"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bosgarren urtez ospatzen ari da Iberoamerikako LGTBIQ+ zinema-jaialdien topaketa Donostia Zinemaldiaren baitan. Zubiak eraikitzeko eta gogoetarako esparrua emateko asmoz, zortzi herrialdetako –Argentina, Txile, Kolonbia, Kuba, Ekuador, Mexico, Guatemala eta Espainia– hamasei zinema-jaialdi ari dira parte hartzen hiru eguneko batzarrean. Horietatik bi estrainekoz etorri dira Tabakaleran egiten den topaketara: Balearretako Mostra de Cinema de Diversitat Afectiva eta Sevillako Pequeño Certámen de Cine de Ambiente La Pecca, hain zuzen.
GEHITU Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Transexual eta Bisexualen Elkartea ari da anfitrioi lanak egiten, Zinemaldiarekin eta Acción Cultural Española (AC/E) elkartearekin lankidetzan, eta Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programaren bitartez (PICE). Topaketaren bosgarren edizio honetan, AECIDek (Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentzia) eta Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak parte hartu dute, eta Kutxa Fundazioak jarri ditu guneak. Zinema-jaialdietako hogei ordezkari inguru elkartu dira topaketan euren errealitateei buruz hitz egiteko, esperientziak partekatzeko eta industriarekin duten harremana sendotzeko asmoarekin.
Topaketaren baitan, Gehituko kideek osatutako epaimahaiaren VII. Sebastiane Latino banatuko da. LGTBIQ+ kolektiboaren aldarrien eta balioen defentsa ondoen jasotzen duen Latinoamerikako filmak eskuratzen du saria urtero. Sei ekoizpen aritu dira lehian aurten: Lemebel, Segunda estrella a la derecha, One Taxi Ride, Un rubio, Temblores eta Esto no es Berlín. Jayro Bustamante zuzendariaren Temblores (Guatemala, Frantzia, Luxenburgo) filmak jasoko du saria La Otra Banqueta Guatemalako jaialdiko ordezkariaren eskutik.
Irene Elorza