"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1975ekoa da Pirveli mertskhali /La primera golondrina/ Lehenbiziko enara gozagarri hau. Beraz eta orduan, zergatik ekartzen digu begietara, bihotzera, oroimenera 2021eko Ras vkhedavt, rodesac cas vukurebt?/Qué vemos cuando miramos al cielo? zinemaren mirari hura?
Zergatik bai. Because. Parce que. Porque sí. Zio teknikoagoak, arrazoi intelektualagoak, zeluloidez eta geografia politikoz beteriko zergatiak erabil genitzake gure buruaren alde: iaioak gara gu gure defentsarako aitzakiak bilatzen.
Esan genezake, ez izan dudarik Georgiakoak direla zuzendari biak, Nana Mchedlidze zein Alexandre Koberidze. Bai, Georgiako Urrezko Aroan justiziaz gobernatu zuen Tamara erreginaren aberkideak. Baita urte askoz ilunagoetan SESBko buruzagi izan zen Stalinenak (berreskuratu, arren, Loznitsaren State Funeral…) ere.
Esan genezake partekatzen duzun aberriak markatu egiten zaituela. Beti. Esan ere, bai Alexandreren ustetan, bai Nanaren pentsamenduetan, amodioa mirari hutsa dela.
Asma genezake, igual eta akaso, 1957tik Georgiako zinema estudio nazionaletako ardura izan zuen Nana izan zitekela Tbilisin zein Berlinen zinema ikasi zuen Koberidzeren zinemagile kutunetako bat.
Aipatuko genuke, lotsarik gabe, pelikula biek badutela ipuin ikutu harrigarria ere. Eta hala ez bada sar dadila kalabazan. Edo itsasoan. Edo Kutaisi herriko taberna batean.
Komenta genezake georgiarrak badirela ipuin kontalari fin-finak. Esan genezake, nola ez, Errusiarekin, Azerbaijanekin, Turkiarekin eta Armeniarekin muga egiten duen lurraldea izan daitekeela, Estatu Batuetakoa nola, benetako state of mind bat, zeren…. Hoagy Carmichelen abestiarekin gertatzen zaizun moduan, behin Alexandreren eta Nanaren filmak ikusita, zaila egingo baitzaizu Georgiarekin ahaztea.
Esan genezake 1983. urtean Georgia Errepublika Sozialistaren Herriko Artista izendatu zuten Nanaren zineman zein iazko Berlingo eta Sevillako zinemaldietan bere lana aurkeztu zuen Alexandrerenean ere badela fartsa gozorako joera, eite ezinbesteko eta ezin konparatuzkoa.
Bai, hamaika, ehun, mila arrazoi eman genitzake azaltzeko nola eta zergatik Klasikoak sailean dagoen kolorez gainezka egiten duen Mchedlidzenen harribitxia ikusten , dastatzen barneratzen dugunean, legezko plataformetan oraindik ikusgai ez den Koberidzeren altxorra sumatzen dugun erraietan. Sentsazio kontrajarriak argitan jartzea ez litzateke ere gaizki, zilegia eta egokia baizik. Alexandreren filmak, kaso, pausatua du... pausua. Nanarenak, ordea, bizi, bizi-bizia. Presaka doaz bere pertsonaiak ospearen, plazeraren, amodiaren, kasik formarik ez duen amets baten bila hondartzako ertzetik, baloia lagun. Ematen du ezin diotela ibiltzeari utzi, txapin gorriak jantzi izan zituen dantzariak nola.
Baina kontraesan horrek ez du axolarik, ez du garrantzirik. Nanarena ikusten dugunean, Alexandrerena dugu begi ninietan. Zergatik?
Ezin irudikatu zuek nolako konexio basak egiten dituen zinejale baten buruak. Ezta futbolzale batenak ere. Zergatik San Salvadorren jaiotako Magico Gonzalezen bideoak ikustean Maradonarekin akordatzen gara? Ezin esan. Agian Diego izan zen multibertsoaren jokalaririk onena izateko aukerari uko egin ziolako Magicok. Biak ziren jainkoen eta deabruen begikoenak. Biak ziren oso ezberdinak zelaian. Batak gailurra ukitu zuen. Gorago jo ere. Besteak ordea, gauaren besoetan gozo bizi nahiago.
Hortxe gakoa. Guk, Nanaren pertsonaiei gertatzen zaien bezala, BALOIARI (letra handietan) begiratzen diogunean Mundua, Magia, Amodioa, Aintza, Bizia ikusten dugu. Hain zuzen ere, Alexandreren izakiek ikusten dutena zerura so daudela: Biribiltasun Perfektua.