Wendy Mitchell, British Councileko programazio-arduraduna, Donostia Zinemaldiaren ordezkari berria da Eskandinavian. Mitchell Screen International aldizkariaren korrespontsala da Eskandinavian, bai eta Europako Zinema Akademiaren Close-Up aldizkariaren editorea eta Göteborgeko eta Züricheko jaialdien kolaboratzailea ere, eta Marianne Slot ekoizlearen ordez izango da Zinemaldiaren ordezkaria Suedian, Danimarkan, Norvegian, Islandian eta Finlandian.
Besteak beste, Lars von Trier, Thomas Vinterberg eta Susanne Bier zuzendarien ekoizle izan da Slot, eta orain, Zinemaldiarekin hogei urtez kolaboratu ondoren, bere lanpostua utzi eta ekoizpen zinematografikoan bakarrik lan egingo du.
Era berean, Roberto Cueto Zinemaldiko hautapen-batzordeko kide eta zinema korearreko adituak Darcy Paquet ordeztuko du Hego Koreako ordezkari-lanetan. Darcy Paquetek Hego Korean egindako lana funtsezkoa izan da Zinemaldiarentzat.
WENDY MITCHELLEN BIOGRAFIA
Wendy Mitchel British Councileko film-programen kudeatzaile-lanetan ari da lanaldi-erdian; zinema-jaialdiko jarduerak bideratzeaz gain, munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenen programatzaileei erakusteko filmak hautatzen ditu. Bederatzi urtez aritu zen lanean Screen International aldizkarian, eta erredakzio-buru izan zen bi urtez. Orain, aldizkariarekin kolaboratzen jarraitzen du, Eskandinaviako ordezkari bezala. Horrez gain, Europako Zinema Akademiaren Close-Up aldizkariaren editorea da. Zürich Summit eta Züricheko Zinema Jaialdiko kolaboratzaile ere bada, eta abian dauden lanen aurkezpenen buru da Göteborgeko Zinema Jaialdian eta Connext-en (Flanders Image). Hitzaldi eta mahai-inguru ugari aurkeztu ditu; besteak beste, Cannes, Berlin, Toronto, Londres, Locarno, Karlovy Vary, Rotterdam eta Sundanceko zinema-jaialdietan. AEBn ere lan egin zuen, Entertainment Weekly, indieWIRE, Time Inc eta Rolling Stone aldizkarietan. 2018an, Donostia Zinemaldiarekin kolaboratzen hasiko da, Eskandinaviako ordezkari-lanetan.
ROBERTO CUETOREN BIOGRAFIA
Roberto Cueto Filologia Hispanikoan lizentziaduna da (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea). Donostia Zinemaldiko hautapen-batzordeko kide izateaz gain, Ikus-entzunezko Komunikazioko irakasle elkartua da Karlos III.a Unibertsitatean. Madrilgo Matadero kultur zentroko Cinetecaren programazioa koordinatu du. Eskolak, ikastaroak eta mintegiak eskaini ditu Madrilgo Zinema Eskolan (ECAM) zein Espainiako hainbat unibertsitatetan. Hainbat liburu idatzi ditu, eta artikulu ugari, zinema-gaiei buruzko liburu kolektibo askotan, tartean Asiako zinema landuta. Artikulu ugari idazteaz gain, Nosferatu aldizkariaren Nuevo cine coreano ale berezia koordinatu zuen. Halaber, Las Palmaseko Zinema Jaialdiak argitaratutako Seúl Express: La renovación del cine coreano liburuan kolaboratu zuen. 2007ko ARCO - Arte Garaikidearen Azokan Koreako zinemari buruzko erakusketaren aholkulari aritu zen, hainbat testu idatziz. Gainera, Espainiako Kultura Korearraren Zentroak Korean Culture Supporter izendatu zuen 2016an, eta zentro horrekin elkarlanean jardun ohi da.