"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bere lehenengo fikziozko film luzearekin, Kombinat ‘Nadezhda’ (2015), errusiar kritikariengandik urteko debut onenaren aitorpena jaso ondoren, Nataliia Meshchaninovak bigarren film luzea ekarri du Donostia Zinemaldiara. Serdtse Mira/ Core of the world lanari ekiteko aurreneko aldiko emozio eta ardura beretsuak sentitu ditu zuzendariak, egunkari honi aitortu dionez. “Ez nekien gidoia ekoizleen gustukoa izango al zen, baina proiektuari baietza eman ziotenetik, dena ondo baino hobeto joan da”, esan du zuzendariak.
Baso zabalaren erdian bizi den gizon gazte eta bakarti baten istorioa ekarri du Meshchaninovak oraingoan. Etxerik eta familiarik gabekoa da Egor, umetan maitasunik ezagutu ez duen morroi bakarzalea. Landetxe batean bizi da, albaitari lanak egiten ditu baserritar familia batentzako. Bertan, ehizatxakurrak entrenatzen dituzte hezitako azeriak erabiliz. “Bakardadea astuna egiten zaio, familiaren gabezia sentitzen du”, dio zuzendariak, “betetzeko gai ez den hutsune asko dauzka bere baitan, emakume batekin harreman intimoak izateko ezintasuna sorrarazten dizkionak”.
Egorren azalean sartu den Stepan Devonin aktoreak gidoilari lanak ere egin ditu filmean, eta, zuzendariaren senarra izateaz gain, albaitaria ere bada; beraz, esan daiteke neurrira egindako papera dela Egorrena. Bere ondoan, babesa ematen dion landetxeko familiako senaremaztearen paperetan eskarmentu handiko bi aktore daude, Dimitriy Podnozov errusiarra eta Jana Sekste letoniarra, hain zuzen. Azken horrek, hogei urte zeramatzan pertsonaiarik interpretatu gabe eta lurrari lotutako lanak eginez. “Nik bilatzen nuen emakume moderno eta baserriko langilearen itxura perfektoa zuen”, adierazi du zuzendari errusiarrak.
Letoniako, Errusiako eta Europar Batasuneko funtsen finantziazioari esker gauzatu ahal izan du Serdtse Mira. Donostiako Zinemaldiaren gonbidapena jaso zuenean, ez zuen zalantzarik izan eta ohore gisa ulertu zuen gonbita. “Niretzako Zinemaldia gaur hasten da, estreinaldiarekin, eta esperantza badut”, dio Meshchaninovak.
Animalien konpainia noblean
Egor gizon heldua den arren, zauritutako haur bat du bere baitan eta errazagoa egiten zaio animaliekin harremanak izatea gizakiekin baino. Iraganean, alkoholizatutako amarekin harreman bortitza izan duela iradokitzen du filmak; horregatik, ingurunea kontrolpean izatea behar du helduaroan. Animaliengan aurkitzen du segurtasun eta babes preziatua. Piztiak zaintzea eta landetxearen jabe den familiaren kide sentitzea nahikoak dira bere bihotz urratuarentzat.
Baina, aurki, Egorren mundua kolokan jarriko duten hainbat gertaera jazoko dira. Amaren heriotzaren berri izango du, batetik. “Jaiolekura itzultzen denean, haurtzaroko ingurua berriro zapaltzean, arrotz bat dela konturatzen da”, azaldu du Meshchaninovak. Bestalde, landetxeko alabarekin hasi berri den harreman intimoak huts egiten du, Egorren ezintasun emozionala dela eta. Eta azkenik, animalien eskubideen aldeko aktibista batzuek landetxearen egunerokotasun hauskorra inbaditzeak desoreka eragiten du eta Egorren mundua lur jotzen hasiko da. “Zerbait, berdin du zer, salbatu nahi duten talde asko sortu dira azkenaldian Errusian”, dio zuzendari gazteak, “aktibista hauen kasuan bezalaxe, ez dute gaian askorik sakontzen; ez dute lurraren oreka ulertzen, ezta basoaren eta gizakien artekoa ere”.
Irene Elorza