Constantin Popescu errumaniar zuzendariarekin osatuko da Donostia Zinemaldiaren 66. Epaimahai Ofiziala. Alexander Payne izango da epaimahaiaren presidentea, eta zeregin horretan alboan izango ditu Nahuel Perez Biscayart eta Rossy de Palma aktoreak, Agnes Johansen ekoizlea eta Bet Rourich argazki-zuzendaria ere. Popescu Sail Ofizialean lehiatu zen iaz, Pororoca filmarekin, eta hari esker gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen Bogdan Dumitrachek. Francesca Cima italiar ekoizlearen ordez etorriko da Popescu, azkenean arrazoi pertsonalak direla-eta hura ezingo denez etorri.
Gainera, Juliette Duretek itxiko du Zabaltegi-Tabakalera sariaren epaimahaia, jadanik baieztatuta zeuden Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun Santos Zunzunegi –epaimahaiaren presidentea– eta Filipa Ramos idazle eta editorearekin batera. Duret Bruselako Centre for Fine Arts (BOZAR) zentroko Zinema saileko zuzendaria da.
Constantin Popescu errumaniar zuzendari, idazle eta gidoilari bat da. Bukaresteko Unibertsitatean Atzerriko Hizkuntzetako gradua atera ondoren, Britainiako Kultur Ikasketen Masterra egin zuen zentro berean. Zuzendaritzako eta ekoizpeneko laguntzaile aritu da, besteak beste, Bertrand Tavernier, Michael Haneke, Costa Gavras, Lucian Pintilie eta Francis Ford Coppola zuzendarientzat. Haren lehenengo film laburrek –The Apartment (2004, Veneziako zinema-jaialdia), A Lineman’s Cabin (2006, Veneziako zinema-jaialdia) eta The Yellow Smiley Face (2009, Locarnoko zinema-jaialdia)– mundu osoko 60 zinema-jaialditan baino gehiagotan hartu dute parte. 2009an, Amintiri din epoca de aur (Tales from the Golden Age) talde-filmeko segmentuetako bat zuzendu zuen; Cristian Mungiuk ekoitzia, Canneseko Un Certain Regard sailean estreinatu zen. Bere lehenengo film luzea, Portretul luptatorului la tinerete (Portrait of the Fighter as a Young Man), Berlinen estreinatu zuen, 2010ean, eta zuzendari onenaren saria eraman zuen Bratislavan. Bigarrena, Principii de viata (Principles of Life, 2010) Zabaltegi – Zuzendari Berriak sailean proiektatu zen, Donostian. Ondoren Pororoca (2017) etorri zen, eta haren protagonistak, Bogdan Dumitrachek, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostian. Horrez gain, telesailak zuzendu ditu Errumaniako telebista-kate nagusirako, ProTv-rako (Las Fierbinti, 2011), eta Errumaniako HBOrako (In Treatement , 2012; Shall We Kiss?, 2013). 2012an Turingo zinema-jaialdiko Sail Ofizialeko epaimahaiko kide izan zen.
Université libre de Bruxelles (ULB) unibertsitatean 1989an Ekonomiako gradua atera ondoren, zineman lan egiteko gogoa piztu zitzaion Bruselako Zinema Artxibategira maiz egindako bisiten ondorioz. Zinema-ekoizpeneko laguntzaile gisa hasi zen lanean, Bartzelonan bizi bitartean. 1992an Wallonie Bruxelles Images konpainiako koordinatzaile bihurtu zen, frantses-hiztunen komunitatearen zinema atzerrian sustatzeko, nazioarteko zinema-jaialdietarako aholkularitza, marketin eta promozioaren bidez. 2001ean prestakuntza jarraituko programa bat burutu zuen EAVEn (les Entrepeneurs d l’Audiovisuel), Wallonie Bruxelles Imageseko zuzendari bihurtu aurretik. Han 14 urte eman ondoren, Centre for Fine Arts-era (CFA - BOZAR Brussels) joan zen, 2006tik 2013ra, koordinatzaile eta zinema-kuradore postuaz arduratzeko. 2013tik BOZAReko zinema-sailaren burua eta zuzendaritza-taldeko kidea da. Europako Zinema Akademiako Kidea da, halaber, 2006tik, baita André Delvaux Akademiakoa ere (Magritte sariak). Proiektuak ebaluatzeko batzordeetan, akademiatan eta nazioarteko zinema-jaialdietako epaimahaietan parte hartu du.