"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak Parekidetasunaren eta Emakumeen Inklusioaren aldeko gutuna sinatu du gaur. Zinemaldiak jadanik betetzen dituen hainbat konpromiso hartu ditu: generoaren arabera banatutako estatistikak konpilatzeko lanean ari da, bai hautagai izan diren filmei buruzkoak, bai hautatutako eta programatutako filmei dagozkienak, emakumeek zuzendutako proiektuen presentziari buruzko datu fidagarri eta egiazkoak biltzeko; hautespen- eta programazio-batzordeetako kideen zerrenda zabalduko du (Zinemaldiko webgunean kontsulta daiteke); eta Zinemaldiko organo exekutiboak aldatzeko egutegi bat ezarriko du, egungo agintaldian parekidetasuna lortze aldera.
Donostia Zinemaldiko zuzendaritza batzordean gaur egun lau emakumek eta hiru gizonek parte hartzen dute. Hautespen Batzordearen kasuan, parte-hartzaileak bost gizon eta lau emakume dira, baina Zinemaldiak iragarri nahi du gaur, egun esanguratsu honetan, aurrerantzean hautaketa batzordeak hamargarren kide bat izango duela: Zinemaldiko komunikazio arduradun Ruth Pérez de Anucita.
Halaber, 2019. urtean Zinemaldiak jakinarazpen bat bidaliko du lortutako aurrerapenekin.