Benjamin Naishtat zinemagile argentinarra eta Thierno Souleymane Diallo zinemagile ginearra izango dira hurrengo asteetan Zinemaldia + Plusen, Zinemaldiak Tabakalerako pantaila partekatuaren programazioan parte hartzeko urteroko fokuan. Gainera, emanaldi bat egingo da Jeonjuko (Hego Korea) zinema-jaialdiarekin batera. Horrez gain, apirilaren 8an, Ikusmira Berriakeko egoiliarrei eskainitako saioan, Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa egoiliarrek beren aurreko lanak aurkeztuko dituzte.
Bihar, hilaren 23an (osteguna), Cho-haeng / The First Lap (Kim Dae-hwan, Hego Korea, 2017) filma emango da. Gidoi onenaren saria jaso zuen Mar del Platan, eta zinemagile berri onenaren saria, Locarnon. Saioaren komisarioa Jeonjuko zinema-jaialdiaren programatzaile Moon Sung izango da, eta filma bideo baten bidez aurkeztuko du. Koreako zinema-jaialdiarekin egingo den lankidetza hau proiektu zinematografikoak egiteko Jeonju Cinema Project programaren hamargarren urteurrenaren barruan dago.
Ikusmira Berriaken egoiliarrek Donostian lan egiten dute hilaren 6az geroztik, eta han Sergio Oksman errealizadorearen, Olimpia Pont Cháfer kontsultariaren eta Javier Martín kontsultari eta Donostia Zinemaldiko hautapen-batzordeko kidearen laguntza izango dute, bai eta Laura Citarella, Alexandre Koberidze, Elena López Riera, Damien Manivel, Kleber Mendonça Filho eta Catarina Vasconcelos izen handiko zinemagileen online tutoretza pertsonalizatuak ere. Hurrengo asteetan, Ariadna Ribas muntatzailearen (Pacifiction, Suro) eta Anna Ciennik gidoi-kontsultariaren bisita izango dute.
Esparru horretan, apirilaren 8an (larunbata), Ikusmira Berriaki eskainitako Zinemaldia + Plusen ohiko saioa egingo da, eta egoiliarrek beren aurreko lan bat erakutsi ahalko dute. Sameh Alaa zinemagile egiptoarra bere lehen film luzea prestatzen ari da Donostian, eta Canneseko zinema-jaialdian Urrezko Palma irabazi zuen film laburra aurkeztuko du: I Am Afraid to Forget Your Face (2020). Argentinako María Alchék Horizontes saria irabazi zuen Donostia Zinemaldian Familia sumergida bere lehen lanarekin, eta Noelia (2012) bere lehen film laburra aurkeztuko du (Buenos Airesen eta IndieLisboan saritu zuten). Madrilen bizi den Hikaru Uwagawa errealizadore japoniarrak Ulysses: Telemachus and Penelope proiektatuko du, egonaldian lantzen ari den Ulysses film luzearen parte den film labur bat. Naomi Pacifique zuzendari suitzar-holandarrak after a room (2021) aurkeztuko du. Film hori Nest sailean lehiatu zen, Locarnon Zilarrezko Lehoinabarra irabazi zuen eta bere after the night, the night film luzearen abiapuntua ere bada. David Pérez Sañudo euskal zuzendariak –Ane / Ane is Missing (2020) estreinaldiko lana New Directors sailean lehiatu zen– Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen eta gidoi egokitu onenaren Goya saria ere bai–, eta Marina Parések idatzi duen La colcha y la madre (2021) film laburra aurkeztuko du. Maddi Barber errealizadore nafarrak 592 metroz goiti / Above 592 Metres (2018) pieza aurkeztuko du; Zabaltegi-Tabakalera sailean hautatuetako bat izan zen.
Hurrengo egunean, apirilaren 9an (igandea), Tabakalerako zinema-aretoan halaber, Benjamín Naishtat zinemagile argentinarrak –zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Rojo (2018) filmarekin– Historia del miedo / History of Fear (2014) bere filma eman aurreko aurkezpena egingo du. Film hori Berlinen lehiatu zen, eta Donostia Zinemaldiaren Horizontes Latinos sailean aukeratu zuten.
Maiatzaren 20an (larunbata), Zinemaldiaren hileko fokua artxiboaren kulturari eta ondare zinematografikoa defendatzeari eskainita egongo da, eta Au cimetière de la pellicule / The Cemetery of Cinema filma emango da; hots, Thierno Souleymane Diallo errealizadore ginearraren lehen film luzea. Orain dela gutxi estreinatu zen ez-fikziozko film hori Berlineko zinema-jaialdian, eta galduta eta ahaztuta dagoen 1953ko film aitzindari bat bilatzean oinarritzen da. Saio hori Artxiboak maiatzean argitaratuko duen hilabeteko dokumentuarekin lotuta egongo da.
Saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Sarrerek 4 euro balio dute eta Tabakaleraren web-orrian edo Info Puntuko leihatiletan eskura daitezke.
Gainera, Z365 edo urte osoko Zinemaldiak bultzatuta halaber, Ikusmira Berriakeko egoiliarrak daudela aitzakia hartuta, gaur, hilaren 22an, networking-ekitaldiaren bigarren edizioa egingo da, eta egoiliarrak zinemagileekin eta EQZEko oraingo eta lehengo ikasleekin elkartuko ditu.
* Jeonjuko zinema jaialdiko programatzaileak aurkezpena egingo du bideo baten bidez.
* Sei egoiliarrek zuzenean aurkeztuko dute Saioa zinema-aretoan.
* Benjamín Naishtatek zuzenean aurkeztuko du saioa zinema-aretoan.
* Thierno Souleymane Diallok saioa aurkeztuko du bideo baten bidez.