"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Iker Elorrietak (Bilbo, Bizkaia, 1977) eskarmentu handia du ikus-entzunezko arloan, bai dokumentalgintzan baita irudi-konpositore gisa ere. Gaur, bere fikziozko lehen film luzea aurkeztuko du Zinemira sailean. Autismoa duen gazte baten istorioa kontatzen du El radioaficionado lanak, ama hiltzen zaionean Nikolasek abiatzen duen bidaia intimo eta zailean haurtzaroko lagun bat (Ane) aurkitu eta sortzen den harremanaz diharduena.
Zure lehen film luzea da El radioaficionado. Nolako esperientzia izan da?
Oso talde txikiarekin egin dugu filma. Oso gauza mugatua izan da, intimoa, arrazoi pila batengatik: film motagatik, finantzaketagatik, aktoreengandik lortu nahi nuenagatik, eszenetan lortu nahi nuenagatik... Produkzioari eta filma egiteko moduari buruzko hainbat erabakik, hala nola, eszena ugari toma bakarretan grabatzeak edo argi naturala erabiltzeak, eragina izan dute filmaren hizkuntzan. Horrek guztiak tentsioa eragiten zuen, aktoreek erantzukizun handia zutelako.
Nola planteatu zenuen aktoreen lana?
Batzuetan inprobisatzen uzten nien, askatasun handia ematea gustatzen zaidalako. Ez nuen oso egitura zurruna nahi, ez ekoizpenekoa, ez gidoikoa. Ez zait batere interesatzen gidoian idatzi dudan zerbaiti estuki lotzea eta horri bakarrik atxikitzea. Oinarri batetik eta gida batekin abiatzeko aukera ematen diet aktoreei eta, inprobisatu behar bada, ongi etorria izan dadila. Asko gustatzen zait eszena berean sortzen dena.
Aitor Etxebarria eta Xanti Salvador arduratu dira musikaz eta soinuaz. Ze ekarpen egin diote filmari?
Nire erreferentzia musikalak ditut eta horietako asko partekatzen ditugu Aitorrek eta biok. Pandemian hasi ginen lanean, giltzapean. Ahal izan genuenean, ni bere estudiora joaten nintzen eta pixka batean lan egiten genuen, gero bakoitzak bere etxean. Aitor oso pertsona positiboa da, eta une gogorretan, (eta ekoizpen batean beti egoten dira horrelakoak) pilak jartzen dizkizu. Gozamena izan da ere Xanti Salvadorrekin lan egitea. Hirukote ona osatu dugu eta asko gozatu dugu lanean. Soinua oso garrantzitsua zen niretzat film honetan eta Xanti Salvadorrek plus bat eman dio.
Soinua autismoa zuen pertsona baten ikuspegitik tratatzea izan zitekeen lehen bultzada, baina hori oso pretentziosoa eta barregarria izango litzateke, inoiz ezingo ginatekeelako bere lekuan jarri. Xantik ere horrela ikusi zuen eta soinua diseinatzeko lan indartsua egin dugu, baina beti gure ikuspuntutik. Pertsonaiaren gertuko soinu mundu bat sortu dugu, baina bera izan gabe. Prozesu osoan zehar, filma egiten parte hartu dugun guztion eskua gutxi ikus dadin saiatu naiz. Niretzat garrantzitsua da egoearen kontrola, nirea eta parte hartu dugun gainerako guztiena. Hau egin nezake, baina ez dut egingo, agerikoa delako. Baita aktoreekin ere; nik ez dut aktore bat antzezten ikusi nahi.
Zer suposatzen du zuretzat filma Zinemaldian aurkezteak?
Ohore izugarria da Zinemaldiak eta Rebordinosek filma erakutsi ahal izateko leiho bat zabaltzea. Laster jakingo dugu zer edo zer bere nazioarteko estreinaldiari buruz, baina Zinemiran erakutsiko dugu lehenik, hemen filmatu den film bat delako eta Irizar Sarietarako aukeratua izatea ohore bat delako. Bollaín, Altuna.. izen horiekin guztiekin hor egotea gozamena da.
Irene Elorza