"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Galaren hasieran bideo bat proiektatu da, duela gutxi hil diren eta Zinemaldiaren historiarekin lotura estua zuten lau lagun omentzeko: Diego Galán, Zinemaldiko zuzendari izandakoa; Luis Calparsoro, ordezkari nagusi ohia; Mariano Ferrer, prentsa-arduradun gisa jardundakoa; eta Juanmi Gutiérrez, errealizadorea eta bere film guztiak lehiaketan aurkeztu zituena.
Filmak areto ilunetan eta pantaila handian, distrakziorik gabe gozatzeko eta ikusleak omentzeko nahia izan dira irekiera galarako inspirazio-iturri. Hala, Cayetana Guillén Cuervok eta Loreto Mauleónek aurkeztu dute ekitaldia. Halaber, bi ikusle mota omendu dituzte inaugurazioan: alde batetik, Zinemaldiko saioak betetzen dituzten ikusle arruntak; eta bestetik, kritikariak eta zinema kazetariak.
Urtero bezala, FIPRESCIk bere Sari Nagusia eman du inaugurazio-galan. Aurten, Alfonso Cuarónen Roma filma izan da irabazlea. Gabriela Rodríguez produktoreak jaso du saria, Kataluniako Zinemagintzako Kritika eta Idazketa Elkarteko (ACCEC) presidente Marta Armengouren eskutik.
Ekitaldian omenaldia egin zaie zinemako generoei ere. Askotariko irudiak proiektatu dira: komediak, thrillerrak, fantasia eta beldurrezko filmak, dramak eta zinema sozial eta politikoko sekuentziak. Bideoak aurkezten izan dira Javier Calvo eta Javier Ambrossi (Los Javis goitizenez ezagunak), Leticia Dolera zuzendari eta aktorea eta Paul Urkijo zinemagilea.
Jarraian, Neil Jordanek hitz batzuk esan ditu epaimahai ofizialeko presidente gisa. “Uste dut datozen egunetan geure buruari betiko galdera egin beharko diogula: Zer da zinema? Nire ustez, erantzuna sinplea da. Areto ilun batean ezezagunez inguratuta eseri, eta beste norbaiten ametsak pantailan ikusten duzunean bizi duzuna da zinema”. Zinemagile irlandarrarekin batera oholtzan agertu dira Bárbara Lennie eta Mercedes Morán aktoreak, Pablo Cruz eta Katriel Schori errealizadoreak eta Lisabi Fridell argazki-zuzendaria.
Azkenik, Roger Michell zuzendariak, David Bernardi ekoizleak eta Sam Neill aktoreak Blackbird aurkeztu dute, hain zuzen ere, Sail Ofiziala abiarazi duen filma.