"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Contemporánea fundazioaren Kulturaren Behatokiak Espainiako kulturaren 2024ko egoerari buruz egin duen azterketaren emaitzak jakinarazi ditu. Donostia Zinemaldia postu bat igo da iazkoarekin alderatuta, eta 2024ko hirugarren kultura-ekitaldi garrantzitsuena da, Prado Museoaren eta Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalaren atzetik.
Ikerketaren edukia Malagako Albéniz zineman egindako ekitaldi batean aurkeztu da. Ekitaldi horretan, Espainiako eta erkidego bakoitzeko urteko proiektu onenen arduradunei kultur-intsignia eman zaie, besteak beste, Donostiako Zinemaldiari. Horren zuzendaria, José Luis Rebordinos, ekitaldian izan da. Donostia Zinemaldiak lehen postuan jarraitzen du Euskadiko "kultura-intsignia" gisa, eta erkidego honetako profesionalen arabera "proposamenik nabarmenena" izatearen aitortza du.
Donostia Zinemaldia hirugarren postuan dago Prado Museoa eta Reina Sofia Arte Zentroaren Museo Nazionala buru dituen ranking-ean. Guggenheim Bilbao Museoa (hau ere postu bat igo dena), Thyssen–Bornemisza Museoa eta CCCB Centre de Cultura Contemporànea de Barcelona laugarren, bosgarren eta seigarren postuetan daude, hurrenez hurren.
Halaber, Euskadi "bere eskaintza kulturalaren kalitate eta berrikuntzagatik" gehien baloratzen den hirugarren erkidegoa da, Madril eta Kataluniaren atzetik. Esparru honetan, Donostia zazpigarren hiri baloratuena da, eta 300.000 biztanle baino gutxiago dituen hirien zerrendako lehena.
Sektorearen pultsua hartzeko, joerak aztertzeko, eztabaida sustatzeko eta gabeziak eta aukerak identifikatzeko tresna da Kulturaren Behatokia. 2009tik urtero egiten du kontsulta, urteko erakunde eta kultur ekitaldi nabarmenenak antzemateko. Azken galdetegi honetan 461 pertsonak hartu dute parte. Horietatik % 43,7 kultura-erakunde publiko batean ari dira lanean, % 34,7 kultura-erakunde pribatu batean, eta % 21,6 sektoreko profesional independenteak dira.