"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Imanol Rayo zuendari nafarra bigarren film luzearekin itzuli da Zinemaldira. 2011n, Bi anai filmarekin Zinemira saria irabazi zuen eta 68. edizio honetan Kutxabank-New Directors sarirako hautagaia da. “Urte bitxi honetan, non zinemaren aldeko aldarrikapena inoiz baino biziago dagoen, hemen egotea da garrantzitsuena”, adierazi du zuzendariak. Aretoetan ikusteko filma sortu du Rayok, zinema ekintza sozial gisa ulertzen baitu: “Zinemak esperientziatik izan behar du, erritualetik, topagunetik; eskariaren morrontzak agindutako produktu soilen etxeko kontsumoa dinamika arriskutsua baita”.
Hil kanpaiak filmaren gidoiak Miren Gorrotxategik idatzitako “33 ezkil” nobela beltza du oinarrian eta Joanes Urkixori zor dio moldaketa. Imanol Rayok itzuli du nobelako unibertso iluna irudietara. “Nobelak oso egitura berezia du, oso zatikatua dagoena”, dio Rayok, “eta formaren kontua oso inportantea iruditu zitzaidan hasieratik”. Egoerak bakandu eta zertzelada potoloetan landu ditu zuzendariak, ondoren osotasunean inpresio bat emateko.
Mendeku baten istorioa da Imanol Rayoren thriller itogarria. Hain gai zinematografikoa izanda, arketipoetatik haratago joateko hautua egin du zuzendari nafarrak : “Inportantea da egitura arketipikoak lantzea gero gainditzeko, beste norabaitera joateko”, dio, “film garrantzitsuak beti izan dira aurrerapausuak edo mugarri garrantzitsuak sortu diren garaian”. Zuzendariaren aburuz, gaur egungo noir filmetan errazkeriaranzko joera dago. “Orokorrean, film beltzetan kontzesio asko egiten dira, azalpen asko ematen dira eta dena mamitua dago; baina erantzunak baino galderak planteatzea da inportanteagoa, nire ustez”.
Tonu bateratua
Aktore sorta aparta bildu ditu Imanol Rayok bere bigarren lanerako: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Iñigo Aranburu, Yon González, Kandido Uranga, Josean Bengoetxea… “Casting-a hain heterogeneoa izanda, intentzio garbia nuen: guztiak tonu berberera biltzea izan zen nire erronka”, esan du zinemagileak. Pertsonaien indarra transmititzeko orduan, distantzia izan da gakoetako bat. Rayoren ustez: “Dramatikoki tragedia hau sinesgarria izateko, dramatizazio falta behar zuen, paradoxa badirudi ere”. Filma itzalaren kontzeptuan oinarrituta dagoela eta, bertan, zeharkakoa zuzenekoa baino garrantzitsuagoa dela azaldu du zuzendariak, “aktoreak pelikularen unibertso formal horren biztanleak dira, agertu eta desagertzen direnean euren itzalak hor geratzen dira”.
Unibertso itxi horretan gertatzen den tragedia da filmaren muina. Garizmendi baserriko Karmenen (Itziar Ituño) inguruan egituratzen da kontakizuna. Rayok azaldu duenez, “Karmen eta bere inguruko pertsonaia guztiek elkarrekin doaz erredentzio prozesu baterantz; pertsonaiak joan- -etorrian dabiltza baina lekuak beti hor daude, lekukoak bailira”. Betikotasunaren kontzeptuan sakondu nahi izan du zuzendariak filmean, “denboraren igarotzeak epaituko ditu pertsonaiak eta hemen datza filmaren izaera irmoaren edukietako bat”.
IRENE ELORZA