6-11 urteko milaka haurrek aukera izango dute Totoro auzokidea / Tonari no Totoro (Hayao Miyazaki, 1988) filmaren emanaldiaz gozatzeko Belodromoan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren –zinema eta zientzia uztartzeko jomuga duenaren– barnean. Donostia Zinemaldiak, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak elkarrekin antolatuak, animazioko zinema japoniar klasiko honen emanaldiak basoko misterioetan barneratuko dira, hango biztanleek osatzen duten ekosistema liluragarria ezagutarazteko ikasle gazteei, naturan oreka ekologikoa eta biodibertsitatea babestea zein garrantzitsua den nabarmenduz.
Filma euskarara bikoiztuta emango da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzat. Totoro auzokidea pelikulak landa-etxe batera joan eta izaki magikoak (hala nola Totoro, itxaropena berreskuratzen lagunduko dien basoko izpiritu bat) aurkituko dituzten bi neskaren arteko harremana kontatzen digu.
Miyazaki –2023an Donostia Saria jaso zuena bere ibilbide osoagatik– animaziozko zinemaren munduko maisu nagusietako bat da. Sen to Chihiro no Kamikakushi / Spirited Away (2001) eta Gake no Ue no Ponyo / Ponyo on the Cliff by the Sea (2009) ere eman ziren Belodromoan, 2002an eta 2009an, hurrenez hurren. Ondoren, japoniarrak –Ghibli estudioaren sortzaileetako bat denak– Kaze Tachinu / The Wind Rises (2013) filmarekin parte hartu zuen Perlak sailean, eta Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa inauguratu zuen Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron (2023) lanarekin.
Totoro auzokidea filmaren emanaldiarekin batera aurkezpen original bat egingo da, hainbat ezusteko ere izango dituena. Basoaren bihotzera bidaiatuko dugu zuhaitzak, onddoak eta organismo ñimiñoak elkarrekin nola bizi diren eta elkarri nola laguntzen dioten deskubritzeko. Mikromundu sinbiotiko horien eta lurpeko komunikazio-sareen aurkikuntzak basoa ia batere esploratu gabeko ekosistema gisa hautematera eramango gaituzte.
Aurtengo ediziora gonbidatutako zientzialaria Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeko Baso Zientzien departamentuko Nahia Gartzia Bengoetxea biologo ondarrutarra izango da. Eguneroko lanean, baso-lurzoruak eta horiek giza jarduerekin eta ingurunearekin duten lotura analizatzen ditu, jasangarritasunerako eta klima-aldaketarekiko erresilientziarako baso-praktika berriak sortzea izanik azken xedea. Biologian lizentziaduna eta Zientzietan doktorea UPV/EHUn, doktore-tesiaren zati bat Hohenheimgo Unibertsitatean egin zuen.
Pepper robot sozialak ezin zuen topaketan huts egin, eta jada tradizio bihurtu zen bezala, luxuzko tandem bat osatuko du Ugaitz Alegria aurkezlearekin batera haurrei zuzendutako festa jendetsu honetan. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldearen (RSAIT) lankidetzari esker, Zinemaldian zehar Belodromoko ikono bihurtu den robot honen trebetasun bereziez gozatzeko aukera izango dute ikasleek.
Ikastetxeak Belodromoan jardueraren aurtengo kartela basoko misterioei eta naturak pizten duen harridurari egindako omenaldia da, eta Malen Pazos ilustratzaile mutrikuarrak sortu du Arteuparteren diseinu grafikoarekin.
2019az geroztik, Donostia Zinemaldian programatzen diren eskola-zinemako saioek DIPCren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetza dute. Donostia. Zinema Hiria, Zientzia Hiria, 80 bat ikastetxetako 13.000 ikasle baino gehiago joango dira Belodromoko sei saioetara, goizez, irailaren 19an (ostirala) eta 22tik (ostirala) 26ra (astelehena), biak barne.
Satsuki eta Mei neskatoak aitarekin landa-etxe berri batera joan dira bizitzera; ama gaixotasun batetik sendatzen ari da inguruko ospitale batean. Harritu egingo dira, laster, ohartzean etxe hartan nahiko ezohikoak diren izaki batzuk bizi direla eta oso bizilagun arraroak dituztela; horietako bat Totoro da, basoko izpiritu bat. Protegonistei arazoak sortzen zaizkienean, lagun berriek itxaropena berraurkitzen lagunduko diete.
Haurrentzako zinema
Bestalde, Donostia Zinemaldiak familientzako animaziozko sei lan aurkeztuko ditu 73. edizioan. Zinemaldiaren lehen asteburuan eta bigarren larunbatean Haurrentzako Zinema saileko emanaldiak izango dira Príncipe zinema-aretoetan. Horiek guztiak euskarara bikoiztuta ikusi ahalko dira, Zineuskadiren lankidetzari esker, Zinema Euskaraz programaren esparruan. Sarrerak 2 euroko prezioan eskuratu ahalko dira, fisikoki, eta aurten Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneen medioz ere bai.
Elfie iratxo abenturazaleak bizitza zirraragarriagoa nahi du Super Elfkinak filmean; ekoizpen aleman honen zuzendaria Ute von Münchwo-Pohl da.
Sari nagusia ziztu bizian ekoizpen alemaniarra da, Waldemar Fastek zuzendua, Edda sagutxoa duena protagonista; karrera-pilotu izateko ametsa du Eddak, eta jolas-parke bat ixtea galarazteko abentura batean nahasiko da.
Barrakudaren altxorra koprodukzio espainiar-belgikarrean (mundu-estreinaldian programatua), gurasoen bila dabilen neska batek altxor baten bila dabiltzan piraten itsasontzi batean amaituko du. Adrià Garciaren lan berria da, Nocturna (2007) filmarekin animaziozko film onenaren Goya saria irabazi zuena.
Tobias Schwarzek eta Aizea Rocak zuzendu dute Heidi, Katamotzaren erreskatea; Alemania, Espainia eta Belgikaren arteko koprodukzio honetan, haur-pertsonaia ezagunak enpresaburu gupidagabe bati aurre egin beharko dio zauritutako katamotz bat salbatzeko.
Karine Vézina eta André Kadik zuzendua, Kaixo, Frida! ekoizpen kanadarrak oztopoei irudimen handiz aurre gin zien eta oinazea sormen bihurtu zuen neskato bakar eta grinatsu baten istorioa kontatzen digu: Frida Kahlo.
Urez gainezkatutako mundu batean aurrera egin behar duen katu bat da Gints Zilbalodis zuzendari letoniarraren Flow filmaren protagonista. Bere bigarren film luze honekin –Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatutakoarekin– animaziozko film onenaren Oscar eta Golden Globe sariak lortu zituen.
Haurrentzako zinema
Bere gurasoen bila dabilela, Chispasek Barrakuda Kapitain beldurgarriaren ontzian amaituko du. Tripulazioak ez daki irakurtzen Chispasek baino ezin die lagundu Phineas Craneren altxorra aurkitzen, Karibeko pirata guztien artean baliotsu eta gutiziatuena izanik.
Katu bat itxuraz urez estalitako eta agidanez gizakirik gabeko mundu batean dago. Babesleku bila, beste espezie batzuetako animaliak dituen itsasontzi batera iritsiko da. Horiekin ondo moldatzea urari dioten beldurra gainditzea baino erronka handiagoa izango da. Abentura hartan, ausardia erakutsi eta desberdintasunak gainditu beharko dituzte egoera berrira egokitzeko. Animaziozko film onenaren Oscar eta Golden Globe sariak, Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatu ondoren.
Heidik zauritutako katamotz bat aurkitzen duenean mendian, misio ausart bati ekingo dio bere lagun Peterrekin, animalia haren familiarengana eramateko, natura eta bere etxea arriskuan jartzen dituen enpresaburu gupidagabe baten aurka.
Neskato desberdin baten istorioa da hau. Bere mundua Coyoacán da, Mexikon. Distiratsua, kartsua, dena interesatzen zaio. Eta zailtasunak jazotzen direnean, irudimen mugaezinez egiten die aurre. Frida Kahlo da neskato hori!
Eddak auto lasterkarien pilotu bihurtzea du amets. Ustekabean, bere ametsa egia bihurtzen da: gainbeheran zegoen jolas-parkea lasterketa-zirkuitu bihurtzen da! Bere idoloarekin, Ed pilotuarekin batera, Europako Sari Nagusia izango dute erronka, eta lasterketaren aurkako sabotaje-plan bat aurkituko dute. Lortuko al dute lehiaketa salbatzea eta jolas-parkea ixtea saihestea?
Elfkin iratxo abenturazalea da Elfie, eta bizitza zirraragarriagoa izan nahi luke, elfkinen laguntza sekretu tipikoa dibertsioa eta adrenalinarekin konbinatuz. Beren klaneko kide nagusien ez daude pozik horrekin, denak berdin jarraitzea nahi baitute. Baina egunen batean Elfiek Bo ezagutu eta bere bizitzak ustekabeko bira emango du. Bo filosofia berezi bat duten elfkinen beste klan batekoa da: ondo pasatzea eta goi teknologiako gadgeten erabiltzea, gauza ausart baina ez nahitaez legezkoak egiteko.