"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Philippe Garrel zinemagilearen semea izateagatik ezagutu izan dute askok Louis Garrel. Aktore lanetan, ordea, film ezagunetan aritu izan da azken hamarkadan. Bertolucciren Dreamers-en ezagutarazi zen, eta orain dela gutxi Godard zinemagilea haragitu du Le Redoubtable pelikulan. Zuzendari gisa, ordea, 2015ean estreinatu zen Les deux amis-ekin, eta bere bigarren lana da Sail Ofizialaren barruan aurkeztu duen L’homme fidèle.
“Hasieran gehien izutzen ninduena Jean-Claudekin batera idaztea zen –tupustean aitortu du Garrelek– . Gidoia horren eskarmentu handiko maisu batekin idazteak kikilduta ninduen, batzuetan dardarka hasten nintzen bere aurrean. Baina pixkanaka paperak zehaztu genituen, bera gogorra eta lehorra zen idazketan, eta ni, berriz, sentimentalagoa”.
Carrièrek irri egiten dio erantzun aurretik: “Esango nuke bion arteko zubia filmeko emakumeak izan direla. Bere aitarekin lan egin nuen aspaldi eta horrek bion arteko konexioa erraztu zuen. Bestalde, talentua du, ederra da, aktore hala moduzkoa… Tira, Louis atsegin dudala aitortu behar dut. Gainera, aktorea izango bada zuzendaria, bidearen zati handi bat egina daukagu”.
Genero zehatzik gabeko lana da L’homme fidèle, bai baitu komediatik dramatik bezain beste. “Komedia bat da baina drama ere bada. Drama bada, baina komedia ere bada. Ezin da etiketatu. Thrillerra izan daiteke, suspensea ere badu.Generoak nahastuta daude eta ezin da zehaztu. Hori positiboa dela uste dut. Ez zait gustatzen ni ere definitua izatea”, nabarmendu du Louis Garrel zuzendari eta aktoreak.
Amodiozko triangelu baten istorioa kontatzen du filmak. Mariannek (Laetitia Casta) Abel (Louis Garrel) utzi eta haren lagunik onenarekin joango da, Paulekin, espero duen haurraren aita baita. Zortzi urteren ondoren, Paul hil egingo da, eta Abel nahiz Marianne berriro elkartuko dira. Horrek, baina, jeloskor jarriko du Eve (Lily-Rose Depp), Paulen arreba, nerabe zenetik Abelez maiteminduta egon dena. Hortik aurrera, umore ukituekin kontatuko du Garrelek hiruen arteko harremana.
“Nik Everena egiten dut; Paulen arreba txikia naiz. Txiki txikitatik maiteminduta dago, hazi egiten da, emakume bihurtzen da, eta emakume bihurtze horrekin ikusten du bere nahiak, ametsak bete ahal izango dituela. Uste dut hori oso interesgarria dela eta bere bizitzan duen trantsizio hori erraza dela ulertzea. Denok konturatzen gara dagoeneko ez zarela neskato bat, emakume bat zarela eta hor badator botere bat emakume izatearekin. Pertsonaian hori ikus dezakegu, nola hazi den, eta nola sentitzen duen premia hori bere burua adierazteko eta beti amestutako hori lortzeko; eta erakusten digu ere emakume izateak duen botere hori”, esan du Lily-Rose Deppek.
Laetitia Castak bestalde, gogortzat eta erradikaltzat jo du bere pertsonaia: “Odola, haragia eta bihotza jarri dizkiot nire pertsonaiari. Mariannek zuzentzen du egoera, berak du boterea, bera da nagusia”. Film honetan emakumeek gobernatzen dute istorioa, gizona objektu bihurtzen delarik. “Bata eta bestearen artean darabilgu gizona, pilota bat izango balitz bezala”, harro agertu da aktore bihurtutako modelo ohia.
Film luze bat horren laburra (75’) egitearen zergatiaz ere galdetu zaio zuzendariari. “Filmaketa 4 astetan burutu genuen, zuzena eta laburra izan zen, filma bezalaxe. Nire iritziz –azaldu du Garrelek–, asperdura maltzurra da. Filma ikusten agian lo hartuko zenuten, baina aspertu ez”.
SERGIO BASURKO