"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Jakin-minak bultzatuta eta bere militantzia profesionala akuilu hartuta, esparru ezezagunak aztertzera abiatu zen Xuban Intxausti (Donostia, Gipuzkoa, 1982) Gesto dokumentalaren proiektua esku artean hartu zuenean. Giza eskubideei buruzko dokumental ugari zuzendu ditu zinemagileak bere ibilbidean, baina hau berezia zen Euskal Herrian jaio eta bizi izanak errealitate horrekiko begirada
konplexu bat ematen ziolako.
“Gai bat zokoan edo ertzean dagoela ikusten duzunean, dokumentalista bezala, edukiarekin eta jende horrekin konpromisoa hartzen duzu”, azaldu du Intxaustik. Bi urtez ekin dio lanari oraindik kontatu gabe zegoen historiaren zati esanguratsu hau jasotzeko. Izan ere, Bakearen Aldeko Koordinakundea-Gesto por la Paz erakundeak bakearen alde eta Euskal Herriko indarkeriaren aurka lan egin zuen 30 urtez. Indarkeriaren aurka modu baketsuan agertu ziren eta pertsona guztien Giza Eskubideen errespetua defendatu zuten herritar guztiak aintzatetsi nahi ditu filmak. “Zor txiki bat sentitzen nuen”, dio zinemagileak, “eta hor zer zegoen jakin nahi nuen”. Dokumentalista gisa, denborarekin entzun egin behar dela ikasi duela aitortu du Intxaustik.
Aitortzaren ordua
Koordinakundeko partaideak zinema- areto batean elkartu eta euren memoriarekin aurrez aurre topatzen dira Xuban Intxaustiren dokumentalean. Erabaki zaila izan arren, zuzendariak mise-en-scène honen aldeko hautua egin zuen, batetik kontakizunari erritmoa emateko eta bestetik emaitza zinematografikoagoa izateko. Iraganeko irudiak ikusiz egiten duten memoria ariketa honek proposamen bat egiten dio ikusleari: erakundearen oinarriak, ekintzak eta printzipio etikoak gaur egun indarrean jarraitzen dutela eta gaurkotasunik galdu ez dutela deskubritzea, hain zuzen. “Filmean lau eduki iturri dauzkagu eta horrekin jolastu dugu: artxibo irudiak daude; erakundeko kideek artxibo irudiak ikusten dutenekoa; aretoan dauden ikusleen aurrean egiten dituzten hausnarketak; eta gonbidatuta dauden ikusle horien ekarpenak”.
Sekulako artxiboa zuen Intxaustik kontakizunaren mesedetan. Milaka argazki eta ETBk utzitako 300 bideo aztertu zituen proiektuaren aurreneko fasean. “Guztia aztertu eta txundituta gelditu nintzen”, adierazi du. Gainera, artxiboko irudiek testuinguru objektibo bat eman zion lanari. Koordinakundeko kideek zer esan eta zer egin zuten eta noiz azaltzen du materialak. “Prozesua oso exijentea izan da irudi horien gain zegoelako narrazioaren haria eta hurrengo gaia ere aurkeztu behar zutelako; horrek, narrazioa azkartzea ekartzen du”, esan du zinemagileak. “Ikus-entzunezkoetan, erabaki sinpleenak askotan zailenak izaten dira”, gehitu du.
Filmaketara ideia zehatzekin joatea omen da gakoa, egile donostiarraren ustez. Dokumental on bat egiteko lehenik eta behin filmaketara gidoi landu batekin joan behar dela sinetsita dago . “Gesto-koek inprobisaziorako tarte bat izan dute beti oso hizlari onak direlako; milaka prentsaurreko eman dituzte eta hausnarketa sakonak egin dituzte gazteak zirenetik; horregatik, idatzita ez zeuden opari asko eman dizkigute”, dio zinemagileak.
Irene Elorza Gereño.