"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiak emandako enkarguaren herena eginda elkarrizketatu ditugu Pello Gutiérrez, Sara Hernández eta Eider Rodriguez, Euskal Zinemaren Irizar sariaren epaimahaia osatzen duen hirukotea. Sail Ofizialean, New Directorsen, Culinary Zineman edo Zabaltegin barreiatuta dauden bederatzi film ikusi eta baloratu behar dituzte datorren ostiralean epaia eman baino lehen. Eginkizun “zaila eta krudela” da, Eider Rodriguez idazle eta itzultzailearen hitzetan, nahiz eta filmak ikusten gozatzen ari diren.
Epaimahaiko kideek aitortu dutenez, elkarren artean oso ezberdinak diren filmak alderatzearen zailtasunaz asko hitz egin dute ezagutu direnetik. Oso formatu, gai eta aurrekontu ezberdineko proiektuak izanda, are zailagoa da saria zeini eman erabakitzea”, dio Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Ikus-Entzunezkoen Programaren koordinatzaile eta zineman aditua den Sara Hernándezek. Pello Rodríguez zinemagileak, epaimahaiko presidenteak, honela azaltzen du: “nahiz eta oso antzekoak izan, berez, film bat besteak baino hobea dela erabakitzea oso zaila egiten zait niri, zeren ez da lehiaketa bat”.
Aurretik irizpide batzuk finkatu badituzte ere, filmak ikusi aurretik ahalik eta gutxien hitz egitea adostu dute. Hala ere, orain arteko esperientziaren arabera, harrituta daude hiruron artean erakutsi duten sintoniagatik, bai irizpideei dagokionean baita pentsatzeko moduan ere. Zinemaldiko arduradunek emandako aholkuari jarraituz, filmak emanaldi arruntetan ikusten saiatzen hasi dira, pase pribatuak salbuespenetarako utzita. Esperientzia osoagoa delakoan dago hirukotea eta pozik daude filmak ikusteko hartu duten erritmoarekin, egunean lan bat edo bi ikusten, hain zuzen ere.
Bestalde, film bakoitza ikusi ondoren, elkarrekin geratu eta sakon eztabaidatzeko aukera izaten dute. Sentsazioak, ideiak, balorazioak beroan partekatzearen aldekoak dira hirurak. “Oso inportantea da film bakoitzaren ondoren hitz egitea, horrela, nahi gabe, noruntz goazen ikusten goazelako eta garrantzi gehiago zeri eman pixkanaka erabakitzen dugulako”, adierazi du Sara Hernándezek.
Euskarak aurtengo euskal zinema-ekoizpenetan duen presentziaren gaia planteatzean, eztabaida txikia sortzen da. Istorio bakoitzaren testuinguruak hizkuntzaren hautua baldintzatzen ote duen galdetuta, Eider Rodriguezek iritzi kritikoa azaltzen du. “Pena handia da”, dio iaz bi Euskadi sariren irabazlea izan zenak, “bazirdudien azken urteetan bazihoala-bazihoala baina, azkenean, ez dakit ondo zergatik ia ez daude euskaraz egindako filmak; hizkuntza bada kontatzeko toki bat, inportantea da egotea”.
Pello Gutiérrezek beste ikuspegi batetik ulertzen du auzia: “Zinemaldiak ahalegin handia egiten du euskal ekoizpenak azalera ekartzeko, eta badago intentzio bat zuzendaritzatik hori egiteko. Gehiago egin daitekeela? Bai, noski, beti egin daiteke gehiago baina uste dut badagoela hautu bat eta azkeneko urteetan ia beti egon da euskarazko lan bat Sail Ofizialean, dela Bertsolari, Amama, Loreak edo Handia. Oso erraza litzateke bertako zinemagintza bultzatzeagatik filmak kontzesio moduan sartzen direla pentsatzea, baina nire ustez kalitateagatik hartzen dira kontuan”.
Irene Elorza