Sameh Alaa, María Alché, Maddi Barber, Naomi Pacifique, David Pérez Sañudo eta Hikaru Uwagawa zinemagileak Donostiako Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Artisten Gunean daude hilaren 6tik, Ikusmira Berriak programaren barruan egiten ari diren egonaldian –ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldi-programa da, Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatua–.
Aste honetan, aurrez aurreko saioak egin dituzte Ikusmira Berriak programako adituen batzordeko kideekin; hau da, Sergio Oksman errealizadorearekin, Olimpia Pont Cháfer aholkulariarekin eta Javier Martín aholkulari eta Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kidearekin. Gainera, Ikusmira Berriak programaren berezitasunetako bat da ex profeso aukeratzen dituela hautatutako proiektuen tutoreak, haien beharrak eta zinemagileen eskaerak kontuan hartuta.
Hala, aurten, Elena López Riera errealizadore espainiarrak –haren El agua / The Water (2022) estreinako filma ere Ikusmira Berriak-en egon zen eta Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aukeratu zuten– Naomi Pacifiqueri eta bere proiektuari (after the night, the night) emango die laguntza. Lan hori Amsterdamgo kaleetan kokatuta dago eta monogamia zalantzan jartzen du. Catarina Vasconcelos zinemagile eta ekoizle portugaldarrak –A Metamorfose dos Pássaros / The Metamorphosis of Birds (2020) filma zuzendu zuen, Berlingo Fipresci saria eta Zabaltegi-Tabakalera saria irabazi zituen– gauza bera egingo du Maddi Barberrekin eta Claros de bosque (Basoko argiak) lanarekin. Nafarroako Pirinioetan emakume bat, gizon bat eta hiru oilar lotzen ditu istorio horrek eta Eusko Jaurlaritzak Tabakalerarekin batera bultzatutako Noka Mentoring 2021 programa abiatu zen. Damien Manivel zinemagile frantziarra –Les enfants d’Isadora / Isadora's Children (2019) filmarekin Locarnon zuzendari onenaren saria irabazi zuen eta Zabaltegi-Tabakalera sariaren aipamen berezi bat jaso zuen–, Elías Querejeta Zine Eskolako laugarren promozioko ikasle Hikaru Uwagawaren eta Homeroren Odisea-z eta etxearen kontzeptuaz egin duen berrikuspen japoniarraren tutorea izango da (Ulysses). Laura Citarella ekoizle argentinarrak –Trenque Lauquen filmaren zuzendari txalotua (Venezia, Zabaltegi-Tabakalera, Mar del Plata)– David Pérez Sañudori lagunduko dio Italiara itzuliko den hogeita hamar urteko bati buruzko ikerketan (La última noche de un Erasmus en Roma / Erasmus baten azken gaua Erroman). Alexandre Koberidze Georgiako errealizadoreak –Berlinen, Mar del Platan eta Tokion saritua Ras vkhedavt, rodesac cas vukurebt? / What Do We See When We Look At The Sky? (2021) filmagatik– Sameh Alaa gidatuko du gizarte errepresibo baten aurrean erreakzionatzen duen emakume bati buruzko bere esplorazioan (I Can Hear Your Voice... Still). Azkenik, Kleber Mendonça Filho zinemagile brasildarra –Bacurau filmarekin (2019) Canneseko Epaimahaiaren Saria irabazi zuen– María Alché zinemagile argentinarraren tutorea izango da. Azken hori 40ko eta 60ko hamarkaden artean Argentinako historia markatu zuten gertakariekin lotutako melodrama intimo bat lantzen ari da (Te amo y hoy todo es hermoso).
Proiektu bakoitzerako ad hoc aukeratutako aditu eta profesionalen batzordearen aholkularitza jasotzeaz gain, Ariadna Ribasek (Pacifiction, Suro) aurrez aurreko muntaketa-tailer bat emango die, martxoaren 21ean eta 22an, eta Anna Ciennik aholkulariak gidoi tailer bat, hori ere aurrez aurrekoa (martxoaren 30ean eta 31n).
Sei zinemagileek apirilaren 16ra arteko epea izango dute beren proiektuak garatzeko. Hilaren 8an, Zinemaldia + Plus ekimenaren urteko fokuaren barruan, Ikusmira Berriak programako egoiliarrek aurretik egin dituzten lanetako batzuk publikoarekin partekatuko dituzte Tabakalerako zinema-aretoan. Sameh Alaa errealizadore egiptoarrak –Donostian bere lehen film luzea prestatzen ari da– Canneseko zinema-jaialdiko Urrezko Palmorria irabazi zuen I Am Afraid to Forget Your Face film laburra (2020) aurkeztuko du; María Alchék –Donostia Zinemaldian Horizontes saria irabazi zuen Familia sumergida izeneko bere lehen film luzearekin– Noelia (2012) aurkeztuko du, bere lehen film laburra, Buenos Airesen eta IndieLisboan saritua. Madrilen bizi den Hikaru Uwagawa errealizadore japoniarrak Ulises, Telémaco y Penélope proiektatuko du, egonaldian lantzen ari den Ulysses film luzearen parte den pieza bat. Naomi Pacifique zuzendari suitzar-holandarrak after the room (2021) aurkeztuko du. Film hori Nest sailean lehiatu zen, Locarnon Zilarrezko Lehoinabarra irabazi zuen eta bere after the night, the night film luzearen abiapuntua ere bada. David Pérez Sañudo euskal zuzendariak –Ane / Ane is Missing (2020) estreinaldiko lana New Directors sailean lehiatu zen, Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen eta gidoi egokitu onenaren Goya saria ere bai–, La colcha y la madre (2021) film laburra aurkeztuko du. Maddi Barber errealizadore nafarrak Zabaltegi-Tabakalera sailaren parte izan zen 592 metroz goiti / Above 592 Metres (2018) pieza aurkeztuko du.
Ekainean, egoiliar bakoitzak 10.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarraitu ahal izateko. Irailean, Zinemaldiarekin batera, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Fase horretan industriako profesionalei aurkeztu ahalko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, Elamedia Euskadi enpresak Postprodukzioko Elamedia Euskadi Saria emango dio hautatutako proiektuetako bati. Honako hauek barne hartzen ditu sariak: soinu- eta kolore-postprodukzioa, grafismo-lanak eta DCP masterra.
Ikusmira Berriak programak Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Espainiako Erakundearen (ICAA) ikus-entzunezko proiektuak sortzeko eta garatzeko laborategientzako laguntzak jaso ditu 2022. eta 2023. urteetarako, Ikus-entzunezko Sektorea bultzatzeko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan. Plan horren helburua da indartzea laborategiak, inkubagailuak, egoitzak, plataformak eta antzeko ekimenak, idazketa- eta garapen-fasean proiektuak bultzatzen dituztenak, ekoizpenetan kalitate handiagoa lortzeko eta merkatura eta publikoarengana hobeto iristeko, haien zirkulazioa eta errentagarritasuna bermatuko dituzten kondizio egokiekin. Laguntza horiei esker, Ikusmira Berriak programak bikoiztu egin du egoitzako proiektuetarako laguntza ekonomikoa, eta zinemagile bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu bere proposamenean lan egiteko, orain arte ematen ziren 5.000 euroen ordez.
Programa sendotu egin da, joan den urtean ikusi zenez, Ikusmira Berriak-en garatutako hiru proiektu Cannesen eta Donostian estreinatu baitziren. Alde batetik, Elena López Rieraren El agua / The Water filma Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zen, Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu zuen eta Toulouseko CineEspaña zinema-jaialdian Violette D‘or Saria eskuratu zuen. Bestetik, Manuel Abramovich eta Mikel Gurrea Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu diren Ikusmira Berriak programako lehen zinemagileak izan ziren: lehenak, Pornomelancolía lanarekin, Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen Donostian, bai eta Bordeleko Zinema Independentearen zinema-jaialdiko Film Onenaren Epaimahaiaren Sari Nagusia ere; bigarrenak, berriz, Suro filmarekin, Euskal Zinemaren Irizar Saria eta FIPRESCI Saria Donostian, besteak beste. Halaber, urtarrilean, Raven Jacksonek Ameriketako Estatu Batuetako Sundance zinema-jaialdiko lehiaketan estreinatu zuen bere lehen film luzea, All Dirt Roads Taste of Salt (Ikusmira Berriak, 2019).
2015eko lehen ediziotik, Ikusmira Berriak programak ikus-entzunezko 38 proiektu garatzen lagundu du; horietatik 17 amaitu dira, eta gainerakoak garapen-fasean daude. Dagoeneko amaitutako hamar proiektuk sari garrantzitsuak lortu dituzte nazioarteko jaialdietan; horien artean dago Arantza Santestebanen 918 gau / 918 Nights (2021), Torinoko zinema-jaialdian Sail Ofizialeko film onenaren saria lortu zuena, film onenaren Lisboa Hiria Saria DocLisboan eta Publikoaren Saria eta aipamen berezia Nafarroako Punto de Vista zinema-jaialdian. Horrez gain, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean programatu da aurten. Bestalde, beste sari batzuen artean, Kiro Russo egileak Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean, Zabaltegi-Tabakalera sailean ere aurkeztutako El gran movimiento (2021) lanarekin. Helena Girónek eta Samuel Delgadok, berriz, Eles transportan a morte / They Carry Death (2021) lanarekin Veneziako Kritikaren Asteko Ekarpen Tekniko Onenaren Saria eskuratu zuten, bai eta aipamen berezia ere Zabaltegi-Tabakalera sarian.
Era berean, Ikusmira Berriak programako zenbait proiektu postprodukzio-fasean daude eta datozen hilabeteetan estreinatuko dira. Hain zuzen, horiek dira O corno do centeo (Jaione Camborda), Antier noche (Alberto Martín Menacho), Creatura (Elena Martín Gimeno) eta Dormen os peixes de olhos abertos (Nele Wohlatz).
Gaur gauean, bere azkenaldiko harreman batekin monogamiara itzuliko dela esango dio Naomiren bikoteak. Monogamiarik ezaren errealitate gogorraren aurrean dagoela, Naomi Amsterdamgo kaleetara aterako da intimitate anitzeko gau batez gozatzera, horrelako harremanekin konprometitzen zergatik hasi zen gogoratzeko. Eta hiriko kale harriztatuetan begiratzen, entzuten eta hizketan ari den bitartean, luzatzen ari al da gaua edo jendearen leihoetako argiak ilargiarekin sakon hizketan besterik ez dira?
Negua da Nafarroako Pirinioetako ibar txiki batean. Ana (39) bakarrik bizi da eta ahalegina egiten du berez berea ez den eta gogorra zaion landa-mundura egokitzeko; hiru oilar gau batez baso batean bizirik irauteko borrokan ari dira, abandonatuak izan ondoren; Julen (35) bere herrian klima-aldaketaren ondorioak iraultzen saiatzen ari da, bere hazkuntzan jasotako balioak zalantzan jartzen dituen bitartean. Kausalitate-kate batek lotutako hiru istoriok landa-ingurune tradizional bateko bizimodu posibleei buruzko kontakizun bat sortzen dute.
Gauerdi aldera, Kairo fantasma-hirian, Mariam, bere bizitzan lehenengo aldiz, ordu horretan aterako da etxetik. Bere gaua manipulazioz eta bestelako oztopo fisiko eta emozionalez beteta dago, gizarte patriarkal baten erdian bidea urratzen duen bitartean. Banan-banan gaindituko ditu, bere mugei aurre egingo die, erreala denaren eta irreala denaren arteko lerroa lausotuz.
Marcos Erromara joango da, Erasmus egiten ari zela hil den anaiaren gorpua aberrira ekartzeko. Marcosek berak hantxe ikasi zuen urte batzuk lehenago. Erroman deskubrituko du bere anaia Alejandro ez zela ezagutzen zuen pertsona. Anaiaren bertsio horrek jakin-mina piztuko dio, eta Marcosek haren azken egunak birsortuko ditu: haren lagunekin aterako da, haren ohean egingo du lo… Bitartean, deiak metatuko zaizkio, amarenak, nagusiarenak… “Noiz itzultzeko asmoa duzu?”… Baina Marcos gustura dago anaiaren bizitzan sartuta.
1952ko uda da. Josefina (8 urte) bere anaia Jorgerekin (13 urte) eta bere amarekin (Andeetako mendikatean geologoa) bizi da, baina istripu tragiko baten ondoren, Josefina eta Jorge umezurtz geratuko dira eta Berta izebaren etxera joan beharko dute. Han, izebaren bizitza politiko eta kultural bizia etxean eta haurren bizitza intimoan iragaziko da. Handik gutxira, Jorge ez da gustura sentituko eta etxetik alde egingo du. Josefina, izebarekin, haren senarrarekin eta bi lehengusinekin geratuko da bizitzen. Denbora-elipsi batzuen bidez, bizitza pertsonala 50eko eta 60ko hamarkadetako bizitza politiko, sozial eta kulturalarekin nahasiko da.
Filma Homeroren Odisea klasikoaren parodia bat da, James Joycek Ulysses eleberrian idatzi zuenaren estilokoa. Zenbait Ulises bidaian doaz beren irudikatutako etxearen (Itaka) bila, jada existitzen ez den leku baten bila, alegia. 3. atalean (Hades), Kazuko (Tiresiasen baliokidea) da kontakizunaren ardatza, Okayaman bizi den emakume bat. Senarra galdu du eta bere lehen Obonerako ari da prestatzen. Obon ospakizuna Japoniako urteroko jaia da: egun horretan, arbasoen espirituak mundu honetara itzultzen dira senideak bisitatzera. Aldi berean eta hiri berean, Ulisesek Kazuko ezagutuko du eta Obon ospakizunean bere aita zenduarekin (Antiklea) bilduko da.