"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Christophe Honorek errelato intimo bat dakar Le lycéen filmean, hain zuzen bere bizipen pertsonaletik oso gertu baitago. Hamabost urte zituela galdu zuen aita zuzendari frantziarrak eta modu irekian adierazi izan du bere homosexualitatea, Lucasen pertsonaiaren oso antzera. “Nahi nuen filmaren forma nerabe batena izatea; filma modu heldugabe batean kontatzea, lirismo apur batekin, bere zalantzekin. Nahi nuen filma bere burua aurkitzen joatea eta ez hasieratik heldua izatea, baizik gazte baten filma izatea”, azaldu du Honorék prentsaurrean.
Gainera, gogoeta egin du “nerabezaroa besteengan ere proiektatzen dugulako”, eta, horrela, film honetan “beste batzuek hari egiten dioten begiradagatik balioa ematen zaiolako”. “Zinemagilea naizen aldetik, zinema beste arte batzuekiko nerabezaroa dela jakitea gustatzen zait, zinemak amaitu gabeko forma izan behar du, zehazteke dagoena, eta ez solemneegia”, esan du, eta, bere ustez, “nerabezaroa zineman irauten jarraitzeko modu bat da”.
Paul Kircher, Juliette Binoche eta Vincent Lacoste aktore protagonistekin eta Philippe Martin ekoizlearekin batera aurkeztu du zuzendariak bere filma. Honorék azaldu duenez, aktore asko ikusi zituen, 300 gazte inguru, Paul Kircher filmeko protagonista aukeratu aurretik. “Banekien gaurko gazte baten bila nenbilela, nortasun oso indartsu baten bila, ez bakarrik nire gustuko sentsibilitatea zuen aktore baten bila”, adierazi du.
Paul Kircher gaztea jarri da Lucasen azalean, paper zorrotza oso, aita galdu berri, nora ezera doan gaztea baita protagonista. “Egunero eszena desberdinak egiten genituen, egunetik egunera filma osatuz joan ginen eta sormen prozesuarekin jarraitzen genuen egunero. Baziren eszena batzuk zailagoak, baina ez dakit zehazten zein”, ohartarazi du.
Suizidioaren eta gaixotasun mentalen gaiari ere heltzen dio Le lycéen lanak. “Bizi dugun aldiak, covidarekin eta abar, ahuldu egin ditu gazteak. Pertsonak oso hauskor bihurtu ditu. Filma horren oihartzuna dela uste dut. Lucasen erretratuaren bitartez argazki bat egiten da nola gazte horiek talka egiten duten munduarekin; mundua haientzat hotza da. Erretiro sentipen bat badago, baita uko bat ere gazte horien aldetik”, gaineratu du zuzendariak.
Horiekin guztiekin batera dago, halaber, Quentin anaia (Vincent Lacoste), heriotzaren aurrean bizi diren herritik Parisera joateko hautua egiten duena, dolua familiatik urrun bizitzeko. Eta bi anaien helduleku nagusia, ama, Juliette Binochek interpretatua. Herenegun gauean Donostia Saria jaso ondoren, prentsaren aurrean izan zen atzo goizean ere filmaren aurkezpenean. “Uste dut denok bizi ditugula doluak. Gure burua proiektatzen dugu egoera horietan. Egia da semeen presentziarekin biderkatu egiten dela oinazea. Ama horrek ezkutatu egin behar du bere mina. Norberak bere emozioei eutsi behar dienean ez azaleratzeko, nolabait, gain indar bat sortzen da. Senarra gazte galdu duten emakumeen kasuan egunero umeekin bizitzea ez dut imajinatu ere egin nahi zeinen gogorra izango den. Nik ez ditut emozioak fabrikatzen, haiek probokatzen naute ni. Prozesu organikoa da. Christophek nahi izan du oso egoera pertsonal batez hitz egin, eta horrek erantzukizuna areagotu egiten du nigan”, amaitu du Binochek.
SERGIO BASURKO