"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Euskal zinemari egindako ekarpenagatik, aurten Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak Telmo Esnalen Dantza filmari eman dio EZAE saria; euskal zinema-industriari egindako ekarpena eta pelikularen arrakasta, ibilbidea, kalitatea eta originaltasuna aintzat hartuz.
Ekitaldian Telmo Esnal, Marian Fernandez ekoizlea eta Juan Antonio Urbeltz izan ziren saria jasotzen eta Joxean Muñoz, Kultura sailburuordea, Rebordinos, eta EZAEko Alfonso Benegas eta Coro Odriozola ekitaldia aurkezten.
Dantzak lehen astean 4.000 ikusle izan zituen, hamaika aste egon zen karteldegian eta 40.000 lagun inguruk ikusi zuten, “kontuan izanda dantzari buruzko filma dela eta ez genekiela publikoak zein erantzun izango zuen, benetan pozik gaude. Izan ere, dantza filma magikoa da, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituena eta euskal zinemaren historian geratuko dena”, azpimarratu zuen Coro Odriozolak.
Nora Askargorta