikloaren zazpigarren edizioarekin hasiko du urtea. Edizio hau Oppenheimerren proiekzioarekin hasiko da (Christopher Nolan, 2023). Hitzordua urtarrilaren 11n (osteguna) izango da eta Robert Oppenheimer ondo ezagutzen duen Pedro Miguel Etxenike fisikariak eta DIPCko presidenteak aurkeztuko du saioa. Hitzaldia 18: 00etan hasiko da eta proiekzioa 19: 00etan.
Hizkuntza zinematografikoaren unibertsaltasuna baliatzen du Zinema eta zientzia zikloak pentsamendu zientifikoaren sakontasuna agerian uzteko. Gainera, kultura zinematografikoaren eta zientifikoaren transmisioa ere sustatzen du. Zikloa osatuko duten hamar filmak urtarrilean iragarriko dira.
Udaberrian Klasikoak zikloa izango da ikusgai, maisulanak berreskuratuko dituen proposamena eta uztailean, Jazzinemaren zazpigarren edizioa. 2024 amaitzeko, Euskal Emakume Zinegileak IV izeneko zikloa egingo da.
Tabakaleraren ezaugarrietako bat hasiera-hasieratik, sormen-diziplinen arteko gurutzaketa bultzatzea izan da. Duela zenbait urte helburu horri lotutako lehen zikloa jarri zen abian zineman: Jatorrizko Soinu-banda, musika eta zinema dira protagonistak bertan. Urtarriletik aurrera gurutzaketa berri bati ekingo zaio: zinema eta literatura. Marguerite Duras idazle eta zinemagilea izango da zikloaren ardatza. Hilean behin, Marguerite Durasekin lotutako zine saio bat izango dugu eta hainbat idazle gonbidatuko ditugu saio bakoitza aurkeztera. Miren Agur Meabe izango da zikloaren lehen gonbidatua, 2024ko urtarrilaren 12an Le camion (1977) filmaren inguruan jardungo da.
Pantaila partekatuaren beste ezaugarri nagusietakoa izan da bere sorrerarik nazioarteko zinemaldien zirkuitutik datorren zinema garaikideari lekua ematea. Horren adibide izango da urtarrilaren 13tik otsailaen 24ra Bas Devos zuzendari eta gidoilari belgikarraren filmografia osoa ikusteko aukera eskainiko duen zikloa. Violet eta Hellhole, berelehen bi film luzeak Berlinalen estreinatu zituen. Hirugarrena, Ghost Tropic, 2019ko Cannesko Zinemaldiko Errealizadoreen Hamabostaldiaren amaierako filma izan zen. Bere azken film luzeak, Here, Berlinaleko Encounters saila irabazi zuen eta Donostia Zinemaldiren azken edizioko Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatu zen.
Gainera, Tabakalerak zinemagileen eta ikusleen arteko hurbilketa sustatzen jarraituko du Kontatutako zinea bezalako proiektuekin. Zinegileek filmen sortze prozesuari buruz zine aretoan hitz egiteko topagune bat proposatzen duen zikloaren barruan Fermin Muguruza izango da gonbidatua datorren igandean, abenduaren 17an, Bidasoa 2018-2023proiekzioarekin eta 2024an zehar Jaione Camborda, Isabel Herguera, Ion de Sosa, Celia Rico eta Alberto Martín Menacho etorriko dira.
Kameleoiak Gara! eta Zinema garaikidea zikloek jarraipena izango dute datorren urtean.
Laugarren urtez jarraian, Donostia Zinemaldiak Zinemaldia + Plus programatuko du Tabakalerako partekatutako pantailan, Z365, urte osoko Zinemaldiaren programari eta edukiei lotutako urteroko zikloa. Otsailaren 10ean, European Climate Foundationekin elkarlanean antolatutako jasangarritasun-proiektuarekin lotutako saio bat egingo da, klima-aldaketarekin lotutako narratiba alternatiboei buruz hausnartzeko. Apirilaren 6ko saioa film laburrari lotuta egongo da; ekainaren 15ean, berriz, Artxiboari eskainiko zaio, eta, bereziki, José Ángel Herrero-Velarde beken lehen edizioaren ondotik sortutako ikerketa batzuen aurkezpenari. Azkenik, irailean, edizioko Donostia Sarien filmografiari lotutako ohiko proiekzioak egingo dira.
Tabakalerako zine-bonoak erabiltzaileei aukera emango die 2024an zehar pantaila partekatuko erakunde bazkideek programatutako 40 film 120 euroren truke ikusteko: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine-Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera. 2024ko Donostia Zinemaldian programatutako filmetarako ezin izango da erabili.
Aurten ere, bonuaren erosketarekin batera Nosferatu Bildumako bi argitalpenetatik bat eskuratzeko aukera izango da: Polar Frantziarra edo Western USA 1962-1992.
Bonua 2023ko abenduaren 15ean eguerdiko 12:00etan ipiniko da salgai eta 2024ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte eskuratu ahal izango da, bai Tabakaleraren webgunean, bai zentroko Informazio Gunean. Halaber, egun eta ordu horretan bertan irekiko da urtarrileko proiekzioei dagozkien sarrera arrunten salmenta.
Bonua 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte (biak barne) kontsumitu ahal izango da datorren urteko programazioko sarrerak erosteko, eta bonoari lotutako kudeaketa-operazio guztiak Tabakaleraren webgunean zein zentroko Informazio Gunean egin ahal izango dira: bonua erosi, beste pertsona bati opari gisa bidali, pelikuletarako sarrerak erosi bonoaren deskontuarekin edo eskuragarri dagoen saldoa kontsultatu.
2024ko zinema-bonoarekin eta urtarrilerako aurreikusitako proiekzioekin lotutako informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsultatu ahal izango da.