Asier Aranzubia, Zigor Etxebeste eta Paula Arantzazu Ruiz ikertzaileek jasoko dituzte José Ángel Herrero-Velarde beken hirugarren edizioko dirulaguntzak. Bekak Donostia Zinemaldiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak martxan jarritako Elías Querejeta Zine Eskolak ematen dituzte elkarrekin. Artxiboan egingo dituzten lanetan, hurrenez hurren, honako hiru gai hauek aztertuko dituzte ikertzaileek: zinema-jaialdiek kanon filmikoa sortzeko orduan duten eragina, arreta berezia jarriz El espíritu de la colmena (1973) lanean; Hollywoodeko zinemagile klasikoek Zinemaldira egindako bisitak eta Donostian euren lanen gainean egindako atzerabegirakoak, zehazki Miguel de Echarri jaialdiko zuzendaria izan zen garaian 1967tik 1977ra; eta Donostian 1965etik aurrera egindako Zinema eta telebista hezigarri, zientifiko eta kulturalaren nazioarteko jardunaldiek zine zientifiko-medikoaren garapenean izandako garrantzia.
Donostia Zinemaldiko eta Elías Querejeta Zine Eskolako kideek osatutako batzorde batek 2025eko martxoan erabaki zuen hiru ikerketa-bekak nori eman, aintzat hartuta bat Gipuzkoan jaio edo bizi den pertsona batentzat izan behar dela (Zigor Etxebeste) eta beste biak Estatu osoko ikertzaileentzat irekita daudela (Asier Aranzubia eta Paula Arantzazu Ruiz). Bada, azkenean, batzordeak Etxebesteren, Aranzubiaren eta Ruizen proposamenak aukeratu zituen, “pluralak eta gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak direlako, maila teorikoan zinema-jaialdien ikerketan eta Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dutelako, eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituztelako”.
Laguntzon helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea, zertarako eta ikerketa-artikulu argitaragabeak sortzeko iturri nagusi moduan Zinemaldiaren Artxiboa erabilita. Horrela eginda, Zinemaldiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko dialogoa ezarri nahi da.
Asier Aranzubia (Bilbo, 1973) irakasle eta historialariaren kasuan, zinema-jaialdiek zenbait filmek kritikaren eta akademiaren legitimazioa lortzeko prozesuan jokatzen duten ezinbesteko eginkizuna aztertuko du. Horretarako, Victor Erice zinemagilearen 1973ko El espíritu de la colmena filmean zentratuko da Aranzubia, oinarri gisa honako hipotesia hartuta: “Filmak Donostian lortutako Urrezko Maskorrak eta Zinemaldian izandako oihartzunak funtsezko zeregina jokatu zuten Ericeren filmak maila kanonikoa lortzeko prozesu konplexuan”.
Zigor Etxebeste (Donostia, 1974) irakasle eta zinema-adituaren kasuan, Miguel de Echarri Zinemaldiko zuzendari izan zen 1967 eta 1977 arteko garaia aztertuko du, zehazki, Fritz Lang, King Vidor, Howard Hawks edo Nicholas Ray bezalako Hollywod klasikoko zinemagileek Donostiara egindako bisitak. Etxebesteren ikerketak “arreta berezia” jarriko du bisita horien testuinguruan egindako atzerabegirakoetan, zinemagileak eurak Donostian izateak izugarri indartu baitzituen. “Nolabait, zinemaren historia Gipuzkoako hiriburuko kaleetan paseoan ibiltzearen parekoa izan zen”, nabarmendu du Etxebestek.
Azkenik, Paula Arantzazu Ruiz (Bartzelona, 1979) kazetari, kritikari eta irakasleak Donostia Zinemaldiaren eskutik 1965etik aurrera egindako Zinema eta telebista hezigarri, zientifiko eta kulturalaren nazioarteko jardunaldiek izandako “garrantzi historikoa” ikertuko du. Ruizen hitzetan, “jardunaldiek zine zientifiko-medikoaren garapena eta instituzionalizazioa bultzatu zuten gure herrialdean, desarrollismoaren eta trantsizio demokratikoaren urteetan elkarte eta jaialdi espezifikoak martxan jartzea lagundu baitzuen”.
Bekaren irabazleek, ikertzeko egonaldiaren barruan, Artxiboaren instalazioetarako sarbidea izango dute bi astez. Instalazioak Tabakalera eraikinean daude, eta bertan zaintzen dira Zinemaldiaren artxibo historikoko material guztiak. Zehazki, uztailaren 7tik 18ra bitartean, hautatutakoek lan eta kontsultarako espazio bat izango dute eskura Euskadiko Filmategian; besteak beste, eraikineko funts eta artxiboetan sartzeko aukera izango dute, bai eta zinema-saioetan, mintegietan eta eskola magistraletan parte hartzekoa ere. Horrez gain, 3.500 euroko dirulaguntza eskuratuko dute, joan-etorriak eta ostatua ordainduta izango dituzte eta, gainera, egonaldiko egunei dagozkien dietak ere jasoko dituzte.
Bigarren deialdia
Lehen deialdia