Donostia Zinemaldiak ingurumen-diagnostikoa aurkeztu zuen iaz, aztarna ekologikoa murrizteko neurriak indartuko zituela iragartzeaz gain, eta aurten karbono-neutraltasuneko erakunde eta ekitaldi bihurtzeko bidean urratsak egiten jarraituko du. Hala, 2022an bultzatuko diren proposamen eta neurrien artean, nabarmentzekoak dira erabilera bakarreko materialak murriztea, isurketak konpentsatzea, paperezko inprimaketa ia erabat ezabatzea eta jasangarritasunarekin lotutako jarduerak antolatzea.
Iaz aurkeztutako txostenak 2019ko edizioari buruzko datuen azterketa xehatua hartu zuen erreferentzia gisa, eta zera ondorioztatu zuen, Zinemaldiaren karbono-aztarna, urte osoan diharduen erakunde gisa, 1,1 tona CO2 dela eguneko, eta bederatzi eguneko ekitaldiak, bestalde, 568,3 tonako inpaktua duela egun bakoitzeko.
2022an, Zinemaldia akordio batera iritsi da CREAST ikus-entzunezko eta entretenimenduko ingurumen-aholkularitzan espezializatutako enpresa teknologikoarekin, 70. edizioan emititutako karbono-aztarna neurtzeko eta bost urterako plan bat sortzeko, lehiaketa jarduera jasangarriagoa izan dadin eta karbono-neutraltasuneko ekitaldi bihurtu dadin. Hala, jasangarritasunaren ziklo osoa beteko litzateke (karbono-aztarnaren neurketa, murrizketa eta konpentsazioa), Zinemaldiaren esku-hartzearen eraginpeko lan-fase guztiei aplikatuta.
CO2Eq emisioen alor nagusiak (energia, mugikortasuna, cateringa, materialak, hondakinak, ostatuak eta ura) aztertu ondoren, CREASTek ondorioztatu du Zinemaldiak, bederatzi eguneko ekitaldi gisa, 62 tona CO2Eq inguru murriztuko dituela dagoeneko ezarrita dauden neurrien bitartez. Lehiaketa amaitu ondoren, lehiaketaren karbono-aztarnaren ebidentzietan oinarritutako neurketa zorrotz bat egingo da, ingurumenean izango duen benetako inpaktua zenbaterainokoa den jakiteko eta, horrenbestez, aztarna hori konpentsatzeko.
Joan den urteko azterketaren arabera, Zinemaldiaren arazo nagusia, nazioarteko hain zinema-jaialdi garrantzitsua izaki, mugikortasuna da: emisioen % 75 alor horretatik dator, bereziki, mundu osoko akreditaziodunek egindako nazioarteko bidaietatik. Horregatik, bi kontzeptutan oinarrituta lan egiten da: murrizketa eta konpentsazioa.
Batetik, Zinemaldiak erabaki bat hartu du: ahal duen neurrian, behin bakarrik erabiltzeko materialak gero eta gutxiago baliatzen jarraitzea (bereziki, paperezko materialei dagokienez), baita alternatiba digital edo jasangarri batekin ordezkatu ahal izan diren zerbitzu edo kontratazioetara jotzea ere.
Bestetik, eta duela bi hilabete iragarri zen bezalaxe, Zinemaldia bere emisioak konpentsatzen dituen lehen erakundea da jada, Naturklima Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak abian jarri duten Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren medioz 25.000 euro bideratzen baitira horretarako. Ekarpen horrekin Zinemaldiak sortutako emisio guztien % 53 konpentsatzen da (hots, mugikortasunak eragindakoen % 70,21).
Hondakinen atalean, Zinemaldiak paperaren inprimaketa ia osorik ezabatzea planteatzen du: ekitaldian zehar eguneroko egunkaria, atzerabegirakoaren liburua eta Filmez Film gidaliburuaren 6.000 ale mantenduko dira, baina katalogoa fisikoki inprimatzeari utziko zaio eta bertsio digital hutsean banatuko da. Gainera, bigarren urtez jarraian, alfonbra gorria birziklatua eta birziklagarria izango da, eta Kursaalek birziklatzeko lau gune izango ditu Zinemaldiko lantaldean dihardutenentzat eta akreditatuziodunentzat. Horrez guztiaz gain, talde espezifiko batek hondakinen kudeaketa gainbegiratuko du lehiaketaren egoitza guztietan.
Energiari dagokionez, 2021ean hasitako trantsizioa bukaraztea da helburua, argiztapen halogenoaren ordez LED teknologia erabil dadin Zinemaldiak kanpoan egiten dituen muntaketa propio gehienetan (iaz % 80rainokoa izan zen, eta aurten % 90era iritsiko da); kontratazioen esparruan, berriz, 0 kilometroko cateringen kopurua handitzen saiatuko da Zinemaldia, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.
Orobat, Zinemaldiak hartutako konpromisoen barruan, Nest sailak eskola magistral bat hartuko du ekoizpen jasangarriko kasu praktiko bat aztertzeko, Alcarràs filmaren (2022) esperientzian funtsatuta (Carla Simónen film horrek Urrezko Hartza jaso zuen Berlinalen, eta Made in Spain sailean programatu zen). Eskola Ariadna Dot filmaren ekoizleak (Lastor Media) eta Giovanni Pompilli Torino Green Lab laborategiko arduradunak emango dute.
Bigarren urtez jarraian, Zinemaldiak elkarlanean jarraitzen du Alba Emission Free Energy taldearekin –trantsizio energetikorako eta deskarbonizaziorako jarduera guztiak biltzen dituen Petronor konpainiaren filialarekin–, klima-aldaketa arintzeko neurriak hartzera bideratutako Green Challenge proiektua bultzatze aldera.
Azkenik, aurten lehen aldiz, Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiak sari berri bat emango diote Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) balioak hobekien islatzen dituen filmari, eta Greenpeace erakundeak Lurra Saria emango dio, aurten ere, bakea eta ingurumena defendatzeko balioak hobekien islatzen dituen filmari Zinemaldiaren barnean.