"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak egungo eta etorkizuneko zuzendarien inguruko ekimen berri bat bultzatzen dute. Kabia sortzen ari den talentu zinematografikoari eskainitako jardunaldia da, eta irailaren 25ean (astelehena) egingo diren bi jardueratan banatuko da. Nola Kabia Gosaria jarduerak (10:00-12:30) hala Kabia Networking jarduerak (19:00-23:00) Nest saileko (mundu osoko eskoletako zinema-ikasleen film laburren hautaketa bat) filmetako lantaldeak bilduko dituzte, Ikusmira Berriak egonaldietarako eta proiektuen garapenerako programako egoiliarrekin eta Tabakalerako eraikineko komunitatearekin: Nokan hautatutako errealizadoreak eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleak, hain zuzen.
Kabiaren jomuga programa eta sail horietako komunitateak biltzea da, ideiak trukatu eta proiektuak parteka ditzaten; halaber, nola zinemagileentzat interesgarriak diren programetan lan egiten dutelako hala pedagogiari dagokionez interesgarriak direlako ad hoc hautatutako industria-profesionalekin zuzenean harremanetan egoteko aukera ematea ere bada jomuga, euren ibilbide profesionalari eta filmei buruzko feedback baliotsua emateko potentziala izaki.
Zinemaldiak, Tabakalerak eta EQZEk beste programa batzuetan ere parte hartu ohi dute urtean zehar, eta programa horietako talentuak ere egongo dira, hala nola La Incubadorako hautaketa bat, Kataluniako Zinema Akademia eta Mannheimeko Cutting Edge Camp urteroko topaketa.
Gonbidapena behar da sartzeko.