Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak, Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin, zineaz eta zinetik hitz egiteko urteko programazio bateratua aurkeztu dute. 2023ko azarotik 2024ko ekainera bitartean, bertako eta estatuko hogei zinemagilek baino gehiagok beren sorkuntzak eta beren zinema-proposamenak egiteko garatu dituzten lan-prozesuak hurbilduko dizkiete publiko zabalari.
Jaione Camborda (Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi berri duena), Isabel Coixet zinemagilea eta Sara Mesa idazlea, Isabel Herguera, Juan Antonio Bayona zuzendaria eta Belén Atienza ekoizlea, Itsaso Arana edo Fermin Muguruza daude, besteak beste, programazio hori osatuko duten hizlarien zerrenda luzean.
Pantaila publiko partekatua izateaz gain, Tabakalerako zinemak herritarrentzako ikasgela gisa ere funtzionatu du hasiera-hasieratik. 2020an, bere alderdi pedagogikoa zabaltzeko modu gisa, Tabakalerak 'Kontatutako zinea' zikloa jarri zuen abian; zinegileentzako gonbidapena, aretoa bere egin zezaten eta laneko beren barne-prozesuen berri eman zezaten. 2020tik 2023ra, 22 zinemagilek hartu dute parte Tabakaleran 'Kontatutako zinea' saioetan. Datozen hilabeteetan, hamar bat zuzendarik euren filmen xehetasunak kontatuko dituzte Tabakalerako zinema aretoan. Saioak zuzenean jarraitu ahal izango dira, aurrez aurre; eta grabatu ondoren, Tabakalerako webguneko 'Kontatutako zinea' ataleko ikus-entzunezko edukien eskaintzan sartuko dira.
Aldi berean, Koldo Mitxelena Kulturuneak, eztabaidarako, sorkuntzarako eta ezagutzarako guneak sortzen duen ibilbide luzearekin, 'Zinemagileen elkarrizketak' ikastaroa sortu zuen Donostia Zinemaldiko Z365 eremuarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera. Ikastaro horrek zinema-sorkuntzaren intrahistorian jartzen du arreta, zinemagile baten eta film baten sail desberdinetan (gidoian, ekoizpenean, muntaian, musikan edo aktoreen zuzendaritzan, besteak beste) bere ohiko kolaboratzailearen arteko elkarrizketaren bidez.
Aurten 'Zinemagileen elkarrizketak' Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentura lekualdatuko da, Koldo Mitxelena Kulturuneko obrak direla-eta. Ikastaroak alderdi pedagogikoa nabarmenduko du, eta bertaratutakoei matrikula egiteko aukera emango die. Matrikula horrek, programan parte hartzeaz gain, tailerrez, topaketez eta beste prestakuntza-proposamen batzuez osatutako programazio osagarri baterako sarbidea erraztuko du. Matrikula doakoa izango da eta herritar guztientzat zabalik egongo da, ikasleetatik hasi eta zinemazaleetaraino. Aurrez aurrekotasuna eta topaleku izaera bultzatzeko, saioak ez dira streaming bidez emango, baina grabazioak Koldo Mitxelenaren eta Zinemaldiaren webgunean egongo dira ikusgai denboraldiaren amaieran.
Azken batean, bi programen atzean etengabe elkar ukitzen duten ardatz estrategiko handiak daude: ezagutzen transmisiorako eta pedagogia artistikorako, dibulgaziorako eta sorkuntzari laguntza iraunkorra emateko borondatea. Bi ekimen horiek abian jarri zirenetik hiru urte igaro ondoren, deialdi-gaitasun handiarekin, hiriko publiko eta erabiltzaile desberdinak erakarriz, programa bateratu bat planteatu da, modu koordinatuan diseinatua eta ikasturte osoa hartuko duen egutegia izango duena. Bi programen bateratzeak egungo zinearen egoeraren azterketa sakona eskainiko du, eta tokiko eta estatuko esparruan egiten diren urteko ekoizpen zinematografikoen zabalkundea bultzatuko du.
Programa bateratua azaroan hasi eta ekainean amaituko da, eta proposamen zinematografiko ugariren hogei bat protagonistek eta arduradunek hartuko dute parte:
'Zinemagileen elkarrizketak' saioen datak eta matrikula egiteko prozedura laster jakinaraziko dira.
2020tik 2023ra, 22 zinemagilek hartu dute parte Tabakaleran 'Kontatutako zinea' saioetan:
Bestalde, 28 hizlarik hartu dute parte 'Zinemagileen elkarrizketak' delakoaren bi edizioetan: