Jasangarritasuna kontatzen ditugun ideien bitartez ere eraikitzen da. Premisa horri jarraituz, Donostia Zinemaldiak ingurumenarekiko duen konpromisoa indartu du, Tanta Saria sortuta. Ikuspegi desberdinetatik larrialdi klimatikoa agerian jartzen duten proiektuak sustatzea da 5.000 euroz hornitutako sari horren helburua. Aurtengo edizioan, Ikusmira Berriak sailean eta Europa–Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako lanen artean emango da. Zinemaldiak sorkuntzari hasierako faseetan emandako laguntza indartzen jarraitzeko modu bat da, orain garapenerako baliabide gisa "ikuspegi klimatiko" bat txertatzen baitu.
Jasangarritasuna ez da bere kasa eratzen. Kontuan izanik nazioartekoa eta presentziala dela eta sorkuntza-, industria- eta prentsa-sare globalei lotuta dagoela, Donostia Zinemaldiak ezin du neutraltasun klimatikoa autosufizientziatik erdietsi. Horregatik, bide hori Zinemaldiaren alderdi guztiak zeharkatzen dituen lankidetza-sare gisa ulertzen dugu: ekoizpenetik eta logistikatik hasi eta eduki eta narratibetaraino. Horregatik lantzen dugu ingurumen-arloa hainbat ikuspegitatik, inpaktua ez delako puntu bakar batean sortzen eta ez delako diziplina bakar batetik ebazten.
Ale honetan, lan egiteko modu hori ondo erakusten duten bi adibide aztertu nahi ditugu: klima-aldaketa pentsatzeko lagungarriak zaizkigun narratiben inguruko lana eta lurraldearen gaineko ekintza klimatikoa.
Lankidetza-ildoetako bat edukien eta narratiben esparruan kokatzen da, European Climate Foundationekin egindako lanaren bidez. Aliantza horri esker, sakonago txertatu ahal izan dugu klima-aldaketaren alderdi kulturala, trantsizio ekologikoa kontatzen ditugun istorioetan eta taxutzen ditugun iruditerietan ere jokatzen dela ulertuta.
Testuinguru horretan sortu da Tanta saria, larrialdi klimatikoaren ikuspegi alternatiboa, eraikitzailea eta eraldatzailea osatzen duten edo osa dezaketen ikus-entzunezko proiektuak babesteko jomuga duen ekimena. Saria 5.000 eurokoa da, eta Ikusmira Berriak sailean eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako proiektuen artean banatzen da; hala, Zinemaldiak sorkuntzari hasierako faseetan emandako laguntza indartzen da, orain garapenerako baliabide gisa "ikuspegi klimatiko" bat txertatzen baitu.
Lan honek, gainera, lankidetza-sare baten —aliantza honek sendotu duenaren— euskarria du; izan ere, Greenpeacerekin harremanetan gaude (Lurra saria ematen hamar urte baino gehiago eman ditugu elkarlanean harekin), baita Climate Springekin ere (krisi klimatikoa zineman, telebistan eta kultura herrikoian irudikatzeko modua eraldatzen duten narratibak bultzatzeko erakundea da hura).
Helburua erraza baina garrantzitsua da: munduaren isla gisa ez ezik, iruditeria kolektiboak eratzen laguntzen duen baliabide gisa ere ulertzea zinema. Askotan egoera distopikoetan edo kolapsoetan kokatzen diren kontakizunen aurrean, garrantzitsua da erakustea larrialdi klimatikoa jada gertatzen ari dela, eta alternatibak pentsatu eta konta daitezkeela.
Hasieratik parte hartzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak Naturklimaren bidez bultzatutako Borondatezko Karbono Funtsean. Lankidetza publiko-pribatuko baliabide horrek aukera ematen du emisioak konpentsatzeko eta konpentsazio hori lurraldearen gaineko proiektu zehatz bihurtzeko.
Zinemaldiaren ustez, funts hori erabakigarria da neutraltasun klimatikoa lortzeko bidean, isuriak konpentsatzen dituelako ez ezik, gure karbono-aztarna zuzenean lotzen duelako ere bai ekologia lehengoratzeko, biodibertsitatea hobetzeko eta Gipuzkoan klima-aldaketara egokitzeko benetako ekintzekin.

Adibide adierazgarrienetako bat Miserikordia Zaharraren inguruko esku-hartzea da, Uzturre mendian (Tolosa), non baso-ekosistemak lehengoratzea eta klima-babesleku irisgarri bat sortzea uztartzen baitira. Jarduketa hari esker, espezie inbaditzaileak desagerrarazi eta 1.075 zuhaitz autoktono landatu ahal izan dira, bereziki haritz atlantiarra (Quercus robur). Horrez gain, ingurua egokitu egin da atsedenguneekin, urarekin eta itzal-korridoreekin.
Proiektua 2025ean garatu zen, 25 hektareatan. Proiektua lagungarria da Hernio-Leitzaranen karbono dioxidoa harrapatzeko, erosotasun termikoa hobetzeko, lurzorua babesteko eta konektibitate ekologikorako, eta horrenbestez, lurraldearen erresilientzia indartzen du klima-aldaketaren eraginei dagokienez.

Jasangarritasuna ez da Zinemaldiaren gainerako jardueratik bereizitako eremutzat jotzen, baizik eta gure ekintza eta haren modua zeharkatzen dituen lanerako modu gisa. Ekoizpenetik aliantzetaraino, babesten ditugun istorioetatik igarota, dena prozesu beraren parte da.

Lente klimatikoarekin lotutako iruditeria zabaltzeko asmoz, newsletterraren edizio bakoitzean larrialdi klimatikoari hainbat ikuspuntutik heltzen dioten hiru film proposatuko ditugu. Genero eta ikuspegi ugariren bidez, film horiek orainari buruz hausnartzeaz gain, erronka komun hori kontatzeko eta ulertzeko modu desberdinak ere erakusten dituzte.