"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Behar batetik sortutako filma da Ana Schulzek eta Cristóbal Fernándezek zuzendutako Mudar la piel, atzo Zinemira saila inaguratu zuen lana. ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko bitartekari lanak egin zituen Juan Gutiérrezen –Schulzen aita– eta Roberto Florez CNIko agente ohiaren arteko adiskidetasun harremanean sakontzen du dokumentalak. Traizio intimo baten arrazoien bilaketak eta bide horretan aurkitutako oztopoek harilkatzen dute kontakizuna.
Bi pertsonaia oso desberdinek mantendu duten lagun harreman bitxiaren kronika da Mudar la piel. Bata, Juan, Gernika Gogoratuzeko ekintzaile izandakoa, entzuteko gaitasun itzela duena eta bitartekari langintzari esker bere bizitza lezio bihurtu duen intelektuala; bestea, haren bizitzan inflitratu zen identitate labaineko espioi deseroso eta nardagarria. Lagun harreman estua mantendu ostean, Roberto desagertu eta urteak emango dituzte elkar ikusi gabe eta inolako kontakturik izateke, harik eta egun batean Robertok gartzelatik gutun bat bidaltzen duen arte. Juanek adiskidetasuna berreskuratu egingo du, baina alaba Anarentzat harreman horren misterioak ulertezina izaten jarraituko du.
Ana Schulz donostiarra argazkilaria, kazetaria eta arte-aretoetan lanean aritua da eta hauxe du bere lehenengo film luzea. “Anaren oso lan pertsonala izan da”, dio Cristóbal Fernández kideak. Musikari, editore, zuzendari eta irakasle honentzat, berriz, laugarren dokumentala da hau. Adiskidetasun harreman baten kontakizuna izateaz gain, aipatu bi zinemagileek Roberto espioiarekin izandako harremanaren narrazioa ere bada Mudar la piel. “Ez da aurretik pentsatutako zerbait; kameraren atzean gertatzen ari zena kontatzen beste film bat zegoela konturatu ginen”, azaldu du Cristóbal Fernández zinemagileak.
Ana Schulz kamera aurrean eta atzean egoteak ezinezkoa egiten omen zuen bakarkako lana ontzea, gainera. “Buru biko munstroa ginen, baina oreka aurkitu genuen: nik emozioak askatu ahal izan nituen Cristóbalek burua hotz mantentzen zuen bitartean”, dio Schulzek. Lau urtez grabatutako film “organiko” gisa deskribatzen dute egileek: “etxean, oporretan eta abar grabatu genuen eta, honenbestez, film familiarra izan da”.
Ezin ahaztu istorioa gertatzen den garai hartako testuingurua, dena den. Euskal gatazka beste ikuspegi batetik aurkezteko ahalegin zintzoa da dokumentala. “Ikuspegi intimoagoa, familiarragoa nahi nuen islatu eta, bide batez, biktima/ biktimario binomiotik kanpo zeuden beste figura batzuen azaletik egitea”, azaldu du Ana Schulz egileak. Gai delikatu horren testuinguruan, giroa modu egokian islatu nahi izan dute, eta horretarako artxiboko irudien aldeko apustua egitea deliberatu dute, elkarrekin sortutako haien lehen lan luzean.
Harrera beroa Locarnon
Zinema independiente eta egile zinemaren inguruan 1946tik Suitzan uda partean egiten den zinemaldirik ospetsuenetako batean, Locarnon, estreinatu berri da Mudar la piel. Harrera ona izan zuen, areto bete batek ongietorria eman ziolarik. “Jendeak gustora hartu zuen kontakizuna; agian, hemen Donostian, ikusleek auzi politikoan jarriko dute arreta… ikusiko dugu”, aitortu du Ana Schulzek. Pelikula egiteko orduan Donostia Zinemaldia gogoan izan dute egileek, Sr y Sra ekoiztetxe donostiarrarekin egin dutelako eta eszena asko bertan kokatuta daudelako, besteak beste.
IRENE ELORZA