Werner Herzog zuzendari, gidoigile eta ekoizle alemaniarrak Donostia Zinemaldiaren 74. edizioko lehen Donostia Saria jaso du gaur gauean, Kursaal Auditoriumean egindako inaugurazio-galan. Zinemaz, topaketez eta hausnarketez betetako bederatzi egunei hasiera eman zaie hala. Gaurtik irailaren 26ra bitartean, 47 herrialdetako 263 film emango dira, aurten ere aniztasunaren eta pluraltasunaren aldeko apustua egiten duen programazio batean.
Fariba Sheikan eta Mariona Terés aktoreak izan dira galaren aurkezleak, Cayetana Guillén-Cuervok ere parte hartu du ekitaldian, nazioarteko zinemaren esparruko hainbat pertsona ezagunen presentzia ere izan duenean.

Zuzendari alemaniarrak Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia jaso du Orlando Bloom aktorearen eskutik. Bloom, izan ere, Herzogen azken filmeko (Bucking Fastard) aktore-zerrendaren parte da (sari-banaketaren aurretik eman da filma Victoria Eugenia Antzokian). Zinemaldiak "zinemaren mugak arakatu nahi izateak eta begirada beti berezi, aske eta arriskutsuaz behatzeak" markatutako ibilbidea nabarmendu nahi izan du.
Txalo zaparrada luzea jaso ondoren, Herzogek Euskal Herriarekiko "lotura duela" Aguirre, der Zorn Gottes / Aguirre, the Wrath of God (1972) filma grabatu zuenetik. Era berean, Cave of Forgotten Dreams (2010) lanaren filmaketa ekarri du gogora; lan hura egitean, milaka urte lehenago haitzuloetako pinturak egin zituztenengandik oso gertu sentitu zen.

Halaber, euskal kultura eta euskara goraipatu ditu —"hizkuntza harrigarria, Europako zaharrena"—, eta bertsolariekiko miresmena azaldu du, poeta-komunitate baten ordezkari gisa. "Ez dakit zehazki zertaz ari diren, baina komunitate baten parte naizela sentitzen dut. Poesia-herri baten eskutik jasotzen dut sari hau", bukatu du.
Bere aldetik, Herzog "zinemagile aparta" dela eta "ahots bakarra" duela nabarmendu du Bloomek. "Naturaren muturreko alderdiak, gizakiaren jokabidearen bazter bitxiak nahiz errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak aztertuz, Wernerrek beti hartu izan du zinema abenturatzat", adierazi du.
Galak The Mission filmaren —Roland Joffék zuzendutakoren eta Jeremy Irons protagonista duenaren— estreinaldiaren 40. urteurrena ekarri du gogora. Irons Zinemaldian izan dugu berriz hori dela-eta. Irons eta David Puttnam —filmaren ekoizlea— Kursaaleko eszenatokira igo dira, filma gogoratu eta haren indarraldia aldarrikatzeko, zinemak "zuhurtzia eta itxaropena" eskaini behar dituela sinetsita.

Inaugurazio-galan, zinemaz modu kolektiboan gozatzearen garrantzian jarri du arreta Zinemaldiak, pantailetako edukien kontsumo indibidualistaren aldean, zinemaren etorkizunak planteatzen dituen erronka handiei eta ezezagunei aurre egin beharra azpimarratzeaz gain.
Galak, halaber, bat egin du genozidioen amaiera aldarrikatzen duten ahotsekin, Gaza izanik egungo egoera larrienetako bat. Hain zuzen, NAZA filmaren zuzendariei, Yuval Abraham y Reichel Szor babesa ere adierazi diete, Israelgo Gobernuak mehatxatu baititu. Aurkezleek, halaber, azpimarratu dutenez, "nazioarteko ordenaren arauen aldebakarreko hausturak, arpilatze kolonialistak, indarkeria matxista eta giza eskubideak sistematikoki urratzen dituzten gerrak bukatutzat jo behar dira".
Gainera, aurkezleek Gazteak, Zinema, Memoria eta Demokrazia zikloaren berri eman dute; Espainiak askatasunean emandako 50 urteak ospatzeko Gobernuko ordezkariarekin batera antolatu du zikloa Zinemaldiak, aurten, bigarrengoz. Ekimen honi esker, Zinemaldiak ideia hau nabarmentzen duten film luzeez osatutako ziklo bat eskainiko du: zinemak demokrazien ahultze baten ondorioez —eta, zehazki, horrek kulturan izango lukeen eraginaz— ohartarazteko duen gaitasuna, hain justu ere. Ildo horretan, Carmina Gustránek, Ospakizuneko komisarioak, "topaguneak eta eztabaidarako esparruak sortzearen" alde egin du, "adierazpen-askatasuna mugatu eta kontakizun bakar eta baztertzaileak inposatu nahi dituztenen aurrean".

Cayetana Guillén-Cuervo aktoreak —Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako presidenteak— Ricardo Darínen irudia goraipatu du, 74. edizio honetako irudiaren protagonista eta Zinemaldiaren azken urteotako historiari estu lotutako aurpegietako bat. Zehazki, Donostia Zinemaldiaren eta Latinoamerikako zinemaren arteko sinergiak nabarmendu ditu; izan ere, aurtengo edizioan ehun bat film latinoamerikar daude, hainbat sailetan banatuta.
Ekitaldian, Verde Prato artista tolosarrak Zerua abestia kantatu du, azken hilabeteotan zendu diren hainbat pertsonaren omenez: José Antonio Félez ekoizlea, José Luis Cienfuegos kultur kudeatzaile eta programatzailea, Ignasi Camós Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko (ICAA) zuzendaria, Agustina Chiarino ekoizlea eta Jeremy Thomas ekoizlea.
Ekitaldian FIPRESCI Sari Nagusia ere banatu da, Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioak ematen duena, eta oraingoan Paul Thomas Andersonek zuzendutako One Battle After Another filmarentzat izan da. Paola Casella zinema kritikari eta FIPRESCIko presidenteordeak eman dio golardoa Carlos Pradari —Warnerreko presidenteordeari—, filmaren ordezkari gisa.

Ohi bezala, 74. edizioko Epaimahai Ofiziala ere inaugurazio-galan izan da. Ira Sachs zuzendari, gidoilari eta ekoizlea da epaimahaiburua. Goraipatu egin du Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren, Elias Querejeta Zine Eskolaren eta Donostia Zinemaldiaren lana "zinema-komunitate bizia" osatzen baitute. Gainerako epaimahaikideak honako hauek dira: Catherine Paillé gidoigilea; Mike Goodridge ekoizlea; Genki Kawamura idazle, gidoigile, ekoizle eta zuzendaria; eta Bill Skarsgård, Alice Braga eta Patricia López Arnáiz aktoreak.

Zeremonia amaitzeko, Geister / Ghost Song fil-ma aurkeztu dute. Fatih Akin zinemagile alemaniarrak zuzendu du, eta Sail Ofiziala inauguratu du. Akin, besteak beste, Eren M. Güvercin eta Mariam Dawoud aktoreekin —filmeko protagonistekin— batera joan da Kursaalera. Filmaren emanaldiarekin, hala, Donostia Zinemaldiaren edizio berri bat hasi da ofizialki, eta hurrengo bederatzi egunetan hiria zinemagile, interprete, industriako profesional, kazetari eta ikus-entzuleentzako topagune bihurtuko da, horrela, beste urte batez.
