"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Ez daukagu iraganik; iragana frakasoa da”, dio filmaren protagonistak, eszena batean. Eta beharbada horixe da Claude Sauteten pelikula honen atzean dagoen ideia hobekien laburbiltzen duen esaldia: iragana astuna dela, faltsua dela, eta batzuetan ez digula bizitza bera lasai bizitzen uzten. “Gogaikagarria da denbora galtzea”, berresten du Pierre arkitektoak (Michel Piccoli) beste eszena gogoangarri batean. Bizi gaitezen gaur, azkar bizi ere. Ez gaitezen jarri atzera begira. Nahiz eta batzuetan ezinezkoa den, bizi gaitezen gaur, loturarik gabe.
Haren beste film ezagunago batzuetan ez bezala, teknika narratibo arriskutsua erabili zuen Sautetek pelikula honetan, baina egindako aukera ausartak bat egiten du, erabat, gidoiarekin eta narrazioaren giro nagusiarekin. Ondo pentsatuta, ezin besterik egin.
Hasieratik, atzerakako kontakizuna proposatzen digu zuzendariak, eta dena hasten da protagonista nagusia hiltzen den une berean: istripu bat da lehen eszena, istripua Frantzia iparraldeko barnealdeko gurutzebide batean, bigarren mailako errepide batean, Paris eta La Rochelle artean, Re irlarako bidaia ero eta biziari amaiera emango dion istripua, hain zuzen ere. Amaiera behar lukeen hasiera proposatzen digu, beraz, zuzendariak. Hortik aurrera, denak dira iragana zoriontsu eta argitsuarekiko erreferentziak: irla atlantikoan pasatako egunak; familiaren belaontziarekin egindako paseoak; semea eta andrearekin bizitako une irribarretsuak.
Kontrastean, gaurkotasunak Paris ilun eta euritsua dakar; lan nekezaren morrontzak; maitasun korapilatsuaren gora beherak. Pierrek Hélène (Romy Schneider) maite du, baina maite du ere aurreko bizitzarekin lotzen duen guztia, eta bata eta bestea, biak batera, ez dira posible. Bikoteak Tunisiarako bidaia bat du amets, hori da hurrengo proiektua, hortik hasiko da bientzako bizitza berria, baina Pierrek Re Irlara joan nahi du, semea han zain duelako, eta zoriontasuna han aurkitu zuelako.
Isiluneek asko esaten dute Les Choses de la vie (1970) filmean. Isiluneek, eta begiradek. Eta Pierrek erabakitzen duenean bere iraganaren bila abiatzea, erabaki kontziente eta, era berean, inkontzientea hartzen du: aurreko bizitza berreskuratu nahi du, jakin arren ez dela posible; era berean, bere presentearekin hautsiko duela badaki. Eta, harrigarria bada ere, ez ditu topatzen hitzak aukeraketa horren nondik norakoak maitaleari azaltzeko.
Bilatze horretan, bakarrik abiatzen da, eta bidaia osoa tentsioz betetakoa da: euria, gaua, bakarrizketa… tragedia arnastu egiten da. Pierrek jakako sakelakoan darama bere maitaleari idatzi dion despedida gutuna: “Utziko zaitut, miserableki ari ginen elkarrekiko. Ez dut nahi, nahiago dut bakarrik segitu”. Baina, bidaltzekotan dagoela, posta bulego kaotikoan bertan erabakitzen du ezetz, ez duela gaur egun maite duenari traizioa egin nahi, eta mezu bat utziko dio Hélèneri: “etorri, etorri lehenbailehen”. Pierrek nahi du aurreko bizitzaren zoriontasuna eta gaur egungo maitasuna, biak batera. Nahi du, denok nahi duguna: berriz hasteko aukera izatea, dramatismorik gabe.
Ez da posible izango, baina: kamioi bat bidean gurutzatuta geratu da eta Pierre azkarregi doa, poz eroan.
Azken uneak, azken pentsamenduak, poltsikoan gordeta daukan gutunari buruzkoak dira. “Gutuna erre behar dut; gutuna erre, bakarrik ez segitzeko”. Beranduegi iritsiko da, baina, damua. Azken unean, nor eta aurreko bizitzarekiko lotura den andreak ziurtatuko dio, Pierri, betiereko zoriontasuna.
Alberto Barandiaran