"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
1985ean Mikel Zabalza nafar gaztea ETAko militante batekin nahasi eta atxilotu egin zuen Goardia Zibilak, beste gazte batzuekin batera. Zabalza desagertuta egon zen hogei egunez eta tortura zantzuekin aurkitu zuten hilik, Bidasoa ibaian. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak komisaldegitik ihes egin zuen; gizartearen gehiengo zabal baten iritziz, torturatuta hil zen gaztea. Inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu.
2020ko azaroan 35 urte beteko dira Zabalza hil zenetik. Familiak eta bailara oso batek (Aezkoa, Nafarroa) egia jakin nahian jarraitzen dute. Gertaera ikertu, egia azaldu eta belaunaldi berriei transmititzeko beharra guztien gogoan zegoen. Film dokumental bat egitearen ideia sortu zen orduan. Hori da gaur Zinemaldian estreinatuko den Non dago Mikel? filmaren hazia. “Memoria oso ahula da, oso hauskorra, eta Aezkoa bailarako jendeak filma egiteko deitu zigutenean, esan ziguten kezkatuta zeudela belaunaldi berriek ez zekitelako benetan zer gertatu zen”, azaldu du Miguel Angel Llamasek, proiektuaren gidaritza hartu zuen zuzendariak.
Handik urte batzutara eta crowdfunding eta diru laguntzen bidez finantziazioa lortuta, Amaia Merinorekin (Asier ETA biok, 2013) harremanetan jarri zen proiektua garatzeko. Merinok berehala esan zion baietz, eta urte luzez bere aberria izan den Ekuadorretik Euskal Herrira itzuli zen lanean burubelarri hasteko. “Nik hamabost bete berri neuzkan Zabalzaren desagerpena gertatu zenean, niretzako eta beste askorentzat inoiz ahaztuko ez dugun zerbait izan zen”, azaldu du Merinok.
Dokumentazio lan handia aurretik egina zegoen, izan ere, Miguel Angel Llamasek hamar urte zeramatzan hazia zen proiektua auzolanean eraikitzen, horretarako artxiboak eta bazterrak astintzen. Hiru zutabetan oinarritzen da dokumentala: batetik, Mikel Zabalzaren iloba gazteek familiaren etxean aurkitzen duten informazioz betetako kutxak sinbolizatzen duen transmisioaren gaia; bestetik, ETB hasi berri batek orduan bildutako ikus-entzunezko material itzela; eta bestetik, Zabalzarekin batera atxilotu eta torturatua izan zen Ion Arretxeren testigantza lazgarria.
Auziaz bi bertsio egon ziren hasieratik, ofiziala eta alternatiboa. “Bertsio ofiziala bihurtu zen inork sinesten ez zuena, eta bertsio ‘alternatiboa’ bihurtu zen ofiziala, jende guztiak sinesten zuena”, dio zuzendariak, “gezurra hain handia zen, herritarren bertsioa gailendu egin zela”. Egun iskanbilatsuak eta gogorrak izan ziren haiek. Protesta ugari egin ziren eta eztanda sozial handia egon zen.
ETBri esker berreraiki izan dute egun haietako kronika. “Ez zuten bakarrik editatutakoa gorde, brutoak ere gorde zituzten. Kasua oso garrantzitsua izan zen guztiontzat, baita ETBko kazetarientzat eta langileentzat ere, eta horregatik material hori gordeta eta digitalizatuta izan da arreta handiz”, dio Amaia Merinok. Llamasek zera gaineratu du: “Dokumentalak egiten dituen edozeinek inbidia handiz ikusiko du dokumental hau, orain dela 35 urteko gertakari bat horrela dokumentatua eta hain ongi jasota edukitzea ez baita normala; artxiboak bakarrik dena kontatzen du eta zuk zure ondorioak atera ditzakezu ondoren”, azaldu du.
Egiaren ondoren, aitortza
Euskal Herriarentzat egindako dokumentala da Non dago Mikel?, lehenik eta behin. Gertatukoaren memoria ez galtzea izan da proiektuaren helburua. “Badakigu tortura Euskal Herrian metodología bat izan dela, hori aitortu eta esan behar da”, azaldu du Merinok. Egia jakiteak gizarteari on egiteaz gain, egia hori ezkutatzen duenarentzat onuragarria dela sinetsita dago zinemagilea. “Guatemala, Argentina, Uruguai eta abarretan gertatu dira horrelakoak eta Egiaren Batzordeak sortu dituzte guztietan; eta Espainian ez? Izugarria da!”, gaineratu du.
IRENE ELORZA