Manuel Nieto
Uruguai - Espainia - Argentina - Kanada
109 min.
David, hogeita bost urteko gaztea, etsita dago eta zoritxarreko da, ikasle gisa porrot egin eta hiriburuan egotea ahalbidetzen zion beka galdu baitu. Berau berreskuratzeko, urtebete barru izango den azterketa gainditu beharko du. Denboran aurrera egin, azterketa gainditu eta independentzia berreskuratu ahal izateko, David Pedreran bizitzera etorri da, ozeanotik gertu dagoen bainuetxe txiki batera, aitak hortxe utzi baitu negu bitartean bere etxe propioa eraiki dezan. Etxearen eraikuntzaren istorioa da hau, mundu berri batean bizirik irauteko Daviden borroka tragikomikoa, gizonak adina txakur dagoen toki batean, non ia ez dagoen emakumerik eta gauzak gehien bat adiskidetasunagatik egiten diren.
Ricardo Elias
Heracles São Pauloko mutil beltz bat da, erreformatorio batean egon ondoren, bertatik atera eta bizimoduz aldatzen saiatuko dena. Mezulari moduan lan bat lortu eta bere lehenbiziko lanegunean, oraindik proban delarik, hamabi lantxo aginduko dizkiote hiri handiko pertsonaia sorta bat elkarrekin uztartzen dituztenak: funtzionarioak, polizia ofizialak, abokatuak, irakasleak, droga-trafikatzaileak eta abar. Sortuko diren arazoen aurrean Heraclesek daukan itxurazko hauskortasunaren eta krimenaren mundutik aparte bere bizitza berregiteko ahaleginaren arteko tirabiraren emaitza egungo Brasilek daukan gizarte arazo nagusienetako baten erretratu errealista izango da: etorkizunean aukerarik izango ez duten gazteena.
Rodrigo Moreno
Argentina - Alemania - Frantzia - Uruguai
93 min.
Rubén jagolearen eginkizuna Plangintza ministroari etengabe eskolta ematean datza. Rubének beti hor egon beharra dauka bai, baina aldi berean, ez nabarmentzen saiatu behar du. Itzaletik den-denaren lekuko da, bizitza metro batzuk haraxeago ondotik pasako balitzaio bezala. Alabaina, gertatutako gauzak ez ditu sekula erabat ulertzen. Bere bizitzaren protagonista ere ez da, bizitza bakartia darama, arreba desorekatu bat, legez kontrako armen salmenta eta prostituta merkeak tartean direla, bizkartzaina izatearen ohikeriaz, eta ministroarengandik edo bere familiarengandik noizbehinka jasotzen dituen irainez gain... Halako presioak lehertu beharra dauka nahitaez, eta horixe da, hain zuzen, Rubéni gertatzera doakiona.
Anahí Hoeneisen, Daniel Andrade
Eskolan lagun izandako 30 urteko bost emakume 14 urte elkar ikusi gabe egon eta gero, berriro elkartzen dira. Marina bere bizitzako sasoi tirabiratsu batean dago bere maitasun-harreman bikoitza hausteko zorian baita. Tamara bere ahizpa gazteak bizimodu eroa darama gau-klub, droga eta noizbehinkako amoranteen artean. Elenak bere haurdunaldiko azken egunak 8 urteko bere semearekin eta bitxi samarra den bere anaiaren kargura igaroko ditu. Diana, 14 urteko alaba baten ama ezkongabea denak, bere bakardadea duda egin gabe lasaitasunez bizi du. Denak taldeko buru zen Alejandraren etxean elkartuko dira. Bilera hotz samar hasiko da, larri, baina pixkanaka egoeren gainetik lagun bezala lotzen dituen konplizitate samurraz jabetuko dira. Berriz elkar ikustearen eraginez, bakoitzak bizitzan hartu duen bidea zalantzan jarriko du.
Javier Patrón “Fox”
Fuera del cielo egun bakar batean gertatzen da... 24 ordutan zehatz-mehatz esateko. Goizeko 6etan hasten da, 5 urte kanpoan egon eta gero, Malboro, Cucúren anaia zaharrena itzuli egin da, eta une horretatik aurrera, orduen joan-etorrian, anaiak euren izaki hurbilek bizi dituzten toki ezberdinetan barrena abiatuko dira, bata-besteari gertutasuna eta leialtasuna erakusteko hurrengo goizeko 6ak arteko epea bakarrik dutela. Zurztasunari buruzko pelikula bat da; gurasoak hilda daudeneko zurztasuna ez ordea, amagandiko eta aitagandiko loturen gabeziagatik sortutakoa baizik. Pertsonaia guztiak, muin-muinean, umezurtz sozialak dira, eta horrek zalantzak, atsekabea eta gaixotasuna sortarazten die, bere gizarte-klasea edozein izanda ere.
Alexis dos Santos
Argentina - Britainia Handia
106 min.
Basamortuko herriska batean nerabeen arteko uda, famlia disfuntzional bat, rock banda bat, kolaz betetako lata, bi mutil, neska bat, muxu asko mingainarekin, bero lehorra, haizea Patagonian, angustia existentziala... Nerabe istorio bat ezerezaren erdian.
Martín Boulocq
Berto Cochabamba, Boliviako hiri batean bizi den gazte barnerakoi eta bakartia da. Berto Boliviatik alde egiteko bidaia-txartel bat erostekotan dabil, eta horretarako bere ondasunik preziatuena saltzera doa: bere aitonak oinordetzan utzi zion Volkswagen ?65a. Eta horrelaxe, bere lagun onena den Víctor sasijakintsuarekin, hirian barrena batera eta bestera ibilgailua saltzen saiatuko da. Camila, Víctorren maitea, haiekin elkartuko da, euren saltzaile ahalegin arduratsuen monotonia hautsiz. Pelikula Boliviako hiri-bizimoduari buruzko alegia bat da; ikus-osagai hunkigarria duen istorioa da, amodioaren zirkuluari fokatua: bi gizon, emakume bat eta autoa bera.
Diego de la Texera
Brasil - Puerto Rico - Venezuela
115 min.
Brasiliaren sorrera eta hiriburu berria herrialdeko bazter guztiekin errepide bidez bertakotzeko ahalegina da Meteoro filmaren atze-oihala. Brasiliatik Fortalezara daraman errepidea egiten ari den lan-taldea bakarrik utzi dute herrialde erdiko eskualde babesgabe batean. Bizigaiak badituzte eta hilero, ilargi betea denean, "Madamaren nesken", eskualdeko prostituta politenen bisita izaten dute. Gau batez, irratiak militar-kolpearen berri eman du, zerua zeharkatu zuen meteoro hori batek aurrez iragarritakoa. Denbora aurrera doa eta langileen egoerak txarrera egingo du. Goseak eta egarriak akatzen daudela, meteorito batek lurra jotzean lurpeko ur-iturri bat azaleratu duela ikusiko dute. Honekin batera Julião indigena azalduko da, Arbasoek astroen joan-etorriekin zeruan marrazten dituzten mezuak deszifratzen saiatuko dena. Herri bat sortuko dute, Meteoro izena eman eta zoriontsu biziko dira, harik eta egun batez, Brasilgo Aireko Indarren helikoptero bat agertzen den arte.
Daniel Gruener
Julio Salas etxean hil da gaixotasun luze baten ondorioz, aitzitik, igandea da, eta igandetan ez dute inor hilobiratzen. Familiak ehorzketa agentzia xume baten jabe den ?zopilote? baten zerbitzuak kontratatu beharko ditu, honek ekarriko dizkion buruhausteak imajinatu gabe.
Marcelo Paván
Argentina - Venezuela - Uruguai
90 min.
Berrogeita hamar urteko neurozirujau arrakastatsua den Robertok eta lehenbizikoz diagnosi itzulezin batekin topo egin du. Tumore bat dauka. Bidaian abiatzea erabaki du, bere maitasun, betebehar eta mamuengandik aldentzeko, bere bizitza etenda uzteko asmoz. Dena bere egitasmoen arabera gertatu da Maria ezagutu duen arte. Bereaz beste dirudien bulkada bati jarraituz, neskaren atzetik doa Punta del Diabloraino (Uruguai), non Mariaren askatasunak jabea duela konturatuko den: Franco. Paraje etsipengarri horren isiltasunak eta Francoren bat-bateko ausentziak, une terminal batean geldiaraziko dute denbora eta gogoz kontra biziraun beharko du. Mariaren presentziak bere axolagabetasuna kolokan jarriko du, eta neskaren eraginez, poliki-poliki eta bere nahien kontra, bizigogoari eta bere sentimenduen ziurtasunak sortzen dion zalantzari aurre egin beharko die.
Oscar Cárdenas
Bada urtebete baino gehiago Camila Sepúlveda idazkari lan baten bila dabilela. Sei atal eta elkarrizketa laburren bitartez, bolada luze horretan langabezian egoteak berarentzat izan duen esanahia ezagutuko dugu. Lan-elkarrizketa batera doan aldiro, egoera berean dauden beste emakume batzuren ikuspuntuak entzungo ditu. Camilak badaki urtebete langabe egotea denbora dezente dela, eta nola edo hala, lana aurkitzean ez dela pertsona bera izango.
Alfonso Gazitúa
Pedro Vargas gorputz eta adimen-urritasun maila desberdinak pairatzen dituen eta San Gregorio herrian bizi den 30 urteko gaztea da. Bere egoera ez da oztopo maitasun-istorio eder baten protagonista izateko, Catirekin batera, adimen-urritasun maila latza nozi duen bere ?printzesarekin?. Edozein drama erromantikoan bezalaxe, maitasun honen gauzatzearen aurka ageri diren antagonistak daude. Pedroren ama Mariari bere gizon-umea maitemindu egin dela onartzea kostatu zaio, eta harremana galarazten saiatuko da. Honez gain, emakumezko protagonistaren zapuztutako ahizpa, Marta, Catiren iratzartze sexualaren beldur da, eta honek Pedrorekin duen harremanean muturra sartuko du. Alabaina, Pedro Vargasek bere printzesaren ondoan egoteko borrokatuko du, bere burua Jainkoari gomentatuko dio eta amodioan sinesten erakutsiko dion Juan zaharraren aholku jakintsuak jarraituko ditu.
Marcelo Santiago
Brasil - Portugal
93 min.
Brasil, 60ko hamarkadako bukaeran. Cristiana, unibertsitate-ikasle batek, eta Saulo, bere literatur irakasleak, ideal iraultzaileek zipriztindutako amodiozko istorio bat bizi dute. Errepresioa areagotzen doan heinean, Saulok Unibertsitatea uztea erabaki, borroka armatuarekin bat egin eta klandestinitatean bizitzea erabakiko du. Cristiana lagun izango du, baina neska luze bakarrik egongo da, Belo Horizonteko apartamentu batean giltzapetua, Saulo gordelekutik kanpoko ekintzetan dabilen bitartean. Azkenik, Cristianari militante zauritu bat zaindu dezan enkargua emango diote, zeinak Cristiana babestearren, txanoarekin egon beharko duen. Erkide berri honek gerrillari batean ezohikoa den ezaugarri bat dauka: dantzaria da eta Nijinskyrekin itsututa dago. Pixkanaka, Cristiana eta txanodun gaztearen arteko harremanak muga guztiz politikoa zeharkatuko du, Saulorekin gatazka piztuz.
Enrique Gabriel
Espainia - Argentina
92 min.
Fernando Valbuena de Montijos espainiar enpresari gazte, goapo eta diruduna, Buenos Airesera bizitzera joandakoa, Suspiros del Corazón izeneko argazki-nobelen aldizkari batek horoskopoa bete-betean asmatu diola ohartu da. Negozio-erabaki garrantzitsu bat hartzekotan dagoela, datorren hilabeteko iragarpen astralaren berri kosta ahala kosta jakin nahiko du. Bilaketa honek Fernando aldizkariaren argitaletxera eramango du, bere benetako nortasuna ezkutatu eta argazki-nobeletako aktore bihurtuko da. Bertan Fraty ezagutuko du, ordura arte ezezagun zitzaizkion sentimenduak pizten dizkion neska gaztea, eta bidegurutze bati aurre egin beharko dio, bere enpresaburu-bizimodu pragmatiko eta arrakastatsuarekin jarraitu edo bere patua betirako aldatu.
Camila Guzmán Urzúa
Frantzia - Kuba - Espainia
80 min.
Dokumental honen egilea 70 eta 80ko hamarkadetako Kuban hazi zen, Iraultzaren ?urrezko urteetan?, eta paradisua bailitzan gogoratzen du. Hamabost urte geroago, Habanara itzuliko da garai zoriontsu hura berreskuratu eta bere ikaskideetako batzuren patua ezagutzeko asmotan. Iraganera eginiko bidaia etsipenerako bidaia bilakatuko da, errealitate konplexu eta kontraesankor baten inguruko egilearen gogoetak gidari direla. Film honek Zinema Eraikitzeneko iazko ekitaldian Televisión Españolako Saria lortu zuen. Torontoko Jaialdirako hautatua.
Francisco Vargas
Don Plutarco, Genaro bere semeak eta Lucio bilobak bizimodu bikoitza daramate. Batetik, nekazari-giroko musikari umilak dira, eta bestetik, gobernu zapaltzailearen aurkako nekazarien gerrilla mugimenduari irmo laguntzen diote. Armadak beraien herrixka indarrez hartzen duenean, gerrillariek ihesi joan beharko dute, munizioak bertan utzita. Kalterik egiten ez duen biolin-jolearen itxurak eginez, Don Plutarcok plan bat dauka: bere artasoroan gordetako munizioak berreskuratzea. Bere musikak kapitaina liluratuko du, baina munizioak jasotzeko daude oraindik...
Román Chalbaud
Istorioa 2002ko abuztuan hasten da, Nicolas Petrovek Giza Eskubideen Inter-amerikar Gorteak erabakitako epaia irakurtzen duenean, zeinaren arabera, 1989ko otsailaren 27ko gertakarien senide eta biktimei kalte-ordaina eman beharko dien venezuelar Estatuak. Bertan direnek Venezuelako historia garaikidearen lehena eta geroa mugatu zuten zoritxarreko gertaera odoltsuak gogoratuko dituzte orduan. El Caracazo filmean azaltzen diren pertsonaiak herrialdearen ikuspegia aldarazi zuen gizarte tragediaren -testigantza-fikzioan adierazita- kaltetuetako batzuk besterik ez dira.