"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Oscar sariduna den Angelina Joliek lehen aldiz bisitatuko du Donostia Zinemaldia, irailaren 21ean, Alice Winocourren Couture filmaren aurkezpenean Louis Garrel eta Garance Marillierrekin batera parte hartzeko (Sail Ofizialeko lehiaketan dago filma). Horiek horrela, hirurek Winocourrekin eta iragarrita zeuden bi aktoreekin (Anyier Anei eta ella Rumpf) bat egingo dute.
Modaren Parisko Astearen zalaparta betean, hiru emakumeren bizitzak gurutzatuko dira Frantziako hiriburuan: Maxine (Angelina Jolie), zinemagile estatubatuar bat, bularreko minbizia duela deskubritu du eta gertuko kolaboratzaile batekin (Louis Garrel) ustekabeko harremanari ekingo dio; Ana (Anyier Anei), modaren munduan aurpegi berria, bere herrialdean, Hego Sudanen, aurrez zehaztutako etorkizun batetik ihes egin du; eta Angèlek (Ella Rumpf), makillatzaile frantziarrak, desfileen atzealdean egiten du lan. Haien bideak gurutzatzen diren heinean, Couture filmak fokuen atzean ezkutatzen den erresilientzia isila erakusten du, eta lanbide, kultura eta kontinente ezberdinetako emakume horiek partekatzen duten isileko elkartasunari egiten dio omenaldia.
Beraz, Angelina Jolie, Louis Garrel eta Garance Marillier dira jada baieztatuta dauden beste hainbeste presentziarekin (hala nola, Jennifer Lawrence eta Colin Farrell) bat egingo duten azken izenak. Donostia Zinemaldiaren 73. edizioa hilaren 19tik 27ra bitartean egingo da.