Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa bi zinematografien artean ikus-entzunezko proiektu berriak bultzatzeko erreferentziazko plataforma bat da. Era berean, Zinemaldiko industriako akreditatuek hitzarmen profesionalak egitea eta esperientziak trukatzea sustatzeko topagune bat da. Foroko lehenengo egunean, irailaren 23an, hautatutako proiektuak aurkeztuko dira (pitchingak) eta beste hiru egunetan ekoizle eta zuzendariekin one-to-one bilerak egingo dira, Zinema Eraikitzen ekimenaren 34. edizioaren eta Glocal in Progressen bigarren edizioaren garai berean.
Proiektuak nazioarteko hainbat erakunde esanguratsuren lau sari lortzeko lehiatuko dira. Erakundeak honako hauek dira: Europako Zinema Agentzietako Zuzendariak (EFADs) eta Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konfederazioa (CACI); Eurimages; ARTE; eta Donostia Zinemaldia bera. Gainera, Marché du Film-Festival de Cannes-eko Producers Network sarearekin eta Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) proiektuek nazioarteko ibilbidea egitea bultzatuko dute “Forjando Alianzas” akordioaren bidez.
Koprodukzio Foroan Europako zein Latinoamerikako proiektu zinematografikoek har dezakete parte, baldin eta prestatze-bidean badira, gutxienez 60 minutu irauten badute eta finantzaketaren % 20 behintzat bermatuta badaukate. Europako proiektuek berariazko lotura izan behar dute Latinoamerikarekin. Era berean, garrantzi berezia emango zaio proiektua nazioarteko foro batean aurkeztu den lehendabiziko aldia izateari.
Hautatutako proiektuen arduradunek mundu osoko partner estrategikoekin, industrialekin eta finantzarioekin elkartzeko aukera izango dute proiektuon finantzaketa osatzeko. 2017an, 800dik gora profesionalek parte hartu zuten foro honetan.
Aurkeztutako proiektu guztien artean, Zinemaldiak hogei aukeratuko ditu gehienez ere, nazioarteko hiru adituren txostenetan oinarrituta: Andrea Stavenhagen, Manuel Pérez Estremera eta Javier Martín.
Erregelamendua irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO AZKEN EGUNA: EKAINAK 15
HARREMANA
industryclub@sansebastianfestival.com
Tel.: +34 943 481217
www.sansebastianfestival.com
Ekimen hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesari esker, Europa Creativa MEDIAREN laguntzari esker eta honako hauen lankidetzari esker egin da: CACI (Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konfederazioa), EFADs (Europako Zinema Agentzietako Zuzendariak), Eurimages, Producers Network (Marché du Film-Festival de Cannes), INCAA (Argentinako Zinemaren eta Ikus entzunezko Erakundea), ARTE. Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi,EPE (Euskal Produktoreen Elkartea), Etxepare Euskal Institutua, Europa Distribution, IBAIA (Ikus-entzunezko Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Ibermedia programa, LatAm eta Zineuskadi.
Sustatzaileak:
Laguntzaileak:
Ondorengoen babesarekin