Rasmus Dinesen
Gizadia janariarekin obsesionatuta dagoen une batean –plater guztiei argazkiak ateratzen, sukaldariak miresten, sare sozialetan jandakoaz harrotzen–, dokumental honek, gainazaletik harago joan, eta ikuspegi sakon, zintzo eta garrantzitsua ematen du Michelin izarrak dituzten sukaldari eta jatetxeen munduari eta egunerokoari buruz. Sukaldaritzako tenplu sorta handi bateko istorioak kontatu, eta Michelin gidaliburuaren handitasun eta miseriak jorratuko ditu, gastronomiaren urrezko aro honetan.
Michael Winterbottom
Michael Winterbottom hirugarrenez itzuli da errepidera Steve Coogan eta Rob Brydon-ekin batera, The Trip eta The Trip to Italy filmen arrakastaren ondoren. Sei otordu sei leku desberdinetan, Espainian zeharko errepide-bidaia batean, kostalde atlantikotik mediterraneora arte; bidean, Kantabria, Euskadi, Aragoi, Errioxa, Gaztela-Mantxa eta, amaitzeko, Andaluzia bisitatuko dituzte. Stevek 50 urte bete ditu dagoeneko eta maitasun bila jarraitzen du: bere neska ohiarekin, Mischa-rekin, itzuli nahi du, baina hura beste gizon batekin dago. Roben aktore lanbidea arrakastaz arrakasta doa, eta familiako bizitzak atsegin handia ematen dio (beste haur bat izan du Stevek azkenekoz ikusi zuenetik). Stevek telebista sail bat protagonizatu berri du Estatu Batuetan, sukaldari gisa, eta Espainiako jatetxeen erreseina sorta bat egiteko eskatu diote, programa sustatzeko. Ohiko moduan, Robek egunkarietarako artikuluak idatziko ditu, oraingoan On Kixote erabiliz inspirazio gisa. Stevek, aldiz, asmo handiagoko liburu bat idaztea espero du, bidaia honetan eta Espainian aurrez bizitako esperientzietan oinarrituta. Orwell, Hemingway eta Laurie Lee idazleen moduko tradizioan irudikatzen du bere burua. Izan ere, Oscar sarietarako izendatutako idazle bat da Steve orain.
Laura Collado, Jim Loomis
Espainia - Estonia
85 min.
XXI. mendearen hasieran, El Bulli jatetxeak gastronomiaren mundua irauli, eta goi-sukaldaritzaren errege bihurtu zuen Ferran Adrià chefa. Arrakasta horren atzean sormen handiko jenio ezezagun bat gordetzen zen: Ferranen anaia txikia, Albert. 2013an, Albert Adrià munduko chef gutxietsiena zela iritzi zen. Enigma, haren inperio gastronomikoaren altxorra, helburu argi eta garbi batekin ireki zen: munduko jatetxe onenetakoa bihurtzea. Horixe da Alberten ahalegina, El Bulli mitikoaren itzalpetik atera eta sukaldari handien panteoian sartzeko.
Mercedes Córdova
Argentina - Italia - AEB
65 min.
Gizakiak elikatzeko modu berrien bila egiten dituen joan-etorrien emaitza da kultura gastronomikoa. Horren erakusgarri da italiar gastronomiak, migrazio-prozesu handiekin batera, Amerikara egindako bidaia. Ia ehun urte igaro direla, italiar gastronomiaren urratsetan eta New York nahiz Buenos Airesera egindako bidaian atzera eginik, erbesteratutako italiar sukaldaritzaren tradizio berriaren sorrerara iritsiko gara. Zer-nolako lotura gordetzen du bere jatorriko herrialdearekin? Hitz egin al dezakegu Italiaz kanpo italiar sukaldaritzaz?
Masakazu Fukatsu
Bento (janari-kutxatxoa) batek lotutako aitaren eta alabaren benetako istorio hunkigarria da hau. Institutuan emandako hiru urteetan, aitak egunero prestatutako bentoa jaten zuen alabak. Institutuaren azken egunean, aitak prestatu zion lehen bentoaren argazkia aurkitu zuen, ohar batekin. Istorioaren ondorioz txio bat argitaratu zuen alabak, eta Twitterren 350.000 lagun utzi zituen negar-zotinka. Mezua 80.000 alditan baino gehiagoan birtxiokatu zen, eta 260.000 'like' lortu zituen.
Koki Shigeno
Gaur egun, Japonian, Osamu Tomita da ramenaren erregea. Bere munduaren sakonenera eramango gaitu, zopa eta fideo ezin hobeak prestatzeko hurbilketa obsesiboan egiten dituen urrats guzti-guztiak erakusteko, eta osagai onenak bilatzeko ahalegin nekaezina azaltzeko. Dokumental honek Japoniako ramen-maisu handienen eta haien zale amorratu ugarien bizitzako 15 hilabete erregistratzen ditu.
Ofir Raul Graizer
Alemania - Israel
109 min.
Thomas alemaniar pastelgile gazteak maitasun-harreman bat du Oren israeldarrarekin, Berlinera negozio-bidaia ugari egiten dituen gizon ezkondu batekin. Oren Israelen hilko da, auto-istripu batean; orduan, Jerusalemera bidaiatuko du Thomasek, haren heriotzari erantzuna bilatzeko. Identitate sekretua erabiliz, Thomas bere maitalearen alargun berriaren bizitzan infiltratuko da. Anat du izena, eta hark gobernatzen duen sukalde-laguntzaile izatera iritsiko da Thomas.