"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Irailaren 24an, 25ean eta 26an egingo da Glocal in Progressen bigarren edizioa, Zinema Eraikitzen 34 eta Europa-Latinoamerika VII. Koprodukzio Foroa egingo diren egun beretan.
Hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako ekoizpenei zuzenduta dago Glocal in Progress; bertan, postprodukzio-fasean dauden hiru film luze hautatu aurkeztuko dira, filmak amaitzen eta nazioartean zabaltzen lagundu dezakeen talde baten aurrean. Talde horretan, produktoreak, banatzaileak, salmenta-agenteak eta programatzaileak egongo dira, besteak beste.
Glocal in Progressen xedea da Europako zinemaren aniztasunaren balioa aitortzea. Horretarako, ezagutzera eman nahi dira alemanez, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, italieraz edo errusieraz filmatu ez diren ekoizpenak, koprodukzioak eta lan horien hedapena sustatuz.
Lehenengo edizioan ondorengo ekoizpenek parte hartu zuten: Izbrisana / Erased (Miha Mazzini) eslobeniarrak, Un Om La Locul Lui / A Decent Man (Hadrian Marcu) errumaniarrak eta Dantza (Telmo Esnal) euskaldunak.
Glocal in Progressen hautatutako filmek Glocal in Progress Industria Saria jasotzeko aukera izango dute. Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido film irabazlearen postprodukzio zerbitzuak hartuko dituzte, Glocal in Progress Industria Sariaren oinarrietan azaltzen den bezala.
Gainera, Glocal in Progress saria emango da. Glocal in Progress Industria Sariaren film irabazlearen produktore gehiengodunarentzako 10.000 euro dira.
Ekimen honekin, sorkuntzaren aldeko apustua indartzen du Zinemaldiak. 2002an heldu zion ildo horri, Zinema Eraikitzen abiarazita. Jarduera honek Latinoamerikako 150 produkzio baino gehiago amaitzeko aukera eman du. Lan hori, 2012tik aurrera, garapenean dauden proiektu europar eta latinoamerikarrei zuzendutako Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren bidez osatzen da.
Erregelamendua irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
BIDALKETAK ETA HARREMANA:
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesletzari eta Europa Creativa MEDIAren laguntzari esker da posible, eta honako hauen lankidetzari esker: Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones eta No problem Sonido.
Ondorengoen babesarekin