"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Eugène Green poeta, idazle eta zinemagilea (La Sapienza, Le Fils de Joseph, En attendent les barbares) euskal kulturan murgildu da berriro Atarrabi eta Mikelatsen kondaira film luze batean jasotzeko. Thierry Biscary musikariaren laguntza izan du musikarako eta paper nagusietako bat ere gode dio: Deabruarena. Mari jainkosak Deabruaren esku utziko ditu bi semeak –biak aita hilkorrekoak– hark hez ditzan. Adin nagusitasunera iristen direnean, batek, Mikelatsek, maisuarekin geratzea erabakiko du; besteak, Atarrabik, ihes egingo du.
Zergatik aukeratu duzu Atarrabi eta Mikelatsen euskal mitoa zure luzemetrai berrirako?
Mitoekiko oso sentibera naiz, unibertsaletik zerbait badutela sinesten dudalako. Mitoetan zentzu ezberdinak aurkitu eta egokitu ditzakegu, Euripides eta Sofoklesen tragedietan gertatzen den bezala: Orestesen mito bera da baina kontakizuna, ezberdina. Ongiaren eta gaizkiaren arteko aurkakotasuna irudikatzen du Atarrabi eta Mikelatsen mitoak, sakratuaren eta naturaren arteko harremana. Mari jainkosak natura irudikatzen du, berez ez dena ez ona ez txarra. Gizakiak dira zentzu bat edo bestea ematen diotenak, hura pentsatu eta hitza erabiltzen dutenean.
Filmak antzerki-forma eta erritmo lasaia ditu eta horrek halako solemnitate klasikoa ematen dio, baina, aldi berean, ikuspegi moderno eta begirunegabekoa du. Kontrastea gustatzen al zaizu?
Niretzat, denboraz kanpo gertatzen den istorio bat da. Harremana dauka denbora guztiekin, baita garaikidearekin ere. Horregatik jokatu dut Donibane Lohitzune eta Zibururen irudi aurreturistikoarekin. Nik instintiboki nahasten ditut gauza arraro samarrak gauza larriekin.
Euskaraz egiten duzun bigarren filma da hau. Euskal mitologiaren pasarte bat aukeratuta, ezin bestela?
2016an Faire la parole (Hitza egin) euskarari buruzko dokumentala idatzi nuen eta filmaketa horretan Iparraldeko hiru gazteri eta Hegoaldeko bati eman nien hitza. Euskaraz eskolatuak izan diren eta hizkuntza ondo ezagutzen duten gazteak ziren, baina konturatu nintzen ez zutela euskal mitologia ezagutzen. Atarrabi eta Mikelatsen istorioa kontatu nien eta haien erreakzioa oso interesgarria izan zen niretzat. Horrek eman zidan filmaren gidoia egiteko eta mitoei erreparatzeko ideia. Eta euskaraz egiteari dagokionez, niretzat gauza batek bestera eramaten zuen.
Eszenografia eta dekoratuak oso zainduta daude filmean. Gidoia edo aktore-lana bezain garrantzitsuak al dira zuretzat?
Zinemaren funtsa dira biak, banaezinak dira niretzat. Gidoi bat idazten dudanean –eta zuzendari askok ez dute horrela egiten–, irudiak ikusten ditut, deskribatu egiten ditut, eta muntaketa buruan daukat. Dekoratzailearekin eta jostunarekin eskuz esku lan egiten dut materialak eta koloreak aukeratzeko, esaterako; dena baita filmaren parte eta dena delako garrantzitsua.
Gaur estreinatuko duzue filma, nola sentiarazten zaitu horrek?
Oso pozik nago filma konpartitzeagatik. Gainera, aktore eta teknikariak han izango dira. Filma ematen den lehendabiziko aldian publikoa euskalduna izatea oso garrantzitsua da niretzat. Zentzu berezia du.
Irene Elorza