72SSIFF - 2024ko irailak 20/28
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
  • Hautatutako proiektuak

Hautatutako proiektuak

  • LOBA Kiro Russo.
  • CALIPATRIA Gerhard Treml eta Leo Calice.
  • FANTASÍA Amaia y Aitor Merino.
  • SURO Mikel Gurrea.

Ikusmira Berriak ekimenak aukeratutako proiektuak aurkeztu ditu

Kiro Russoren Loba (Bolivia), Gerhard Treml eta Leo Caliceren Calipatria (Austria), Mikel Gurrearen Suro (Espainia) eta Aitor Merino eta Amaia Merinoren Fantasía (Espainia) izango dira 2016ko programa osatuko duten proiektuak.

Bigarrenez IKUSMIRA BERRIAK ekimenak postprodukziorako saria eskainiko du: REC Saria.

IKUSMIRA BERRIAK, berrikuntzan eta esperimentazioan diharduten ikus-entzunezko lanei laguntza emateko ekimenak, bere bigarren ediziorako jaso dituen 37 proposamenetatik lau proiektu aukeratu ditu: Kiro Russoren Loba, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako kategorian; Gerhard Treml eta Leo Caliceren Calipatria, Clermont-Ferrand Zinemaldiko film labur esperimentalen saila den Labo kategorian; Mikel Gurrearen Suro, Kimuak kategorian; eta Aitor Merino eta Amaia Merinoren Fantasía, Euskal Autonomia Erkidekogo (EAE) zinegileak kategorian.

Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko, Donostia Zinemaldiako eta Donostia 2016 Fundazioko ordezkariek osatu dute hautespen batzordea.

Paz Lázarok -Berlingo Zinemaldiko Panorama saileko programazioaren zuzendaria-, Ada Solomonek -zinema-ekoizlea eta HiFilm Productions ekoizpen-etxearen sortzailea-, eta Sergio Oksmanek – zinema zuzendaria eta Dok Films ekoizpen-etxeko zuzendari brasildarra- , osatu dute oraingo honetan adituen batzordea eta Donostian izango dira hautatutako proiektuen garapena gainbegiratzeko.

HAUTATUTAKO PROIEKTUAK

1. LOBA (film luzea)

Kategoria: Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa
Sinopsia
Bi gizonek ate bana ireki dute bi une eta leku desberdinetan. Batak premiak bultzatuta lapurtu egin behar du. Bestea bere emaztearengandik iheska doa, hura basati bihurtu delako.
Zuzendaria
Kiro Russo (La Paz, 1984)
Zuzendari, ekoizle eta gidoilaria. Buenos Aireseko Universidad del Cine delakoan zuzendaritza ikasi zuen. Honako film labur hauek egin zituen zuzendari eta gidoilari modura: Enterprisse (2010), Juku (2012) eta Nueva Vida (2015), Locarnoko 68. Zinemaldian estreinatu zen, epaimahaiaren aipamen berezia lortuz eta Donostia Zinemaldiako XIV. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan lehen saria eta Orona saria irabazi zituen. Aipaturiko lanek harreman zuzena dute postprodukzio fasean dagoen bere lehen film luzearekin: Viejo Calavera.

2. CALIPATRIA (film laburra)

Kategoria: Labo, Clermont-Ferrand Zinemaldiko film labur esperimentalen saila
Sinopsia
Calipatria Kalifornian kokatutako kartzela baten izena da. Santiago Cassilas bertan dagoen preso bat da: 58 urte ditu, banda bateko kidea da eta isolamenduko betiko kartzela-zigor batera kondenatua izan da. Santiagok kartzelako lorategian egiten du lan egunero ordubetez eta hori izango da hain zuzen bere sentipenak, bizipenak, sekretuak eta ametsak adierazteko gunea, kartzelako hormetatik harago.
Zuzendariak
Gerhard Treml (Viena, 1963)
Bere jardunean, narrazio-estrategiak aztertzen ditu gure errealitatearen eraikuntzarako oinarrizko diren harreman espazialak egokitu, aztertu eta berregokitzeko. Marrazketa, idazketa, filmak eta instalazioak dira bere obraren oinarri. Duela gutxi Eden’s Edge (Edeneko ertza) izeneko programa zuzendu du, artean oinarritutako nazioarteko ikerketa programa, Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitatearekin elkarlanean. Halaber, Office for Narrative Landscape Design (ONLSD) ere abian jarri du eta Leo Calicekin batera animaziozko film labur multzo bat zuzendu du (2014). Lan honek nazioarteko esker ona eta hainbat sari jaso ditu, horien barne Clermont Ferrandeko Grand Prix saria.

Leo Calice (Texing, 1980)
Leo Calicek Suitzan, Espainian, Portugalen eta Austrian ikasi eta lan egin du. Aurrerago, Paisaia Diseinu ikasketak egin zituen Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitatean. 2012an Eden's Edge (Edeneko ertza) izeneko artezko ikerketa proiektuan parte hartzen hasi zen. Halaber, Office for Narrative Landscape Design (ONLSD) proiektuaren sortzaileetako bat da, eta bulego horren bitartez, animaziozko film dokumental laburrez osatutako serie bat ekoiztu zuten, Eden's Edge (2014) izenekoa. Serie hori leku askotan egon zen ikusgai, eta nazioarteko sari ugari irabazi zituen, Clermont Ferrandeko Grand Prix saria barne.

3. FANTASÍA (film luzea)

Kategoria: Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zinegileak
Sinopsia
Amaia eta Aitor anai-arrebak, jadanik erretiraturik dauden Kontxi eta Iñaki gurasoengandik urrun bizi dira gazte-gaztetatik. Aurreko udan amets bat bete ahal izan zuten: lauak biltzea itsas bidaia bat egiteko FANTASIA izeneko itsasontzi izugarri handian. Itzuleran, itsasontzi handiago eta ikaragarriago bati aurre egin beharko diote: distantziaren errealitatea, zahartzaroa eta egunen batean bananduko dituen heriotza. Errealitatearen gordintasunak benetako zentzua hartzen du oporretako elkar aurkitze idilikoarekin kontrastean.
Zuzendariak
Amaia Merino (Donostia, 1970)
Ekuadorren bizi eta lan egiten du, eta herrialde horretan espezializatu da ez fizkiozko zine muntaketan eta gidoigintzan. Azken hamabost urteetan Ekuadorreko film luze ezagunenetako batzuk muntatu ditu: Blak Mama, Más allá del Mall, Resonancia, En Espera, El Pan Nuestro, 1809-1810 Mientras Llega el Día eta Asier ETA biok, besteak beste. 2006tik muntaketa eta gidoigintza tutoretzak beregain ditu Zine eta Antzezpen Institutu Teknologikoan.

Aitor Merino (Donostia, 1972)
Nagusiki zine, antzerki eta telebistako antzezle karrera garatu du, eta hogei film baino gehiagotan parte hartu du hainbat zuzendariren esanetan: Montxo Armendáriz, Pilar Mir&ocute;, Vicente Aranda, Carlos Saura Medrano, Manuel Matji eta Icíar Bollaín, besteak beste. Zuzendu zuen lehen film laburra, El pan nuestro (Gure ogia), bertako zein nazioarteko hainbat zine jaialditan saritu dute eta Goya Sarietarako proposatu zuten. Asier ETA biok, Amaia Merino arrebarekin batera zuzendutakoa, haren lehen film luzea izan zen eta Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten. Gaur egun, aldi berean antzezle lanean eta Fantasía dokumental luzearen proiektuan ari da, berriro Amaia Merinorekin batera.

4. SURO (film luzea)

Kategoria: KIMUAK
Sinopsia
Gironan oinordetzan hartutako masia bat aurrera ateratzeko azken aukera du Ivanek (33). Hara doa Elena bikotekidearekin (30) bere garaian kortxo ustiategi izan zena kudeatzeko asmoz, baina arrotza izateak eta bertako baso langileen eta marokoar zamaketarien arteko geroago eta handiagoak diren tentsioak dilema moral gogor bati aurre egitera behartuko dute.
Zuzendaria
Mikel Gurrea (Donostia, 1985)
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Pompeu Fabra Unibertsitatean. Bitartean, Agosto publizitate ekoizpen etxean lan egin zuen eta film labur batzuk idatzi eta zuzendu zituen. Horien artean, ondokoak nabarmentzen dira: Primo (2008), Los gatos del tejado (2009) eta Rojo en el agua (2010). 2011n “la Caixa” Gizarte Ekintzaren beka bat lortu zuen zuzendaritza master bat ikasteko London Film School delakoan. Garai horretan Txoria dokumentala eta Chessmates publizitate spota zuzendu zituen eta Londresko Queen Elizabeth Hall-en estreinatuko zen Rambert Dance Company-ren Automatic Flesh koreografiarako dramaturgia garatu zuen. Foxes, haren graduazioko filmak hainbat sari bildu zituen, horien artean ikasle mailako fikzio onenaren saria Montrealeko Festival des Filmes du Monde-n, eta Kimuak 2015eko katalogorako hautatu zuten. Soka, antzerti fikzioaren proiektua aukeratu zuten Donostia 2016 Kultur Hiriburutza barruko Antzerkigintza Berriak proiekturako. Gaur egun, Heldu (Hold) izenburuko fikziozko film luzea garatzen ari da Eva Sigurdardottir ekoizlearekin, eta EAVEk (European Audiovisual Entrepreneurs) hautaturik gertatu da.

POSTPRODUKZIORAKO SARIA

REC Grabaketa Estudioak IKUSMIRA BERRIAK egonaldian garatuko diren bi proiektuentzat Postprodukziorako Saria eskainiko du.

Bi sarietako batek film labur baten sormena lagunduko du, REC Grabaketa Estudioak dituen instalazioetan 3 astetan zehar lan egiteko aukera eskainiz (10.500€-ko balioa duen egonaldia da hau). Beste sariak, aldiz, film luze baten garapena lagunduko du, 4 asteko lana eskainiz bertan (35.000€-ko balioa duen egonaldia da beste hau).

Egileek laguntza hauei etekina atera ahal izango diete 2016ko urriaren 1etik 2017ko uztailaren 31ra bitartean.

REC-k 20 urte baino gehiagoko eskarmentua du publizitateko, zinemako eta telebistako soinuaren produkzioan eta postprodukzioan. Donostiako Zuatzu enpresa-parkean dago eta osatzen duen giza taldea dinamikoa eta gauza anitz egiten duena da, ikus-entzunezkoen esparruan eskarmentu handia du. Giza talde hau zerbitzu desberdinetan espezializatuta dago, besteak beste, zuzeneko soinua, programen postprodukzio osoa, hainbat hizkuntzetarako bikoizketa, soinu banda osoak egitea, zinema eta telebistarako nahasketak surround sistemetan eta masterrak sortzea (DCP, HDCAM edo Blu-Ray).


ANTOLATZAILEAK

Tabakalera – Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostia Zinemaldiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak elkarrekin antolatzen duten proiektua da hau. Donostia Kultura eta Euskadiko Filmategiaren laguntza dauka.
IKUSMIRA BERRIAK talentu berriari zuzentzen zaio, baita ekoizpen-etxeei eta ikus-entzunezkoaren industriei ere. Era berean, lurraldeko testuinguru sortzailea eta ekoizlea dinamizatzea du helburu, zine garaikidearen ezagutza eta nazioartekotzea sustatzeko plataforma bat berma dadin.

.
Aurreko edizioak IKUSMIRA BERIAK
2022
2021
2020
2019
2018
2017
2016
2015
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: