L’homme fidèle / A Faithful Man (Louis Garrel), Baby (Liu Jie), Alpha, the Right to Kill (Brillante Mendoza), In Fabric (Peter Strickland), Beautiful Boy (Felix Van Groeningen) eta Blind Spot (Tuva Novotny) opera prima ere sartu dira 66. Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien zerrendan. Hala, Zinemaldiko sari ofizialak lortzeko lehian, Icíar Bollaín, Claire Denis, Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Isaki Lacuesta, Benjamín Naishtat, Valeria Sarmiento, Rodrigo Sorogoyen, Markus Schleinzer, Juan Vera eta Carlo Vermuten lanei gehitu zaizkie sei ekoizpen horiek.
Louis Garrel (Paris, 1983) frantses aktore eta errealizadoreak zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztuko du, Les deux amis / Two friends (2015) opera primarekin Canneseko Kritikaren Asteko aukeran sartu eta gero. Garrel, zeina Bertolucci, Bonello, Hazanavicius eta Honorérekin aritu baita lanean, L’homme fidèle filmeko protagonistetako bat izango da, Laetitia Castarekin eta Lily-Rose Deppekin batera.
Liu Jiek (Tianjin, Txina, 1968) Veneziako Orizzonti saria irabazi zuen bere lehen lanarekin (Mabei shang de fating / Courthouse on Horseback), eta 19 urteko gazte baten istorioari heldu dio Bao bei er / Baby filmean. Gaixo dagoen haur bat salbatzen saiatuko da.
Cannesen, Berlinen eta Venezian lehiatu eta gero, Brillante Mendozak (San Fernando, Filipinak, 1960) lehenengo aldiz parte hartuko du Donostiako lehian, Alpha: The Right to Kill filmarekin. Filipinetako gobernuaren drogen aurkako borroka da filmaren testuingurua. Iaz Zuzendari Berriak sailean ekoizle gisa lehiatu zen Mendoza, Daniel Palacioren lehen lanarekin (Pailalim / Underground).
Tuva Novotny (Stockholm, 1979) suediar aktorea, Annihilation eta Borg / McEnroe (Perlak, 2017) filmen protagonista duela gutxi, zuzendaritza zinematografikoan estreinatu da Blind Spot filmarekin. Lan horretan puntu itsu psikologikoei buruzko istorio bat jorratu du, ama baten eta alaba baten arteko harremanaren bitartez.
Peter Strickland (Reading, Erresuma Batua, 1973) kultu-egile bihurtu da hiru film soilik egin arren: Katalin Varga (2009), Berlinen lehiatutako filma, Europako Zinemaren Sarietan aurkikuntzatzat jotakoa; Berberian Sound Studio (2012), Locarnon lehiatutakoa; eta The Duke of Burgundy (2014). Haren laugarren fikzio-filmean, In Fabric-en, soineko madarikatu baten ibilbideari jarraituko dio.
Beautiful Boy Felix Van Groeningenek (Gante, Belgika, 1977)ingelesez filmatutako lehenengo lana da. Aurrez, De helaasheid der dingen / The Misfortunates (2009)aurkeztu zuen Errealizadoreen Hamabostaldian, eta Alabama Monroe (2013) Berlinaleko Panorama sailean, non Publikoaren Saria irabazi baitzuen. Gainera, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Beautiful Boy filmaren oinarria benetako istorio bat da: aita batek semea drogetatik ateratzeko aurrera eraman zuen borroka. Steve Carellek eta Timothée Chamaletek antzeztu dute, eta Moonlight eta 12 Years a Slave filmengatik Oscar saria irabazi zuten produktoreek ekoitzi (Brad Pitt, Dede Gardner eta Jeremy Kleiner).
Zinemaldirako hilabete falta denean, jadanik ezagutzen ditugu lehiatuko diren hemezortzi filmak, lehiaketaz kanpo parte hartuko dutenak (Gigantes) eta proiekzio bereziak (Tiempo después eta Dantza). Amaierako filma hurrengo asteetan jakinaraziko da.
Gobernuak legez kanpoko drogei aurka egiteko hartu dituen neurri zorrotzen esparruan, Manilako droga-jauntxo nagusietako bat, Abel, atxilotzeko operazio bat egingo du poliziak, SWAT taldea buruan. Informazioa Espino poliziak eta haren isilmandatari Elijahk, droga-saltzaile kaskar batek, emango dute. SWATen eta Abelen gizonen artean borroka bortitza piztuko da txabola-auzo batean. Ikertzaileak gertakarien eszenan sartu aurretik, Espinok eta Elijahk Abelen motxila lapurtu eta bertatik ihes egingo dute diru eta metanfetaminekin. Bizirauteko ekintza batentzat, eta korrupziozkoa bestearentzat; haren ondorioz, gertakari sorta arriskutsua jarriko da abian eta prozesu horretan euren izena, familia eta bizitzak jokatuko dituzte biek.
Jiang Meng duela 19 urte jaio zen, Nanjingen, VACTERL sindromearekin. Gurasoek abandonatu egin zuten. Bere harrera-amak eta Wang zuzendariak lagunduta, ospitale batean garbitzaile dabil Jiang. Egun batean, ospitalera jaioberri batekin iritsi den gizon batekin topo egingo du Jiangek. Haurtxoa VACTERL sindromea duen neskatxa bat dela jakingo du, eta aitak alaba ez tratatzea erabaki duela.
David eta Nick Sheff aita-semeen oroitzapenen best-sellerra harturik oinarri, urte luzez adikzioari aurka egin behar izan zion familia baten biziraute, berrerortze eta berroneratze istorio lazgarri eta inspiratzailea kontatzen du Felix Van Groeningenen filmak.
Blind Spot filmean ama batek zailtasunak ditu bere alaba nerabearen krisia ulertzeko, eta tragedia batek familia osoa astinduko du.
In Fabric filmaren eszenatokia saltegi handi bateko neguko merkealdi jendetsuak dira, eta jantzi madarikatu baten urratsei jarraitzen die, ondorio latzak eraginez eskuz esku igaro ahala.
Mariannek Abel utziko du eta haren lagunik onenarekin joango da, Paulekin, espero duen haurraren aita baita. Zortzi urteren ondoren Paul hil egingo da. Abel eta Marianne berriro elkartuko dira, baina horrek jeloskor jarriko ditu Mariannen semea, Joseph, eta Paulen arreba, Eva, haurtzarotik Abelekin sekretuan maiteminduta egon dena.