Argentinako El amor menos pensado filmak emango dio hasiera Donostia Zinemaldiaren 66. edizioari. Juan Vera gidoigile eta ekoizle argentinarrak zuzendutako lehen filma Urrezko Maskorra eskuratzeko lehiatuko da. Lucrecia Martelek zuzendutako Zama filmaren ekoizlekidea da Vera, bai eta Pablo Traperok zuzendutako Elefante blanco eta Carancho filmena ere. Verak zuzendutako lehen film honetan, Mercedes Morán eta Ricardo Darín izan ditu ondoan; azken hori, Donostia sariduna bera, ekoizle gisa ere aritu da filmean, bere seme Chino Darínekin batera.
25 urte ezkonduta eman ondoren, krisialdiak jo eta banandu egingo den bikote batean ardaztuta dago filma. Maitasunari, desioari eta denboraren joanari buruzko gogoeta egingo dute bikotekide ohiek.
Mercedes Morán (Villa Dolores, Argentina, 1955) Latinoameriketako zinemagile garrantzitsuenetako batzuekin aritu da lanean: Lucrecia Martel, Juan José Campanella, Walter Salles, Ana Katz (Los Marziano, 2011ko Sail Ofiziala) eta Pablo Larraín-ekin, besteak beste. Sueño Florianópolis filmean egindako lanagatik emakumezko aktore onenaren saria jaso du aurten Karlovy Varyko zinema jaialdian. El ángel ere estreinatu du 2018an, Cannesko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztua, zeina Perlak sailean proiektatuko den.
Ricardo Darín (Buenos Aires, 1957) Latinoamerikako aktorerik ospetsuenetako bat da. Donostia saria jaso zuen iaz, bere ibilbidearen aitorpen gisa. Zinemagile handiekin egin du lan; besteak beste, Adolfo Aristarain, Juan José Campanella, Fabián Bielinsky, Fernando Trueba, Trapero, Cesc Gay eta Santiago Mitre-rekin. Azken bi hamarkada hauetan egin dituen filmetako asko ikusgai egon dira Donostia Zinemaldian; izan ere, Darín lau aldiz lehiatu da Sail Ofizialean, epaimahaikide ofiziala izan zen 2012an, eta, Donostia sariaz gain –La cordillera filma proiektatzearekin bat–, gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen, ex aequo Javier Cámara-rekin batera, Truman filmagatik, bai eta Europako Film Onenaren Publikoaren Saria ere, Relatos Salvajes filmagatik.
Hogeita bost urte ezkonduta eman ondoren, Marcosek eta Anak maitasunari, desioari eta fideltasunari buruzko gogoeta sakona egingo dute, eta beren bizitzak betiko aldatuko dituen erabaki bat hartuko dute.