Donostia Zinemaldiak Inbertitzaile sortzaileen laugarren topaketa antolatu du irailaren 23rako eta 24rako, Spanish Screenings: Financing & Tech ekimenaren barnean. Ekitaldiak hitzaldi eta zenbait mahai-inguru (industria-akreditazioa duten pertsonei irekiak) eta networking pribatuko jarduerak izango ditu. Zinemaldia & Technology jarduerara –irailaren 25ean– joateko aukera ere izango dute parte-hartzaileek.
Aurten ere CAA Media Finance taldearekin lankidetzan antolatua, topaketan mundu osoko inbertitzaile eta aditu nabarmenak izango dira (alfabetikoki): David Arroyo (Suma Capital); David Atlan-Jackson (Vuelta Group); Javiera Balmaceda (Amazon Studios); Rodolphe Buet (Studio TF1); Akunna Cook (Next Narrative Africa Fund); Élisabeth d'Arvieu (Mediawan Pictures); Frédéric Fiore (Logical Pictures); Mike Goodridge (Good Chaos); Robin Kerremans (Caviar); Sam Kozhaya (Legendary Entertainment); Axel Kuschevatzky (Infinity Hill); Juan de Dios Larraín (Fabula); Alexandra Lebret (AXIO Capital/Together Fund); Vincent Maraval (Goodfellas); Teresa Moneo (ekoizle independentea); Matías Mosteirín (K&S Film); Skye Optican (Annapurna Pictures); Sébastien Raybaud (Anton); Laura Rossi (MUV Capital); Andrea Scarso (IPR.VC); Karl Spoerri (Zurich Avenue); Lars Sylvest (Thank You Pictures); David Taghioff (Library Pictures International); Alexandra Tynion (Tricky Knot); Christine Vachon (Killer Films); Christian Vesper (Fremantle); Patrick Wachsberger (193); Robert Walak (Iconoclast); eta Michael Weber (The Match Factory).
Bestalde, topaketan lehendabizikoz izango dira enpresa hauek: 193, Amazon Studios, Annapurna Pictures, AXIO Capital / Together Fund, Fabula, Fremantle, IPR.VC, Legendary Entertainment, Mediawan, MUV Capital, Next Narrative Africa Fund, Studio TF1, Thank You Pictures, Tricky Knot eta Vuelta Group.
Hauek dira eztabaidatuko diren gaien artean nabarmengarrienak: Europako estudio-eredu berria; inbertitzaile pribatuen lehentasunak 2025ean; ekoizleek nola nabigatzen duten sail eta film luzeen artean eta nola sortzen dituzten sareak euren mugetatik haraindi; Latinoamerikako edukien hazkundea; sortzen ari diren finantzaketa-eredu berriak; eta etorkizuna kontuan hartuz industriaren etengabeko berrasmatzea aurreratzen duten iragarpenak.
Roeg Sutherlandek, Sarah Schweitzmanek eta Peter Dakichek (CAA Media Finance) Topaketan parte hartuko dute eta mintzaldietako zenbaitzuk moderatuko dituzte, Wendy Mitchell-ekin batera, Donostia Zinemaldiaren ordezkari eta aholkularia.
Mahai-inguruak eta hitzaldiak irailaren 23an eta 24an egingo dira, 10:00etatik 14:00etara Tabakaleran. Programa osoa laster egongo da kontsultatzeko Zinemaldiaren webgune ofizialean.
José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak honako hau adierazi du: "Atsegingarria da guretzat inbertitzaile sortzaileen topaketak lehen hiru edizioetan gero eta garrantzi eta eragin handiagoa hartzea, eta pozik gaude laugarren edizio honetan exekutibo eta adituen talde aparta izango dugulako. Oso eskertuta gaude Espainiako Gobernuari emandako laguntzagatik, eta bereziki baloratzen dugu CAA Media Finance taldearekin izan dugun lankidetza emankorra. Badakigu aurtengo topaketan eztabaida garrantzitsuak izango direla, bai eta parte-hartzaileen eta Espainiako ikus-entzunezko industriaren artean networkingean eta elkarreraginean aritzeko aukerak ere".
Spanish Screenings: Financing & Tech jarduerari buruz
Spanish Screenings: Financing & Tech ekimenak Kultura Ministerioaren (ICAA Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren medioz), Eraldaketa Digitalerako eta Funtzioaren Ministerioaren, ICEXen, Málagako Zinema-jaialdiaren eta Donostia Zinemaldiaren laguntza du.
Donostia Zinemaldiak, ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ ekimenaren esparruan, Zinemaldia Startup Challenge (irailaren 25a) hartzen du.