Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Patioan aurkeztu dira, gaur goizean, Donostia Zinemaldiaren irudi berria eta 66. edizioko sailetako kartelak. Nortasun grafikoa berritzearen helburuak marka eguneratzea eta ikusgaitasun handiagoa izatea dira. Horretarako, Donostiako TGA estudioak, bai irudi berriaren bai kartelen egileak, lerro sintetikoagoko eta sendotasun bisual handiagoko maskor bat erabili du, Zinemaldia modernoa dela, etengabe berraztertzen dela eta testuinguru aldakorrera moldatzen dela erakusteko.
Sailetako kartel guztietan dinamismoa, argitasuna eta bizitasuna nagusitzen dira eta tratamendu eta nortasun grafiko bera partekatzen dute, argazki batez eta ilustrazio batez osatutako konposizio batetik abiatuta. Horrek batasuna eta koherentzia ematen dizkio osotasunari. Era berean, sail bakoitzak bere nortasuna du, kolore bereizgarri bati esker. Sail Ofizialaren kartela aurrerago aurkeztuko da, irudi eskubideen baimena adostu ondoren.
Logotipoak hiru osagai ditu: maskorra, laburdura –horretarako Helvetica tipografia erabili da– eta Zinemaldiaren izena, hiru hizkuntzatan idatzita (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).
Donostiako TGA estudioak, Nagore García Pascual, Julen Cano Linazasoro eta Txema García Amiano buru dituela, diseinu grafiko interaktiboaren, arkitekturaren eta barne-diseinuaren arloak bateratzen ditu.
Hamabost urteko ibilbidean, bere funtzionaltasunaren eta estetikaren nahasketak eta lengoaia bisual bereizgarriak, besteak beste, Donostia Kulturaren, Kutxa Fundazioaren, Elías Querejeta Zine Eskolaren eta Aquariumen nortasunak taxutu dituzte. Bere kartelen artean, Musika Hamabostaldiaren 75. urteurrenekoa, 2017ko Estropadak, Uda-gau bateko ametsa muntaketa eszenikokoa eta Zinemaldiko iazko edizioko Culinary Zinemako irudia daude, besteak beste.
Prentsaurrekoan, Zinemaldiko zuzendariak, José Luis Rebordinosek, edizioaren gakoetako batzuk aurreratu ditu, baita industriaren eta talentu berrien aldeko apustu sendoa, euskal zinemaren eta Espainiakoaren momentu ona eta Zinemaldiak aurrean dituen erronkak ere, adibidez: Elías Querejeta Zine Eskola irekitzea eta emakume zinemagileen garrantzia azpimarratzea.
NEW DIRECTORS
Bi aurpegi inpertsonal, tente eta desafiatzaile, errealizadoreen lehen eta bigarren filmak eta haien begirada ezezagunak biltzen dituen sailerako.
HORIZONTES LATINOS
Palmondo batek, txakur batek eta harresiaren beste aldera begiratuz errealitate edo pertzepzio bikoitzaren ideiari bide ematen dion haur batek ilustratzen dute Latinoamerikan osoki edo partzialki ekoitzitako, jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzendutako edo munduko gainerako lurraldeetako komunitate latinoak kokaleku edo gai dituzten film luzeen saila. Sail horrek Latinoamerikako errealitatea estereotiporik gabe islatzeko helburua du.
ZABALTEGI - TABAKALERA
Tranpolineko estilo libreak eta igeriketako jauzi zailenak, jauzi nagusi hirukoitzak, irudikatzen dute sail irekiena, zeinetan ez dagoen ez araurik, ez estilo edo denboraren inguruko mugarik: film laburrak, ertainak, luzeak, fikzioak, ez-fikzioak, animazioak, sailak, ikus-entzunezko instalazioak, etorkizuneko aurkikuntzak edo klasiko garaikideak biltzen ditu.
PERLAK
Kartelak pieza berezien ideiarekin jolasten du. Erretikula batean, karratu, hiruki edo zirkulu formako oinazpikoen gainean agertzen diren hegazti batzuk nabarmentzen dira, publikoa epaimahai gisa eta saria lortzeko lehian kritikak eta/edo beste zinema-jaialdi batzuek ontzat emandako filmak dituen sailerako.
NEST. FILM STUDENTS
Haurren ilusio puruak, irudimenak eta buruak oztopatu gabeko talentuak Zinemaldiko film laburren lehiaketa-saila irudikatzen du, mundu osoko zinema-eskoletatik etorritako ikasleek sinatua. Aurten, izen berria jarri zaio, Nest (ingelesez, habia). Hitz horrek ingelesezko «next» hitzarekin (hurrengoa) jolas fonetiko bat proposatzen du.
CULINARY ZINEMA
Lehen lerroan bi sukaldari japoniar, jakiak zatitzen; hondoan, kamera bat. Culinary Zinemako bi planoak dira. Sail horretan, gastronomiarekin eta elikadurarekin lotutako fikziozko eta ez-fikziozko filmak aurkezten dira, hezkuntza, zientzia, nekazaritza edo sukaldaritza arlokoak, afari tematikoz lagunduta.
ATZERA BEGIRAKOA
Muriel Box zuzendari eta gidoilari britainiarraren irudia eta kameraren bidezko begirada zehazteko keinu bereizgarria nagusitzen dira atzera begirakoaren kartelean. Zinemako tresnak irudikatzeko, ilustrazioaz baliatzen da.
GALETARAKO SARREREN AURRESALMENTA
Zinemaldiaren web-orrian, bihartik aurrera (ostirala) egongo dira salgai 66. edizioaren inaugurazio eta amaiera galetarako sarrerak. Zeremonia bakoitzerako gehienez ere lau sarrera erosi ahal izango dira.
BABESLEAK ETA LAGUNTZAILEAK
Zinemaldia pertsona eta enpresa askoren lankidetzari eta grinari esker da posible. Besteak beste, hauek:
-
RTVE, GAS NATURAL FENOSA eta MOVISTAR +, Zinemaldiaren babesle ofizialak.
-
KUTXABANK, kolaboratzaile ofiziala eta Kutxabank-New Directors sariaren babeslea.
-
AUDI, kolaboratzaile ofiziala eta ibilgailu ofiziala.
-
EUSKO JAURLARITZAREN KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA GLOCAL IN PROGRESS sailari laguntzeagatik.
-
EUSKO JAURLARITZAKO EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA, INDUSTRY CLUBARI eta EUROPA-LATINOAMERIKA KOPRODUKZIO FOROARI emandako babesagatik.
-
EUROPA CREATIVA PROGRAMA, EUROPAR BATASUNAREN MEDIA AZPIPROGRAMA, Industry Clubari eskainitako babesagatik.
-
IBERMEDIA PROGRAMA, ZINEMA ERAIKITZEN sailari laguntzeagatik.
-
BASQUE CULINARY CENTER, Culinary Zinema sailaren antolatzaile laguntzailea.
-
Berlineko jaialdiko CULINARY CINEMA, Culinary Zinema sailaren antolatzaile laguntzailea.
-
NESPRESSO, kafe ofiziala eta Culinary Zinema sailaren babeslea.
-
TABAKALERA-KULTURA GARAIKIDEAREN NAZIOARTEKO GUNEA, Nest. Film Students, Z70 eta Ikusmira Berriak proiektuen antolatzaile laguntzailea eta Zabaltegi-Tabakalera sailaren babeslea.
-
ELIAS QUEREJETA ZINE ESKOLA, Z70 proiektuaren antolatzaile laguntzailea.
-
EUSKO JAURLARITZAREN TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA, Zinemaldiaren laguntzailea.
-
AECID-LANKIDETZARAKO ESPAINIAKO AGENTZIA, Zinemaldiaren laguntzailea.
-
IRIZAR, Zinemira sailaren eta Euskal Zinemaren Irizar Sariaren babeslea.
-
DYSON, Zinemaldiaren Ile-apainketa ofiziala.
-
TCM, TCM Zinemaldia Topaketen babeslea.
-
EL DIARIO VASCO, Belodromoko emanaldietan parte hartuko baitu.
-
KELER, Zinemaldiko garagardo ofiziala..
-
ASOCIACIÓN INTERPROFESIONAL DEL CERDO IBÉRICO, Zinemaldiaren babeslea.
-
PERRIER JOUËT, Zinemaldiko xanpain ofiziala.
-
ARRI, Zinemaldiaren babeslea.
-
EITB, Zinemira saileko eta Euskal Zinemaren galako laguntzailea.
-
IBAIA eta EPE-APV, Zinemira saileko laguntzaileak.
-
EUSKADIKO FILMATEGIA, VALENTZIAKO KULTUR INSTITUTUAREN FILMOTEKA eta SAN TELMO MUSEO, Muriel Box atzera begirakoaren laguntzaileak.
-
ESPAINIAKO ZINEMATEKA, Muriel Box atzera begirakoaren antolatzailea.
-
SGAE FUNDAZIOA, Made in Spain sailaren laguntzailea.
-
ORONA FUNDAZIOA, Zinemaldiaren eta Orona sariaren babeslea.
-
Eskerrak eman nahi dizkiegu orobat, GRUPO SADE, RAMIRO MATA, DISDIRA eta RAMÓN BILBAOri.
Eskerrak, halaber, Donostiako Nazioarteko Zinemaldia Sozietate Anonimoaren Administrazio kontseiluko kideei: Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala.