"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo gauean Victoria Eugenia antzokia bete zen EITB Gala bizitzeko. Aurten, EITB Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial bihurtu da eta horregatik hainbeste jarduera eta ekitaldi egin dira euskal zinema babestu eta sustatzeko. 24an Euskal Zinemaren Gala Handia antolatu zen eta atzo, EITB Gala ospatu zen. Oraingo honetan, ikusleek beste inor baino lehen ikusi zuten Itsatsita berriz fikzio musikala.
Itsatsita berriz, Itsatsita sailaren bigarren denboraldia da. Lehen denboraldian Miren Arrieta eta Gari Uriarte izan ziren protagonistak. Denboraldi honetan, 40 urte inguruko bikote bat lotuta geratuko da auto batean txortan egiten duten bitartean. Larrialdi-zerbitzuko osasun-profesionalek ezin dute sinetsi: Penis captivus kasu bat, berriz ere! Bikotea itsatsita dagoen bitartean, zalantza existentzialak kontatzen dizkiete elkarri, baita haien beldurrak eta ametsak ere. Protagonistek, ordea, banandutako bikotekideekin izandako alabak dituzte eta denboraldi honetako galdera da: Nola erreakzionatuko dute?
Pausokak EITB Mediarentzat ekoitzitako fikzio musikal honetan, Leire Martínez La Oreja de Van Gogh taldeko abeslaria aktore lanetan ikusiko dugu lehen aldiz; eta Jon Plazaola, berriz, estreinakoz arituko da musikal batean. Biak dira protagonistak eta biek oso pozik agertu ziren esperientzia honekin. “Filmaketak sei egun iraun arren, esperientzia bizia eta zoragarria izan da. Bukaeran erdi negarrez esan genuen agur”, zioen Leire Martínezek. Plazaolak, berriz, kontatu zuen proiektua zergatik izan zen erronka bat: “Niretzako abestea red flag bat da”, txantxetan egon zen. Ekitaldian ekoizleak eta zuzendariak egon ziren, baita ere.
Itsatsita berriz, urriaren 25ean Primeran plataformara iritsiko da, baina dagoeneko ikusgai dago Instagramen (@itsatsita_eitb), atal berri bat egunero. Eta atzo aurreratu zutenez, guztiz ausarta eta hunkigarria da Itsatsita berriz. Atzoko galan esan zuten bezala: ikusleak emozionatuko dira, barre negar eginez eta, baliteke, negar eginez.
Iratxe Martínez