Zuzendari japoniarra Donostia Saria jaso duen lehen filmegile asiarra da. Lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, eta bitan lortu du Publikoaren Saria
Donostia Zinemaldiaren 66. edizioko Donostia sariak Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarrak (Tokio, 1962) zinemaren munduari egin dion ekarpena aintzatetsiko du. Kore-eda Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsu hori jasotzen duen lehen errealizadore asiarra da. Saria emateko ekitaldia Victoria Eugenia antzokian izango da eta, hori osatzeko, Manbiki kazoku / Shoplifters filma proiektatuko da; Urrezko Palmorria irabazi zuen azken Canneseko zinema-jaialdian.
Esan bezala, Donostia sariko emanaldi berezia izango da film hori; hala, hamargarren aldiz parte hartuko du Kore-edak Donostia Zinemaldian. Aurretik, Sail Ofizialean lehiatu da Wandafuru raifu / After Life (1998), Hana yori mo naho / Hana (2006), Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) eta Kiseki / I Wish (Milagro, 2011) –gidoi onenaren saria lortu zuen– filmekin; Zabaltegi-Bereziak sailean Nochi-no-hi / The Days After (2011) eta Perlak sailean Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013), Umimachi Diary / Our Little Sister (2015), Umi yori mo mada fukatu / After Storm (2016) eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) filmekin.
Hirokazu Koreeda 1962an jaio zen Tokion, Waseda Unibertsitatean graduatu zen 1987an, eta TV Man Union telebista-ekoizpeneko konpainian hasi zuen bere ibilbidea, zenbait dokumentalen zuzendari-lanetan. 1995ean, zineman debutatu zuen Maboroshi no hikari / Maborosi filmarekin. Bere lehen lan horretan, Teru Miyamotoren nobela bat egokitu zuen. Ordurako, bere estiloa azaldu zuen eta bere lanetan behin eta berriro agertu diren gaiak jorratu zituen, esaterako, familia-harremanak eta pertsona maiteak desagertzeak sortzen duen hutsunea. Filmak Urrezko Osella irabazi zuen Veneziako zinema-jaialdiko 52. edizioan, eta etorkizun handiko zinemagiletzat hartu zuten azkar Kore-eda –1990ko hamarkadan, Japoniako zinemaren berrikuntza sortzaile garrantzitsua egiten zuten zinemagileetako bat izan zen–. Bere bigarren filmak, Wandafuru raifu / After Life (1998), fantasiazko zinemaren eta teknika dokumentalen arteko fusio originalak, bere talentua berretsi besterik ez zuen egin Donostia Zinemaldian estreinatu eta gero. Canneseko zinema-jaialdian, bere lan hauek eman dituzte: Distance (2001), Aum Shinrikyo sektak 1995ean egin zuen atentatuari buruzko ikerketa poetikoa, Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu zuten. Bestalde, haurren mundua arakatzen duen bere lehen lan ederrari, Dare mo shiranai / Nobody Knows (2004) filmari, esker, gizonezko aktore onenaren saria irabazi zuen protagonistetako batek; Yagira Yuyak, hain zuzen ere.
Kore-eda gaur egungo Japoniako bizitzaren kronista handietako bat bada ere, Hana yorimo naho / Hana (2006) filmean, zinema historikoa eta samuraien gaia jorratu zituen; betiere, oso ikuspegi pertsonaletik, bere mezu humanistarekin generoaren konbentzioak apurtzeko. Film hori Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, bai eta Aruitemo auritemo / Still Walking (2008) ere, familia-harremanen emoziozko kontakizuna. Kûki ningyô / Air Doll (2009) Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean estreinatu zen, eta bira harrigarri bat izan zen bere ibilbidean; izan ere, zientzia-fikziozko istorio bat kontatzen du, gizakien sentimenduak ahaztu gabe, zuzendariaren betiko kezka baitira. Azken urteetan, Kore-edak familiarekiko eta haurrekiko interesa lehenesten jarraitu du, oroipenari, galerari eta bizitzearen esperientzia gazi-gozoari buruzko drama sentikorren bidez. Horiek guztiak nazioarteko zinema-jaialdietan estreinatu dira: Kiseki / I Wish (2011), gidoi onenaren saria lortu zuena Donostia Zinemaldian; Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son (2013) eta Umimachi Diary / Our Little Sister (2015)¸ Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zirenak; Umi yori mo mada fukatu / After the Storm (2016), Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zena; eta Sandome no satsujin / The Third Murder (2017) drama judiziala, Veneziako zinema-jaialdian lehiatu zena.
Ekoizle-lanetan ere aritu da Kore-eda, zinema japoniarraren talentu berrien lanak laguntzen: Miwa Nishikawaren Hebi ichigo / Wild Berries (2003), Yusuke Iseyaren Kakuto (Rotterdameko zinema-jaialdian aurkeztu zen), Tomoko Kanaren Beautiful Islands (2009), Mami Sunadaren Ending Note: Death Of A Japanese Salesman (2011) –Donostia Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailerako hautatu zuten–, Kohei Imanakaren Anohi - Fukushima ha ikiteiru / That Day – Living Fukushima (2012) eta Ten Years Japan (2018) film kolektiboa.
Hirokazu Kore-eda Donostia Zinemaldiko ikusleek gehien maite dituzten zinemagileetako bat izan da beti, bere sentikortasun handiko kontakizunek muga geografiko eta kulturalak gainditzen dituztelako balio unibertsalei buruz hitz egiteko. Horrexegatik jaso zuten, bada, Soshite chichi ni naru / Like Father, Like Son eta Umimachi Diary / Our Little Sister filmek Donostia Zinemaldiko Publikoaren saria.
Kore-edari errekonozimendu hau Zinemaldiaren pauso bat gehiago da zinematografia munduan goraipatzeko moduko lanak egin dituzten artista handiak saritze horretan; iaz, Agnès Vardarekin egin zen bezala.