"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Torturaren gaiari buruz Zinemira sailean aurkeztu den bigarren film dokumentala ezagutzeko parada izango da gaur, Principe aretoan. Bi arnas Jon Mikel Fernandez Elorz (Donostia, Gi- puzkoa, 1983) kazetariaren lehen film luzea da. Iratxe Sorzabalen kasuan sakontzen du dokumentalak, berak sufritutako torturek berarengan zein bere ama Mari Nievesengan eragin duen sufrikarioa eta urratu ezin izan duten isiltasuna islatzen ditu lan honek. Torturaren gaineko testigantza hori, beste lekukotza batzuekin uztartzen da flimean. Besteak beste, torturak salatutako Nekane Txapartegik, Paco Etxeberria mediku forentseak eta Serge Portelli epaileak parte hartu dute filmaketan.
Zerk bultzatuta erabaki zenuen Iratxe Sorzabal eta Mari Nieves Díazen istorioa kontatzea?
Duela urte eta erdi Iratxeren ingurukoak nirekin jarri ziren harremanetan Iratxeren epaiketa gerturatzen ari zelako eta, Euroaginduak tarteko, torturaren afera berriro azaleratuko zelako. Ez dut esperientziarik zinemagintzan baina kazetari lanetan ibili naiz urte luzez; beraz, esan daiteke gidoigintza ez zaidala arrotza egiten. Erreportaje bat egiten duzunean bezala, buruan gidoia osatzen hasi nintzen, baina, nola islatu hori ikusentzunezko hizkuntzan? Hasiberriak ginen eta prozesuan ikasi dugun zerbait izan da.
Sosik gabe hasi ginen proiektuarekin eta horrek zama suposatu zuen, baina azken txanpan auzolanean lortu genuen diru hori. 300etik gora pertsonek egindako ekarpenei esker lortu genuen finantziazioa eta oso eskertuta gaude. Ekonomikoaz gain, bestelako ekarpen pila jaso dugu. Lan koral bat izan da.
Aurtengo Zinemiran torturaren gaiari buruz erakutsiko den bigarren dokumentala da zuena.
Ander Iriarteren Karpeta urdinak lanak tortura salatzeko orduan ekarpen oso aberasgarria egiten du eta oso adierazgarria da 70. edizio honetan torturari buruzko bi dokumental egotea. Nire ustez, torturaren zauria ez dela itxi adierazten du horrek. Nahiz eta biak izan torturari buruz, gureak beste norabide bat du, askoz pertsonalagoa; mikrora joan gara, fokoa asko txikitu dugu eta ama-alaba batzuen istorioa kontatu dugu. Torturak zeharkatzen du haien harremana, duela 20 urte torturatu zutelako Iratxe. Berak behin bakarrik hitz egin zuen torturaz, torturatu eta gutxira Euskaldunon Egunakariari eskaini zion elkarrizketa batean. Orduz geroztik berak ez du nahi izan torturaz hitz egin eta amarekin, berriz, ez du inoiz hitz egin horri buruz. Ohartu ginen istorioa hor zegoela: torturaren zauri hori zure gertukoekin konpartitzeko ezintasun horretan eta isiltasun horretan. Inoiz gertatu ez den elkarrizketa hori irudikatzen saiatu gara dokumentalaren bitartez, modu metaforiko batean. Zuzenean hitz egin ez badute ere, dokumentalean elkarrizketan jartzen ditugu Iratxe eta Mari Nieves.
Torturen ondorioak sakonak eta iraunkorrak direla ikusten da.
Torturatu guztiek daukate berriro torturatuak izateko beldurra, betirako irauten duena. Aldi berean, zure ondorengoek ere beldurra dute. Dokumentalean jasotzen den Nekane Txapartegiren ahotsak ekarpen hori egiten du. Kasu honetan bere ahotik entzuten dugu ama torturatuak nola islatzen duen bere beldurra bere alabarengan. Zentzu horretan Nekaneren testigantza oso aberasgarria dadokumentalean. Nekanerengana jo genuen iruditzen zaitzaigulako bazituela Iratxeren kasuarekin paralelismo ugari; batetik, garai bertsuan atxilotu zituztelako, antzeko torturak pairatu zituztelako, eta emakume izateak baduelako beste zehar-lerro bat ere.
Irene Elorza Gereño