Paul Thomas Andersonek zuzendutako One Battle After Another (2025) filmak FIPRESCI Sari Nagusia lortu du, FIPRESCI Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek 2026ko film onen gisa bozkatu baitute. Kritika eta kazetaritza zinematografikoaren alorreko profesionalen elkarterik zaharrena da FIPRESCI, 2025ean ospatu baitzuen bere mendeurrena. Bozketan 69 herrialdetako 591 kritikarik hartu dute parte, eta AEBetako ekoizpen hau hautatu dute 2025eko uztailaren 1etik estreinatutako guztien artean.
Paul Thomas Andersonen film batek aintzatespen hori lortzen duen laugarren aldia izango da, Magnolia (1999), There Will Be Blood (2007; Andersonek 2008an Kursaaleko agertokian jaso zuen golardoa) eta Phantom Thread (2018) pelikulen ondoren.
Saria Donostia Zinemaldiaren 74. edizioaren inaugurazio-ekitaldian emango zaio zuzendariari, irailaren 18an. Egun horretan bertan filmaren emanaldi bat programatuko da, irailaren 7an iragarriko dena.
One Battle After Another izan zen iazko Oscar sarietako irabazle nagusia, sei sari eskuratu baitzituen: film onena, zuzendari onena, gizonezko aktore protagonista onena, antzeztaldeko gizonezko aktore onena, casting onena, gidoi egokitu onena eta muntaketa onena.
Beste lau finalistak honako hauek izan dira: Stille Freundin / Silent Friend (Ildikó Enyedi, Veneziako FIPRESCI Saria); The Voice of Hind Rajab (Kahouter Ben Hania, Zilarrezko Lehoia eta Epaimahaiaren Sari Nagusia Venezian eta Donostia Hiriko Publikoaren Saria; Hamnet (Chloé Zhao, publikoaren saria Torontoko eta Valladolideko jaialdietan); eta Fjord (Cristian Mungiu, Urrezko Palma, Epaimahaiaren Saria eta FIPRESCI Saria Cannesko jaialdiko aurreko edizioan; Perlak sailean parte hartuko du).
Sortu zenetik (1999an), zinemagile itzaltsu ugariren filmek jaso dute FIPRESCI Sari Nagusia: Maren Ade, Pedro Almodóvar, Paul Thomas Anderson, Nuri Bilge Ceylan, Alfonso Cuarón, Jean-Luc Godard, Ryûsuke Hamaguchi, Michael Haneke, Aki Kaurismäki, Abdellatif Kekiche, Kim Ki-duk, Yorgos Lanthimos, Richard Linklater, Terrence Malick, George Miller, Cristian Mungiu, Jafar Panahi, Roman Polanski, Chloé Zhao eta Walter Salles
Iraultzaile ohi batek, hainbat urte borrokatik aparte eman ondoren, jardunera itzuli beharko du, aspaldiko etsaiei aurre egiteko, tentsio politikoz, arrazakeriaz eta indarkeria militarrez zikindutako giro batean... Thomas Pynchonen (1990) Vineland eleberriaren —hirurogeiko hamarkadako mugimendu erradikalei buruzkoaren— egokitzapen modernizatua.
Warner Bros. Picturesek One Battle After Another aurkezten du, Paul Thomas Andersonek idatzi, zuzendu eta ekoitzia eta Leonardo DiCaprio, Sean Penn, Benicio Del Toro eta Chase Infiniti ditu protagonista.
Bob, jada erretiratutako iraultzaile erori bat (DiCaprio), paranoia-egoeran eta drogatuta bizi da. Willarekin —bere alaba kementsu eta autonomoarekin (Infiniti)— bizirik ateratzen saiatzen da, gainerakoengandik isolatuta. Boben arerio porrokatu eta gaiztoa (Penn) 16 urte geroago berriz agertu eta Willa desagertzen denean, erradikal ohiak gizona aurkitu nahiko du kosta ahala kosta. Bai alabak, bai aitak, aitaren iraganaren ondorioen aurka borrokatu beharko dute.
Andersonek bere gidoi propioa zuzentzen du. Ekoizleak Oscar eta BAFTA sarietarako izendatutako ekoizle Adam Somner, Sara Murphy eta Anderson dira, Will Weiske izanik ekoizle exekutiboa.