Lumière! L’aventure commence filmaren iazko aurkezpen gogoangarriaren ondoren –Canneseko zinema-jaialdiko eta Lumière Institutuko zuzendari Thierry Frémauxen emanaldi iruzkinduna barne–, zaharberritutako klasiko baten emanaldia urteroko hitzordu bihurtzeko elkarlanean hasi dira Donostia Zinemaldia eta Lyongo Lumière zinema-jaialdia.
Klasikoa ekimenari hasiera emateko, Vittorio De Sicaren Ladri di biciclette / Bycicle Thieves (1948) ekoizpena aukeratu dute, Italiako neoerrealismoaren film enblematikoa.
Filma zaharberritu du Boloniako Cineteca Fundazioko L’imagine Ritrovata laborategiak (Italia), ikerketa, kontserbazio eta zaharberritze zinematografikoaren alorrean mundu-mailan erreferentzia den zentroak. Zaharberritutako filma Canneseko aurreko zinema-jaialdiko Cannes Classics sailean aurkeztu zen eta handik gutxira Boloniako II. Cinema Ritrovato zinema-jaialdian proiektatu zen, Ritrovati e Restaurati 2018 / Recovered & Restored 2018 sailaren barruan.
Urtero, Zinemaldiak eta Lumière zinema-jaialdiak elkarrekin aukeratutako film bat proiektatuko da Donostian.
Ladri di biciclette filmaren emanaldia Frémauxek aurkeztuko du, Tabakalerako zinema-aretoan, irailaren 24an (astelehena).
Zinemaren historiako lan onenen artean dagoela irizten zaio filmari, eta atzerritar hizkuntzako film onenaren Oscar sari bat irabazi zuen 1949an. Gizon baten zoritxarraren berri emango digu; izan ere, laneko lehenengo egunean, lan egiteko ezinbesteko bitartekoa lapurtuko diote: bizikleta. ¿Qué es el cine? lanean, filmari buruzko azterketa ospetsua egin zuen André Bazinek; filma zinema purutzat deskribatu, eta zera ondorioztatu zuen argumentuari buruz: “Langilea bizi den mundu horretan, pobreek, aurrera ateratzeko, elkarri lapurtu behar diote”.
Gerraosteko Erroman, Antonio langabeak kartelak jartzeko lan erraz bat aurkituko du. Baldintza bakarra dago: bizikleta eduki behar du. Beraz, ozta-ozta lortuko du bat erostea, baina lehenengo lanegunean lapurtu egingo diote. Horrela hasiko da Antonioren abentura osoa, bere seme Brunorekin batera bizikleta berreskuratzeko. Bitartean emaztea, María, etxean zain dago beste haurrarekin. Etsian, Antonio bizikleta bat lapurtzen saiatuko da, baina poliziak atxilotu egingo du.